Hilen eta torturatuen sufrimendua: sendatu gabeko zauria

2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Euskal arazoaz hitz egiten dugunean, askotan gure herriaren askatasuna, euskararen egoera, lurraldetasuna, autodeterminazio-eskubidea... eta egoera politikoarekin lotutako hainbat eta hainbat gai ditugu gogoan. Esan beharrik ere ez dago gai horiek oso inportanteak direla, euskal arazoa konpontzeko hartu behar ditugula kontuan, eta, zalantza izpirik ere ez dago, egun batean gai horiei aurre egin beharko diegula gure gizartean egiazko bakea lortzeko; baina, zer gertatzen da giza sufrimenduaren arazoarekin? Asko sufritzen ari den kolektibo bat dugu gaur egun Euskal Herrian, ETAk hildakoen senideak eta poliziek torturatuak, eta, oro har, iruditzen zait euskal gizarteak, ezta ezker abertzaleak ere, ez diola sufrimendu horri gehiegi erreparatzen. 2023ko apirilaren 20an gai horri buruzko oso erreportaje sakon eta mamitsua publikatu du BERRIAk, eta horrek aukera ezin hobea ematen dit errealitate honetaz hausnartzeko, aurreko beste artikulu batzuetan ere egin dudan moduan.

ETAren atentatuetan senide edo lagun bat galdu duten edota guardia zibilen torturak pairatu dituzten pertsonek bakardade osoz eraman dituzte beren oinaze eta sufrimendua hainbat eta hainbat urtetan. BERRIAko erreportajean egoera horiek bizi izan dituztenek ezin hobeto azaltzen dutenez, isil-isilik egon dira, guztiz hautsita zeuden guardia zibilen torturen eta ETAren atentatuen ondorioz eragindako sufrimenduarengatik, ez zituzten lasai hitz egiteko espazioak aurkitzen, gizartearen enpatia falta, bi aldeetatik, pairatzen zuten... eta zerrenda luza genezake. «Preso eta iheslariak beti gogoan» izan ditugula, haien egoerak «asko kezkatzen» gaituela erantzungo dit, hau irakurtzean, ezker abertzaleko batek baino gehiagok. «ETAk eragindako biktimen senideek betiere izan gaituzte ondoan, lagundu diegu, biktimen estatusa eman diegu...» erantzungo dit Eusko Jaurlaritzako, EAJko edo PSOEko batek. Bai,baina sufrimendua bizi izan duten pertsonak, askotan, sinbolo politikoak ziren aldetik hartu ditugu kontuan. Bi aldeetakook jokatu dugu horrela: borroka baten sinboloa izan dira ezker abertzalearentzat eta euskal gizarteko sektore zabal batentzat guardia zibilak hildakomilitanteak eta torturatutako pertsonak.Benetan jabetzen al gara euskal gizartean pertsona horietako hainbatek eta hainbatek urteetan bizi izan duten kalbarioaz? Isilik, gaiaz hitz egin ahal izan gabe egon dira, eta oso jende gutxik —ezta, salbuespenak salbuespen, ezker abertzaleakere— egin die euskal gizartean kasu.

Berdin gertatu da ETAk hildako pertsonen senideekin. Komunikabide guztietan agertu dira, gainontzeko alderdi politikoek etengabe goraipatu dituzte, baina,benetan kezkatu al gaitu pertsona horiek eguneroko bizitzan zuten sufrimenduak? Ez zait iruditzen, eta, aurreko paragrafoan ezker abertzaleari buruz esan dudana beste bandokoei buruz errepikatuko dut hemen. Sinbolo bat izan dira jende askorentzat ETAren biktimak, baina, jarrera humanista argia defenditzen zuten eta defenditzen duten pertsona batzuk izan ezik (kristautasun aurrerakoian ibilitakoak, bi aldeetako bortizkeriak gaitzesten zituzten egiazko talde bakezaleak, Elkarri gizarte-mugimendua, kontzientzia-eragozleak eta intsumisoak...), haien egoera mingarriaz ez garela gehiegi kezkatu iruditzen zait.

Borroka armatuaren eta torturen ondorengo ziklo berrian ere gaiari ez diogula behar adina garrantzirik ematen uste dut. Ezker abertzaleak ez dio preso eta torturatuen gaiari garrantzi handirik ematen. Herri gisa, oso azkar pasatu nahi dugu orri hau eta zauri hori ondo itxi gabe ez dela sendatuko ez gara jabetzen. Helburu politiko legitimoei uko egin gabe sufrimenduaren komunitatea kontuan hartzeko eskatuko nuke, egun batean benetan herri libre bat izan gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.