Hauteskundeak EHUn

Jon Barrutia Guenaga
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Bi egun barru, EHUk zuzendaritza berria aukeratuko du datozen lau urteetarako. Egun osasun arloan, gizartean eta ekonomian bizi dugun krisiak areagotu egin ditu, zalantzarik gabe, unibertsitate publikoak dituen erronkak.

Azken hilabeteotan, EHUk azkar eta eraginkortasunez erantzun dio larrialdi egoerari. Prestakuntza jarduerak, gelditu beharrean, berrantolatu egin ziren bitarteko birtualen bidez irakaskuntza bermatu ahal izateko, eta ahalegin kolektibo itzelari esker, jarduera arrunta aurrez aurreko eredu egokitu bihurtu zen. Hala, milaka ikaslek ikasketak amaitu ahal izan zituzten, eta hori bezain garrantzitsua dena, beren unibertsitate prestakuntza eta beren trebakuntzaren hobekuntza bide izan ziren eguneroko zereginari zentzua emateko konfinamendu zorrotz batean zeuden bitartean.

Krisi garaian ere, EHUk agerian utzi du gizarteari zerbitzu emateko bokazioa duela. Eta bokazio horrek adierazle ditu, besteak beste, ezagutza zabaltzeko, ikertzeko eta transferitzeko eguneroko ahalegina, pandemia garaian ere bai, edo prestakuntza eskaintza eguneratzea, betiere ezinbesteko helburu izanik ekitatea eta aukera berdintasuna bermatzea.

EHU mundura irekitako unibertsitatea ere bada. Horren lekuko dira ikasleen truke programen arrakasta, ospe handiko ikertzaileak etortzea unibertsitatera eta lehen mailako nazioarteko proiektuak lortzea. Nazioarteko rankingek gure unibertsitatearen lana erreferentziazko zentro gisa nabarmentzen dute, baina tokiko ikuspegitik ere diziplina anitzeko ezagutza eskaintzen dio euskal gizarte osoari, eta prestakuntza eskaintza zabala, egungoa eta eleaniztuna, gure herrialdeak behar dituen profesionalak prestatzera bideratua. Munduari irekitako leiho hori ez da, baina, eragozle, ezpada suspergarri unibertsitate hau euskararen unibertsitatea ere izateko.

Baina gaur egungo egoerak eta lortutako lorpenek ez dituzte lausotu behar gure unibertsitateak datozen urteotan izango dituen beste erronka batzuk. Beste gai askoren artean, eraldaketa sozialek eta teknologikoek graduko eta graduondoko eskaintza berritzea eskatuko dute, eta gizarteak eskatzen dituen lanbide eta ezagutza berrietara egokitzea, gure ikasleentzako prestakuntza hobea eskainiz, erakundeek horretarako bitarteko eta baliabide publiko onenak lortzeko etengabeko borrokan.

Uste dugu, halaber, gero eta hobea izateaz arduratzen den unibertsitate batek bere langileentzako karrera profesional onena bermatzea ere baduela bere arduren artean, eta lanpostu guztiak hobeto sendotzea defendatzen duela, belaunaldien aldatze prozesua bizkor doan testuinguru honetan. Gure pertsonak zaintzea da, halaber, oztopo teknikoak eta administratiboak ezabatzea, horiek guztiek EHUk gure gizarteari eskaini diezaiokeen zerbitzua beharrik gabe oztopatzen baitute sarri askotan.

Azken batean, beti bikaintasuna lortu nahi duen unibertsitate publiko batek etengabeko hobekuntza izan behar du beti helburu, baina, horrez gain, Euskadiko ikerketa eremuan eta euskal unibertsitate sisteman duen funtsezko zeregina eta protagonismoa aldarrikatu behar ditu.

Testuinguru horretan, unibertsitateak, bere autonomiarekin bat etorrita eta maila anitzeko gobernantza eredu parte-hartzailearen arabera, zuzendaritza bat aukeratu beharko du, eta hitz horrek ez du hautagaitza bat edo pertsona talde bat bakarrik adierazten, baizik eta gure unibertsitate publikoaren nortasun ezaugarriak biltzen saiatuko den sentimendua eta etorkizuneko ikuspegi partekatua ere bai. Erronka larri eta berehalakoez gain, hauteskunde hauek gogorarazten digute gure unibertsitateak gizarteari eskaintzen dizkion fruituak Eman ta zabal zazu leloak iradokitzen digun bezala ahalegin kolektibo eta partekatu handi baten emaitza izan direla, hamarkadetan metatuak.

Horregatik, ziurgabetasun uneetan ere, eta agian horietan bereziki, garrantzitsua da azpimarratzea unibertsitate publikoak gizarteari egiten dion ekarpena eta bere etorkizuneko erronkak. Erronka horiei aurre egin behar diegu, beti egin dugun bezala, elkarrizketaren bidez, ideien arteko norgehiagokaren bidez, adostasunaren aldeko borrokaren bidez, eta gure unibertsitate autonomiak ahalbidetzen digun erantzukizuna erabiliz. Horregatik, hurrengo hauteskunde deialdiaren aurrean, etorkizuna eraikitzen jarraitzeko modurik onena parte hartzea eta botoa ematea dira, normaltasun instituzionalarekin eta etorkizunerako ikuspegiarekin. EHUren mesedetan, gure unibertsitatearen mesedetan.

ARTIKULU HAU SINATZEN DUTE: EHU Euskal Herriko Unibertsitateko 27 dekano, zuzendari eta koordinatzailek: Jon Barrutia Guenaga, Enrique Amezua San Martin, Juan José Arrizabalaga Echeberria, Iñaki Bazán Díaz, Jose Maria Beraza Garmendia, Igor Camino Ortiz de Barrón, Gabriela Chotro Lerda, Norberto de la Mata Barranco, Angel Elías Ortega, Juana Goizueta Vertiz, Zuriñe Gómez de Baluguera López de Alda, Pedro Gómez Rodríguez, Manoli Igartua Olaechea, Amaya Inza, Marian Iriarte Ormazabal, Arantza Lauzirika Morea, Inazio Marko Juanikorena, Alexander Mendiburu Alberro, J. Xabier Ostolaza Zamora, Miguel Angel Peña Cerezo, Simón Peña Fernandez, María Puy Fernandez Oses, Joseba Pineda Ortiz, Fernado Plazaola Muguruza, Asier Romero Andonegi, Jesus Rubio Pilarte, Javier Ruiz de Arcaute Graciano.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.