Duela bi mila urte, erlijio katolikoen Itun Zaharrak dioenez, Erromako Enperadore Zesar Augusto zelarik, garai berean, Judeako gizarteak Herodes zuen Errege. Batak hala besteak indar guztiak abian jarri omen zituzten, ziotenez, orduan jaioberria zen Kristoren beldur.
Itun Zaharrak dio: Herodesek entzun zuenean hiru Errege zetozela Juduen Errege jaioberriari agur egitera, ohartu zen berak zeukan koroa buruz aldatzeko zorian zegoela. Horregatik, menpe aurkitzen ziren guztiak lanean jarri zituen, bila zezatela; nongoak ziren, nondik zetozen, baita nola deritzan jakiteko ere. Hori aski ez, eta beldurraren beldur, baita inguruko haur guztiek hil zitezela agindu ere.
Egia da, garai haietan bezala gaur ere, zerria beti zerri. Duela bi mila urte haiek egindakoa dugu gaur aurrez aurre. Baina gakoa ez dago Moncloan bakarrik; etxe barrura begiratuz, badago nahikoa lan, une lotsagarri honi amaiera emateko.
Sistema demokratikoa omen, baina, sistema beste zerbait sinetsarazten saiatzen bada ere, begirada luzeak ematen duen laburbilketa, denboran ateratako ondorioa, zera da, alegia, euskaldunok mugatuta jarraitzen dugula «benetako erlijio bakarra», oraindik gizarte kontrolerako teknika gisa, eta pentsamenduaren polizia politikoaren artean.
Gurea bezalako gizartean, ustez ongi egituratua dena, ikuspegi nazionaletik zein erlijiosotik, belaunaldien arteko lotura beti izan da, garrantzitsua eta kontrolatua izanaz batera, emotiboa.
Horregatik, gazteak ez dira bakarrik arbasoen ondare eta baliabideen oinordeko; haien ideiak ere jasotzen dituzte. Herentzia emotibo-ideologiko horrek baditu bere arriskuak. Iritzi soil gisa ernetzen dena — erantzunik gabeko egia— ia dogma hutsa bihur baitaiteke denborarekin.
Gure egoera ez da, beraz, asko aldatu sasoi bateko Francoren Azor ospetsuak «bere» boian lotuta, Donostiako badia osoa hustu egiten zuen garaietatik.
Nire ustez, behintzat, asko dira oraindik dikotomia gaizto eta kaltegarri batez, delitu-bekatua, mugatuta bizi diren euskaldunak.
Ez dira, halere, euskaldunak bakarrik bizi euren heredentzien gatibu. Hortaz, nahikoa da espainolen presidentearen esanak eta ibiliak behatu edo irakurtzea, diodana ulertzeko. Egia da bere konbikzioen ahuleziek pertsona kontraesankorra bihurtzen dutela, fidagarritasun eta heldutasun eskasekoa, baina bere erabakiak Espainiako Gobernuko presidentearenak dira. Hainbesteraino da horrela, bere bi legegintzaldi amaierako atarian, gaur inor gutxik uste du bere inguruan ongi sustraituta dagoen inposizio erreakzionariotik urrunduko diren irizpideak abian ezartzeko gaitasun aski duenik.
Erreakzioaren indarrez blai eta era berean mugatuta baitago inguru hori. Hau da; lurraren «jaunak», Eliza intolerantea eta atzerakoia, banketxe eta multinazionaletan gizendutako burgesia, denak ere PPren txertatutako lunpen ultraeskuidarraren babesean. Horiek direlarik, berez, Espainian izan diren diktadura zibil eta militarren heredentzia mantendu eta bultzatzen duen motorra.
Erreakzioaren argazki bizia dira, egungo Estatu espainolaren marrazkia, azpikeria dinastiko eta gerra lapurreten ondorio zuzena. Betiere urrun, oso urrun, herriek euren etorkizunaren jabe izateko duten eskubide eta borondatetik.
Kasta erreakzionario hori—bera baita Franco hil zenetik estatua kudeatzen duena—bereziki trebea azaldu da goi funtzionaritzan elite bat garatzeko, gezi punta gisa jokatzen duena eta sistemarentzat berebizikoa bihurtu dena.
Gezi punta hori osatzen dutenek gehiegikeria nabarmenak —ez bakarrik hitzezkoak— burutzen dituzte, lotsaz edozein gorritu beharko luketenak, baita eurek bezalako kidego korporatibista ere. Zein urrun diren beren funtzioari legokion ariketa lasai eta orekatutik, botereen arteko ekidistantzia mantenduaz.
Fundamentalismo ultraeskuindar eta erreakzionario espainiarraren zorabioen exekutore bihurtu dira. Euren lanbidearen izaera zizelkatu dute eta formalismo demokratikoaren aktore dira, jakinik euren bulegoetan babesa ematen zaiola instituzio europarretan eta estatukoetanlortutako plusbaliari, mehatxua eta diru beltzaren uzta, hori bai, «presio diplomatikoaren» ezkutalekuan mozorrotuta.
Eurak dira gehiegikeria irrazionalekin «larritasun soziala» eragiten dutenak, zenbait hedabidetatik landutako presioari bide emanez. Horra hor De Juana, Sortu, Bildu edo Troitiñoren aferak. Kontua da: konzeptu hau — «larritasun soziala»—, bere erabilpen interesatu eta iruzurtian ateratzen duten etekinaren garrantziagatik, aztertu eta kolokan jarri beharko litzateke, baita ere jardun juridiko-politikotik ezabatu. Orain eta gaur ez bezala.
Agian gogorarazi beharko litzateke gaur egun «larritasun soziala» deitzen duten hori, bere garaian, nazien Alemanian, «kezka publikoa» deitu zutela, eta nahikoa zen— gaur hemen bezala — askatasuna murrizteko.
Horiek guztiek, batzuek zein besteek, ugazaba eta morroi, burugabekeria eta arrazoieza besarkatuz jarraitzen duten bitartean, kiratsez beteriko herentzia beltzaren hartzekodun bakarrak, Espainia zaharraren gehiegikeriaren jalkina izango dira. Zalantzarik gabe, Europaren kiratsa eta pentsamendu demokratikoaren lotsa.
Espainiar sistemaren sustatzaile zaretenak Herodes duzue eredu garbia. Hura bezala dardarka, gauza bera egiten ari zarete Euskal Herriko hegoaldean, eta helburu berberak dituzue.
Bi mila urte, aise esaten da, eta espainiar demokrazia gero eta sendoago. Ez da harritzekoa, Herodes, Franco eta El Cid guraso maitagarriak izanik.
Herodes Moncloan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu