Hezkuntza Sailburua kezkatuta azaldu da prentsan, PISAren emaitzen arabera, bertako ikasleen eta ikasle etorkinen arteko aldea handitzen ari delako. Azken bost urteetan ikasle etorkinei Hizkuntza Indartzeko Programako Irakasle aritu naiz (HIPI), eta nik bizi izandakoa aipatu nahi dut hemen. Hala ere, aldez aurretik, PISA bezalako probetan ez dudala batere sinesten argi utzi nahi dut, egun batean urte askotako lana ebaluatzen baita eta interes ezkutuen arabera epaitzen baita.
Etorrera. Urte asko pasatu da etorkinen belaunaldi berria gurera etortzen hasi zenetik. Oro har, munduko edozein lekutatik Euskal Herrira etortzen den pertsonak ez du hemengo informazio nahikorik, eta hizkuntza eta hezkuntzari dagokienez, are gutxiago. Gurera etortzen den lagunak bat-batean beste hizkuntza batekin topo egiten du. Beraz, ez daki hemen, ofiziala izan arren, egoera diglosikoan bizi den beste hizkuntza ofizial bat dugunik eta hizkuntza hori eskolan erabiltzen denik. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak kanpoko kontsul edota enbaxadoreekin biltzen direnean, honetaz hitz egiten al dute?
Bestalde, ikasle berri horiek oraindik haurrak dira, ezagutzen ez duten «mundu» berri batera etorri dira, eta horietako batzuei aldaketa honek arazoak sortzen dizkie; gainera, eskolatze ezberdina izan dute edota, kasu batzuetan, ez dute izan. Azkenik, familiaren egoera sozioekonomikoa oso berezia da, eta maiz aldatzen dira lekuz.
Irakasleak eta formazioa. Duela sei bat urte HIProgramaren berri izan nuenean, Hezkuntza Sailak gai honen inguruan irakasleak prestatzeko jardunaldiak eta Berritzeguneko mintegiak antolatzen zituela jakin nuen, eta hara joatea egokitu zitzaidan. Bertan, formazioa eta alde teorikoa jorratzen genituen, Lurralde elebidunen ereduak erakutsiz, esaterako, Quebec, Katalunia, eta abar; lehen aipatu dudan egoera diglosikoa jasaten ez duten lurraldeak, hain zuzen. Hala ere, eskoletara bidalitako irakasleek, kasu askotan, lanaldi laurdena, herena, erdia… soilik bete behar zuten ikasle berriekin, eta batzuetan bi eskoletan; ikasle berrien kopuruaren arabera jokatu du beti Hezkuntza Sailak, eskolaren eta ikasle horien beharra kontuan hartu gabe, ahal den guztietan murrizketak aplikatuz (irakasle baten orduetatik bost seiren era esleitu dute, irakasle osoa ez ematearren).
Itzultzailea. Hasieran, gaztelaniaz ez zekiten familiarekin komunikatzeko itzultzaile bat jarri izan du Hezkuntza Sailak hilabete gutxitan, eskola bakoitzari astean ordu batzuk esleituz; hortik aurrera, ezertxo ere ez.
Materiala. Ikasleekin zuzenean lantzeko irakasle batzuek prestatutako hainbat material didaktiko ematen ziguten. Oso material didaktiko barreiatua zen eta, gehienbat, fotokopiak egiteko moduko materiala zen; hau da, beste ikasleek erabiltzen dituzten lan koadernoak, liburuak eta abarrekin zer ikusirik ez zutenak. Halaber, material asko web orrietan bilatu behar genuen eta gero gurera egokitu, lagungarria bazen ere, eromena zen. Beraz, bi alternatiba geratzen zitzaizkigun irakasleoi: bata, ikasle etorkinari dagokiona baina maila baxuagoko materiala erabiltzea; edota guk geuk sortzea. Katalunian, esaterako, web orrietan materiala ondo sailkatua eta antolatua zeukaten, baita hizkuntza askoren eta katalanaren arteko hiztegiak ere.
Kontua da, hasieran kopuru txikia bazen ere, etorkinen berri bagenuela; noiztik ezagutzen ditugu txinatarrak, errumaniarrak, magrebiarrak… gurean? Eta hala ere, eskoletan oraindik ez dugu inolako euskara-txinera, errumaniera, arabiera… hiztegirik; edo behar bezalako materialik ikasle horiekin erabiltzeko (beste ikasleek erabiltzen duten modukoak behintzat). Hezkuntza Sailak arlo honi ez dio behar zuen garrantzirik eman, oso kopuru txikiak zirelako, eta ez du diru askorik inbertitu.
Alderdi akademikoa. Ikasle berri horiek behin eskolan sartuta, hasierako ebaluazio bat egiten zaie, hemen ere eskola bakoitzak berea prestatuta eta gaztelaniaz, beste hizkuntzetan eta euskaraz batera dauden probarik ez baitago. Ondoren, dagokien mailan kokatzen dira ikasle berriak. Pertsona hauekin euskara hutsetik lantzen hasi behar dugu, baina etengabeko laguntza emanez, egunero saio batean. HIPirakasleak adin ezberdineko ikasleez osatutako taldeekin lan egin behar du, eta hasiera berdintsua bada ere, denboraz, adinaz gain, ikasle berrien arteko aldea zabalduz doa, batzuek beste batzuek baino azkarrago ikasten baitute; eta hala ere, talde berean egonik, gero eta zailagoa da denen beharrei erantzutea.
Hiru hilean behin, ebaluazioa egiten da, eta hemen azaltzen da arazo potoloa: ikasle horiekin landutako euskara (eta askotan beste arloak ere) maila baxuagokoa da, baina ebaluatzeko orduan dagokion mailaren arabera ebaluatu behar ditugu; ondorioz, ikasle horiek ezin dute arloa inoiz gainditu, nahiz eta hizkuntzan aurrerapen handiak egin. Argiago esanez, LHko 4. mailan dagoen ikasle berri bati 1. edo 2. mailako euskara eman diogu, baina 4. mailari dagozkion edukien arabera ebaluatu behar dugu, Hezkuntza Sailak ez baitu ikasle honentzat inolako egokitzapenik onartzen. Hau Euskara arloan soilik ez, euskaraz lantzen diren Matematika eta Ingurunean ere gertatzen da.
Honetaz gain, ikasle berri horien euskalduntze prozesuak bi urte irauten du derrigorrean, hortik aurrera ez baita ikasle berritzat hartzen. Bitxia da kontu hau, maila teorikoan eta beste lurraldeetako esperientzien arabera, ikasle berri batek hizkuntza berri bat gutxienean menperatzeko lauzpabost urte behar duela erakutsi digute, baina Hezkuntza Sailak bi urteko muga ezartzen du.
Aurrera begira. Hezkuntza Sailak arlo honetan inbertsioak egin ditu, baina argi dago ez dela nahikoa. Ikasle berriek hemengoek lortzen duten maila bera lortzea nahi badugu, ezin da irakasleekin eta ikasleekin hain zikoitz jokatu, urtero egoerak aldatuz. Irakasle, material eta orduetan gehiago inbertitu behar da. Eta sailburuari zera esango diot: hala eta guztiz ere, ikasle etorkinek ikasi egiten dute.
Hala eta guztiz ere, ikasi egiten dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu