Herri Txikien Akademiak ateak ireki ditu

2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Arabako biztanleen %80 Gasteiz eskualdean biltzen da; Bilbo Handian, Bizkaiko biztanleen hiru laurden; Gipuzkoan erroldatutakoen ia erdiak, Donostialdean; nafarren herenak, Iruñean daude erroldatuta, eta azkenik, Hendaia-Baiona itsasertzeko konurbazioak Ipar Euskal Herriko biztanleen %60 xurgatzen ditu. Oso datu esanguratsuak dira, gure hiriguneak —herrien eta landa-eremuen kalterako— azken hamarkadetan izaten ari diren hazkundeari buruzkoak.

Ikusten denez, arazo orokorra da, Euskal Herri osoari eragiten baitio. Baina ez da biztanleria-dentsitate txikiko eremuetan bizi direnen arazoa soilik —zerbitzu publiko murriztuak, lan-aukera gutxiago, eta hezkuntzan eta kulturan sartzeko mugak—, gure gizarte osoarena baizik. Izan ere, aipatu ditugun gune handietako edozeinetan bizi bagara, edo haran- edo mendi-entitate txikietan bizi bagara, elkarrekin lotuta gaude den-denok, fluxu ekonomikoen, kultura-oinarrien eta ingurumen-erronken bitartez. Espazio sozioekonomiko eta kultural bereko kideak garenez, askotan uste baino interdependenteagoak gara. Hori dela eta, ez genuke bi mundu desberdinez edo bi errealitate bereiziz hitz egin behar.

Egoera hori aldatzea ez da erraza, indarrean dagoen eredua kontuan hartuta. Eredu horretan, baliabideak esparru espezifikoetan pilatzen dira; horrek produktibitatea sortu, biztanleria xurgatu, eta herri txikiak eta eskualdeak garatzeko behar den masa kritikoa ahultzen du. Hortaz, lurraldea antolatzeko beste eredu batera jo behar da, jarduera ekonomikoak hedatu, erakargarritasuna sortu, eta eremu eta eskualde bakoitzaren ahalmenak eta berezitasunak aprobetxatze aldera.

Duela bost urte, Eusko Ikaskuntza Lurralde Oreka izeneko programa lantzen hasi zen. Haren bidez, aipatutako geografia horiei buruzko pertzepzio sozial berria sortu nahi da, bidezkoagoa eta aberasgarriagoa. Izan ere, oso hedadura handia, balio naturalak eta ekologikoak, potentzial ekonomikoa eta kultura-altxorrak badituzte ere, iruditeria kolektiboarentzat garrantzitsuak badira ere, ez daude behar bezain zainduta. Tresna berrien bidez politika publikoetan lagundu, gizarte-eragileak aktibatu eta koordinatu, eta baterako lana sustatu nahi dugu, eta horrek guztiak gizartean eragina izatea lortu.

Gure ustez, landa-eremuak berebiziko garrantzia du gaur egungo ekoizpen-, kontsumo- eta garraio-sistemak eraldatzeko, ekosistemak eta biodibertsitatea kontserbatzeko, eta elikadura-kate jasangarriagoak eta hurbilagoak sustatzeko. Dena den, horrez gain, funtsezkoa da herrietako bizitza ulertzeko modu berriak ezagutu eta bultzatzea; hau da, bizi-kalitateari, naturarekiko harremanari, espiritu komunitarioari, ondare bizia eta dinamikoa lantzeari eta beste balio batzuei lotutako mundu-ikuskera horiek ezagutzera ematea.

Epe luzeko lana da, ezinbestean, eta, hilabete honetan, aurrerapausoa egin dugu: Herri Txikien Akademiaren aurkezpena. Hausnarketarako eta ezagutza transferitzeko eremu berria da Akademia, baita interes komunak dituzten udalerrien eta pertsonen arteko sinergiak sortzeko ere. Hiru helburu nagusi ditu: landa-inguruneaz eta komunitate txikien etorkizunaz kezkatuta dauden eragileek parte hartzea; probetxuzko elkarrizketa-gune bat sortzea, landa-ingurunea eta herri txikiak garatzeko proiektuak eta esperientziak elkarri azaltzea; eta ekimen eta proposamen berriak sustatzea. Akademiak tratamendu akademiko egokiarekin landuko du hori guztia, eta, gainera, ardatz tematiko bakoitzean sakontzen jarraituko du, publikoari irekitako tailer eta jardunaldien bidez.

Eusko Ikaskuntzak antolatzen dituen saioetan, zeharkako gai hauek identifikatu dira, besteak beste: digitalizazioa herri txikietan, gazteen eta emakumeen errotzea, emakumeak zainketan duen eginkizuna, biztanle berrien arreta eta haiekiko bizikidetza, enplegua eta lurraldearekin lotutako jarduera ekonomiko eragileen sustapena, landa-inguruneko etxebizitza, jarduera ekonomikoak ezartzeko espazioak, belaunaldien arteko dinamikak eta komunitate-bizitza.

Akademiak ateak zabalik ditu herritarrentzat eta ekintzaileentzat—herri txikietakoak zein landa-ingurunearen etorkizunarekin kezka dutenak—; korporazio, elkarte eta mugimenduentzat, eta, oro har, ekintza positiboa eta itundua behar duen gai batekiko interesa eta sentsibilitatea dituen pertsona ororentzat. Beharrezko dugu herrialde gisa etorkizuna izango badugu, XXI. mendeko erronkei begira gizarte integratua, kohesionatua, jasangarria eta eraginkorra izango bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.