Gure esker ona zabalduz

Junkal Mintegia. Alberto Delgado Fernandez de Ganboa
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Pasaia-Lezo Lizeoko Artezkaritza Kontseiluaren izenean, esker ona azaldu nahi dizuegu igandean Kilometroak jaia antolatzen lagundu diguzuen guztioi. Ehunka lagunen auzolana izanik, zaila zaigu inor ahaztu gabe beste inoren lana goraipatzea, baina, hala ere, horretan saiatu nahi dugu.

Eskertu nahi dugu garbiketa lanetan aritu zinetenon lana; komunetan-eta zegoen txukuntasunagatik jendeak guri helarazi dizkigun zorionak zuentzat dira. Eta, era berean, arropa salmentan ibili zinetenok egin zenuten ekarpena, mundialak zaretelako zuen eginahalean.

Muntatze lanetan ibili zinetenok ere aipamena merezi duzue, igandea baino lehen -baita haren ondoren ere- egin beharreko lana handia izan zelako. Eta txosnetan eta bi jangeletako otorduen bueltan lanean ibili zineten lankide prestuok ere bai.

Aipamen berezia egin nahi dizuegu gau zaintzan izan zineten guztioi, ez dira-eta lanerako ordurik egokienak. Baita motorretan koordinazio lanetan ibili zinetenoi ere, badakigulako nolako lana izan zenuten igandean.

Gogoan zaituztegu, era berean, guneetan ikuskizunen ardura izan zenutenok eta segurtasun lanetan aritu zinetenok, badakigulako hainbat momentutan nahiko gaizki pasatu zenutela zuen eginbeharra behar bezala betetzen.

Zirkuituko eta zirkulazioko lanetan ibili zinetenoi ere eskerrak eman nahi dizkizuegu, badugu-eta zuen lanen berri. Eta, nola ez, ekonomia arloan aritu zineten guztioi -tonbolan, tiketeretan, zirkuitu sarreretan eta kontrol ekonomikoko lanetan aritu zineten guztioi-.

Hainbeste ikusten ez diren lanetan aritu zinetenok ere aipamena merezi duzue: badakigu zein buruhauste izan zenuten baliabideen koordinazioan ibili zinetenok, jakin badakigun bezala nolako lanetan ibili zineten komunikazio eta protokolo lanetan aritu zinetenok ere.

Era berean, osasun arloan aritu zinetenoi ere eskerrik beroena, bai gure komunitatekoak zaretenoi, eta bai kanpotik laguntzera etorri zinetenoi ere, izan DYAkoak, Gurutze Gorrikoak, medikuak edota erizainak.

Izan duen jarreragatik, Lezoko herriari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, badakigu-eta Gipuzkoako ikastola guztien jaia bertan ospatzeak hainbat eragozpen ekartzen duela berarekin batera. Eta, jakina, Lezoko udaltzainoi aipamen beroena egin nahi dizuegu, izan duzuen lan gainkarga handia izan da eta. Ez dugu ahaztu nahi, era berean, Lezoko udal langileok eskaini diguzuen laguntza, ezta Pasaiako eta Oiartzungo hainbat udal langilek eskaini diguzuena ere.

Eta, azkenik, ibilbideak zeharkatu dituen baserri inguruetako baserritarroi ere esker on beroena zabaldu nahi dizuegu kariño handienarekin, badakigu-eta Kilometroetako jaiak molestia bat baino gehiago eta kalteren bat ere ekarri dizuela.

Bihotz bihotzez, eskerrik asko Euskal Herriko eskola eredu propioaren alde Lezon egin dugun jaian eman diguzuen laguntzarengatik!

Junkal Mintegia. Pasaia-Lezo Lizeoko Artezkaritza Kontseiluaren izenean.

Sustraiak Fundazioa

Euskarabilan, beste askok bezala, Sustraiak Fundazioaren berri komunikabideetatik jaso genuen. Informazio horren arabera, fundazioaren helburu nagusietako bat Basaurin euskara bultzatzea eta normalizazioa lortzea omen da.

Jakina denez, Euskarabila Elkartean ere urteak daramatzagu horren aldeko lanetan, eta une honetan euskararen normalizazioaren esparruan hainbat elkarte elkarren ondoan baina elkarren berri izan gabe egoteak kezka eta ardura sorrarazi digu.

Orain arte, elkarlana izan da gure jardunaren ardatzetako bat, udalarekikoa zein euskalgintzarekikoa, eta horretan saiatu gara ahal izan dugun guztietan; gainera, argi izan dugu euskararen aldeko ekinbidean erakunde eta elkarte bakoitzak zein funtzio eta zeregin betetzen duen.

Horrexegatik, hain zuzen, fundazioak zein eginkizun eta esparrutan aritzeko asmoa duen argitu nahian gabiltza, gure inguruan euskarak duen egoera ikusita Basaurin ematen den lehia irudiak hizkuntzaren normalizazioaren kontrako ondorioak eragiten dituela uste baitugu.

Horrez gain, Basauriko Udalak Sustraiak Fundazioan duen ardura ikusita, orain arteko udalaren euskararen inguruko beste elkarteekiko harremana zertan aldatzen den ere argitu nahi genuke. Are gehiago, udalak 2010erako aurreikusita dauzkan 490.000 euroetatik 373.000 euro Sustraiak Fundaziora bideratuko dituela irakurri ondoren, alkatearen aho-tan.

Hori guztia dela eta, otsailean egindako batzar orokorrean ezinbesteko ikusi genuen bai Udalarekin, bai Sustraiak Fundazioarekin elkartu eta bilera bana egitea aipatutako zalantza eta kezkak argitzeko. Halaxe egin genien eskaria martxoan batari zein besteari, eta gaur da eguna erantzunik ere jaso ez duguna, nahiz eta eskaria maiatzean errepikatu.

Otsailean informazio faltagatik kezkatuta bageunden, nola egon behar ote dugu orain? Zer adierazten du erantzun ere ez egiteak? Axolagabekeria? Errespetu falta? Herriari zertan dabiltzan ezkutatu nahia? Non dago euskara bultzatu eta normalizazioa lortu nahi hori?

Erantzuna edozein izanik ere, guk gure aldetik, elkarrizketa eta elkarlana ezinbesteko ikusten jarraitzen dugu eta horretan saiatuko gara etengabe. Basauriko euskararen egoeraren onerako txarto ulertuak lehenbailehen argitzea espero dugu.

Alberto Delgado Fernandez de Ganboa. Euskarabila Basauriko Euskaldunon Elkarteko lehendakaria (Basauri).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.