Guztiok arduraz jokatzeko ordua

2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunarentzat ez ezik, euskal gizarte osoarentzat ere ETAk hilaren 10ean su-eten iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria iragarri izana albiste pozgarria bezain garrantzitsua izan da, neurri hori ezinbestekoa baitzen Euskal Herrian indarkeriaren zikloa behin betiko amaitutzat emateko eta bakean eta eskubide guztien errespetuan oinarrituko den etapa politiko berria hasteko. Albistearen garrantzia su-etenaren adierazpen hutsa baino haratago doa gainera, ETAk «konpromiso irmoa» adierazi baitu «behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko».

ETAk Bruselako Adierazpenak eta Gernikako Akordioak eginiko eskakizunak aintzat hartu, bertan eskatutakoa onartu eta horren araberako erantzuna eman du. Azken egunotan batzuek kontrakoa esan duten arren, alde bakarreko erantzuna eta erabakia izan da. Aurrekoetan ez bezala, su-etena ezeren truke iritsi da, ez da espainiar Gobernuarekiko negoziazio baten emaitza izan eta ez dago ezerk baldintzaturik, argi eta garbi baitio euskal gatazka politikoa gainditzeko lortu beharreko akordioak eragile politikoei eta sozialei bakarrik dagozkiela. Lehen ez zen hori gertatzen, eta hor sekulako aldaketa dagoela, norabide egokian, edonork ikus dezake. Aurrekoetan erabilitako eskema gainditurik dago eta egun inork ez du zalantzan jartzen negoziazio politikoa alderdioi soilik dagokigula. ETAk jada ez du helburu politikoen inguruko negoziazioan parte hartzea eskatzen, eta, dena dela, espainiar Gobernuak ez luke horrelakorik onartuko.

Bakea eta normalizazio politikoa behingoz lortzeko aukera dugu aurrean. Ezin dugu alferrik galdu. Eragile politiko, sozial eta sindikal guztion ardura da hori halaxe izan dadin lan egitea, eta euskal gizarteak berak ere prozesu horretan murgildu behar du, bera izango baita horren behin betikotasunaren eta atzeraezintasunaren bermerik onena.

Batzuek, ikuspegi politiko batetik egungo gatazka egoeran eroso daudenek, frustrazioa eta etsipena igorri nahi izan diote euskal gizarteari. Su-etena ez dela nahikoa diote, ETAk ez dituela «behin betikoa» eta «atzeraezina» hitzak erabili, ETA ez dela desagertu, azken batean. Ardura politikoak ditugunok ez genioke jendeari gezurrik esan beharko, ez genituzke itxaropen faltsuak piztu beharko, horiek ez zirela beteko aldez aurretik genekielako eta hain arduragabe jokatzeak etsipena baino ez dakarrelako.

Azken egunotan errelikario horrekin dabiltzanek ederki zekiten hori ez zela gertatuko, ETAk ez zuela bere desagerpena iragarriko. Horrelakorik ez da inon gertatu, ez Ipar Irlandan, ez Hegoafrikan; hemen norbaitek «errendizio argazkirik» egotea espero zuen? ETAren desagerpena, gainera, ez da ezinbestekoa euskal gatazkan nola edo hala murgildurik gauden guztiok bakearen bidean jada behin betiko sartu ahal izateko. Bete ezinak direla jakinda ere, ETAri eta ezker abertzaleari ezinezko baldintzak jartzea, PSOE eta PP egiten ari diren bezala, modurik onena da martxan dagoen prozesua bertan behera botatzeko eta, ondorioz, bakea eta normalizazio politikoa ez lortzeko.

Egoera honetan denok dugu zer egin. Eusko Alkartasuna arduraz jokatzen ari da, interes partikularrak albo batera utzita, eta euskal gizartearen sektore handi baten deiari jarraituz, elkarlanerako eremuak zabaltzen ari da ezkerreko beste hainbat indar independentista eta subiranistarekin batera.

Bidea egiten ari gara, urratsak ematen, prozesuaren arrakasta bermatze aldera. Abiapuntu eta oinarri hori dituzte, azken finean, Euskalduna Jauregian aurkeztu genuen Lortu Arte agiriak, Gernikako Akordioak eta ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin pasa den asteburuan bertan Gasteizen sinatutako hitzarmenak. Euskal Herri berria molde berriekin eraiki nahi dugulako. Euskal Herria ezkerretik eraiki nahi dugulako. Gure nortasunari eta gure printzipioei eutsiz, euskal gizarte osoaren interes orokorra lehenetsiz. Horixe bera egin behar du orain espainiar Gobernuak, interes orokorra lehenestea eta etekin partikularrak bigarren edo hirugarren plano batean uztea. Hau ez da hauteskundeetan pentsatzeko une aproposa, jokoan dagoena askoz haratago doalako. Bakea eta normalizazio politikoa lortzea ezin daitezke hauteskunde batzuen menpe egon, eta Zapaterok argi izan beharko luke hori, PPren eta horren inguruko komunikabideen presioa sekulakoa izango den arren.

ETAk egin bezala, espainiar Gobernuak ere Bruselako Adierazpenari eta Gernikako Akordioari erantzun behar die. Arduragabekeria larria litzateke inmobilismoan jarraitzea, hatzamar bat ere ez mugitzea eta su-etena egiaztatzeko nazioarteko bitartekarien eskaintzari mespretxuz erantzutea.

Hori da Eusko Alkartasunak Zapateroren Gobernuari exijitzen diona, Bruselatik zein Gernikatik egindako deiei erantzun diezaiela eta prozesua behin betikotzeko neurriak har ditzala. Lehenik eta behin, politika errepresiboarekin amaitu eta atxiloketa gehiagorik ez burutzea eskatzen diogu; baina, horrez gain,baditu bi eginkizun argi, ezinbestean betetzekoak. Batetik, espetxe politika aldatzea, mendekuan oinarritutako politika izatetik euskal presoen eskubide guztiak errespetatuko dituen politika izatera pasa dadin; bestetik, ezker abertzalearen legeztapena, egoera honetan ezinbestekoa baita proiektu politiko guztien garapena eta gauzapena ahalbidetzea. Ezker abertzaleak datozen hauteskundeetan berdintasun baldintzetan parte hartzeko eskubide osoa izan behar du. Bide baketsuen, politikoen eta demokratikoen aldeko ezker abertzalearen apustu irmoak, behin betikoak eta atzeraezinak aitzakiarik gabe utzi du espainiar Gobernua hura legeztatzeari uko egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.