Tennessee Williams egileak zioenez, «bi tokiren arteko distantziarik handiena denbora da».Bai, eta Istanbulgo Azoka Handian diotenez, «euskalduna zara? Bilbokoa ala Sanfermingoa?».
Duela zenbait hamarkada Iruñeko euskaldunok bekaizti begiratzen genuen itsas alderantz, Gipuzkoa eta Bizkaitik zetorren boladak lagunduko zigulakoan. Aspaldi, baina, haizea baretu eta Bilbo edo Donostia etorkizunerako iparra baino, iragan kutsu bilakatu zaigu.
Batzuek, halere, bere horretan. Haien kalterakotz, gauza bat baita gezurretan aritzea eta bertze bat, arrunt bertzelakoa, norberak sorraraziko gezurrak norberak sinestea.
Adibide xumea. Gasteiz Europako hiri berde izendatu dute. Bertan bizi izan garenok albisteaz trufatu gara, Gasteiz grisa baita. Hiri inguruetan berderik ote? Jakina. Haatik, hori tranpa da. Bilboko karriketan ez da Pagasarri. Bilbo grisa da. Donostiakoetan ez da Igeldo aldekoa. Donostia grisa da. Baiona, Garazi eta Maule, tartean, tipiagoak dira.
Iruñea da gure hiri berdea, ezagutu beharrekoa. Bere parkeak, zuhaitzez beteak, karriken artean dira. Haiei gehitu behar zaizkie enparantza, plaza, ibai ertz, txirrindu bide berri, zubi, zaldain, adinekoek eskertzen dituzten igogailuak. Eta mugetako zelai, mendi, baso kontuan hartu gabe, noski.
Bitxia gero, Gasteiz Europako hiri berdea. Bitxia gero, Donostiak eusten dio Europako hiri kulturalaren bideari. Bietan alkateak PSEkoak dira. Bitxia gero!
Nola adierazi marketin kanpaina dela errealitatearen ezkutatzekotz, Iruñeko jendea, oro har, Gasteiz, Bilbo edo Donostiakoa baino hobe bizi dela, Iruñea hiri hobea dela? Iruñea goiti doa, bertzeak beheiti, eta aldea handitzen ari.
Txorakeria galanta da erratea Donostiako pintxoak, kasu, hoberenak direla. Egun, Iruñekoak, hobeak baitira, eta haiei loturiko osasuna, azpiegitura, gauza oro. Iruñean pintxoak babesturik daude, ez gure arnasen menpe. Areago, Iruñeko hainbat tokitan pintxoak jada ez dira barra gainean, bai zera, karta bat dago, zuk nahi duzuna eskatu eta sukaldetik ekartzen dizute propio. Honelako gutiziak ez dira, jakina, ETBn albiste, badaezpadaere...
«Baskito»-ek jarraitu behar baitute pentsatzen «nabarriko»-ak gizagaixoak garela, haiek hobe bizi direla, bertzenaz... Baina gezur galanta da, eta ETB modukoetan errealitatea ezkutatzen ari dira.
Bilbo. Gran Vía. Ledesma. Old Shangai salbuespen goxoa bada ere, orain dela hogei urteko pintxoek diraute. Egun, ziztrinak. Smith arkitektoaren Zabalgunea berrikusi. Garik abesturik: Zaharra zara Bilbo. Larunbat gauez ere Bilboko mamia nahikoa hutsik baitago. Argi eskasa. Alde Zaharrean zarama poltsak espaloietan pausatzen dira. Osasungintza? Duela hogei urte zaborrontzi modernoak genituen Iruñean, eta egun lurrazpian kokatzen ari.
Iturribide karrikan hotzikara. Eli Gallastegiren etxe inguruak«trantsizio» parke tematikoa dirudi. Zorionez «Kepa» Tabernan txikitako euskal mapa dute horman paraturik. Hurbil, baina, zakar poltsak lurrean, eta paper bat: «No deje bolsas aqui, tiene cerca un contenedor». Poltsak, hor.
Han hemenka kolorea galdu duen bertze kartela: «Hay rabas domingos y festivos». Iruñean, edozein egunetan, eta onak. Bilboko Plaza Berria, hondamendi ikaragarria. Zorua, tabernak, giroa... Albi lorategi zoragarriaren aldean Iruña taberna, bertan «España cañi». Posiblea da Bilboko erdigunea zeharkatu euskaraz fitsik ere entzun gabe, eta hori ezinezkoa da Iruñean. Sabinoren eskultura hunkigarria «Iruña»-ri so, 1903tik aurrerapenik ote, jeltzaleak beti alkate, euskara garatu gabe, egun alkate erdaldun petoa eredu daukate.
Franco hil zenetik 35 urte igaro badira ere, hemengo alkateek ez dute betarik izan euskaraz ikastekotz. Izan ere, hiri batean alkatea ez da inor, beraz zertarakotz euskararen ikur?
Eli eta Sabino agurtu ditut, begiak bustirik. Carlton hotelaren publizitatean espainiar erregeren batek han lo egin zuela ageri da. 1937an Eusko Jaurlaritzaren egoitza zela, berriz, ez. Ercilla konkistatzailearen karrika ondoan da, eta haien artean Agirreren monumentua, gure aitatxi-amatxi, guraso eta ene lehendakari maitia, kapela eskuan duela, Moiua plazari so. Hor ja ezin luzerago ekidin, hor negar egin behar...
Handik barruntatzen da Guggenheim museoa, zubi erraldoi petrala, dorre berria, Kasilda andere txit gorena ere eskale moduan, bere berdeguneak tristerik, Euskalduna tramankuluaren oinetan dagoen kaiaren gisa. Hau ez da Josu Muguruzak amestu zuen Bilbo. Ederki izorratu dute gure Bilbo kuttuna, bai, garai batean arriskutan jarri ez zirenek!
Bizkaiak milioi bat biztanle du, baina kanpotik jendea etorri ezean, mende honen bukaeran milioi erdi ez bertzerik. Zenbat diru behar dute Bilbo berreskuratzekotz? Nondik aterako?
Turistek nahiago dute Iruñeko Alde Zaharra Bilbo baino. Berdin dio zenbat irudi zuri ematen duen ETBk, Lohitzune edo Miarritze ere beti izanen baitira erakargarriagoak, Bilboko beheititzea izugarria da, eta turistei bortz axola alkateak zortzikoa ongi dantzatzen duen.
Krisialdian Alemania irabazle, eta garaileek erabaki badute Volkswagen enpresak Iruñean jarraitu ez ezik, handitu ere egin behar dela, zergatik ote? Zergatik ez Bilbon? Pentsatu, irakurle laztana, pentsatu...
Hor dugu Arratsaldero saioa ETBn, non lesakar aurkezlesufrituak euskaltegia pairatzen duen. Izan ere, a zer nolako euskara maila eskatzen zaien gonbidatuei! Badakizue, TVEn berdin egiten dute: «¿Qué opina usted? Pos yo creo que podría dije lo mismo».
Zorionez, Prim demokrataren karrika donostiarrean Etxepare institutua dute, soldata ederrak, plakak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Etxepareren sorterrian frantsesez bizi arren. Bai, Bidasoatik hegoalderantz euskaldunik ez da, «vascoespañoles» baizik. ETBn, inaugurazioan, arduradunak irribarretsu errana: «Erdaraz ere euskal kultura badago», bai, bulgarieraz ere alemaniar kultura badago.
Baina «baskito»-ek Miguel Sanz edo Yolanda Barcina kritikatzen dute. Hain dira gaiztoak, hain maila intelektual baxua dute... Izan ere, datorren hauteskundeetan UPN eta PPk aise irabaziko dute Iruñean. Eta hiri berde kulturala Iruñea da, batzuek onartu ez arren.
Eskerrak BERRIA egunkari maitagarriaren hobekuntza dugula martxan! Noizbehinka albiste onen bat jasotzea biziki gustatzen baitzait!
Bitartean, Saturraranen ukan zuten Anita Moralesen hitzak gordeko ditut, Sabino, Eli, Jose Antonio, Josu eta enparauek barka gaitzaten: «No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos». «Botzean min dut, min etsia, zotiñik-gabeko negar-miña. Alatsu txoriak, uda-ondoz, negua du galazi-eziña».
Hiri berde kulturala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu