Hitz egin dezagun gauza deserosoez

Pako Aristi
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Gaur niri buruz hitz egiteko baimena eskatuko dizuet. Ni izanen naiz artikuluko gai nagusia, nitaz esaten diren gauza batzuk argitze aldera. Ez zaizkit molestagarri, baina urte askotan errepikatzearen poderioz irakurleen inkontzientean txertaturiko etiketa bilakatu dira. Eta etiketak beti dira pentsamenduaren pobretzaile, konplexutasunaren mugatzaile. Botere apur bat daukanak ezartzen dituen definizioak izaten dira, akritikoki geureganatzen ditugunak.

Gogoan dut Radio Euskadiko esatariak esan zidana elkarrizketa baten hasieran: Zu polemikoa zara, zergatik? Bazirudien gaitz psikologiko bati buruz ari zela edo. Begira, bi zatitan erantzungo dizut. Bat: Ni polemikoa naiz gure gizarteko eta politikako gai batzuk ateratzen dituen bakarrenetakoa naizelako; baleude ni bezalako beste hamasei, orduan pentsamendu korronte bat osatuko genuke. Beraz, «polemiko» adjektiboa bakardadeari dagokion definizio bat da. Eta bi: Aurrekoarekin lotuta, «polemiko» hitza botereak erabiltzen du, deserosoa zaion hura desaktibatzeko; eta horrek jendearen baitan sortzen duen oihartzun mentala oso garbi dago: «Ba, tipo hori bere burua nabarmendu nahian dabil». Horrela kentzen zaio indarra kritika zorrotz, ausart eta gardenari, txorakeriatzat baztertuz.

Nik ezin diot naizena izateari utzi, ezin diot nire intelektoak sortzen dituen ideiak pentsatzeari utzi, eta horiek plazaratzea erabakitzen badut ez da atentzioa deitzeko eta nire egoa asetzeko, baizik eta Euskal Herriari egin dakiodan aportazioa hori dela uste dudalako: pentsamendu kritiko bat hedatzea, bai kanpoko erasoen bai gure utzikerien aurrean. Eta pentsamendu kritiko horren esparrua bizirik mantentzea ezinbestekoa iruditzen zaidalako herri bezala bizirik irauteko dauzkagun erronken aurrean.

Nire jarrera kontzientea hori da, eman zaidan (eta neroni lantzen joan naizen) nolabaiteko ahalmen analitikoa irakurleen esku jartzea. Eta hau ez da jolas bat, ez da joko bat, boterearen hierarkia ezberdinetan dagoen jendea kontra jartzen zaizulako; askotan eragin dizkidate kalte ekonomikoak eta irudiari dagozkionak.

Adibidez, bazen programa bat euskal telebistan «Ordu txikitan» deitua. Bertan haur talde batek elkarrizketa egiten zizun prime-timean. Joateko deitu zidaten. Grabazio eguna ere jarri zuten. Produkzio lana ere egin zuten, gidoilariek nire lagun batzuekin hitz egin baitzuten nire alderdi ezezagunen bila. Hori zen programaren dinamika. Lana egina zegoen. Grabatzea falta. Egun batzuk lehenago deitu zidaten aitzakiak jarriz, zubia egokitu zela, kamara gutxi zegoela, beste egun baterako utziko genuela, abisatuko zidatela. Gaur arte. Zer gertatu zen? Ez dakit. Hierarkiaren goitik norbaitek gerarazi zuela pentsatzen dut. PNV zegoen orduan agintean. Arraroena da gidoilariek euren lana egina zutela; alegia, azken orduan erabaki zuen norbaitek nire agerpena moztea.

Garaitsu hartan bazen beste programa bat tertuliakide joaten nintzena, «Horrelakoa da bizitza». Egun batean Juan Mari Atutxaz galdetu zidaten eta gogor hitz nuen haren jokabide politikorik desatseginenak salatuz. Nire azken eguna izan zen. Zergatik? Ez dakit. Horrelakoa da polemikoaren bizitza.

Behin Gipuzkoako egunkaririk salduenaren politika informatiboa salatu nuen Egin-en, inongo logika periodistikorik gabe gipuzkoarrak espainolizatu nahi zituenminoria politiko baten mende zeudela esanez. Egun hartan bertan zuzendariak etxera deitu zidan: esandakoa zuzentzen ez banuen ez nintzela bere egunkarian gehiago aterako. Gaur arte. 13 urte igaro dira geroztik, eta nire agerpen fotografikorik ia apenas ez da egon bertan. Liburu bat aurkezten dudanean hizki hutsezko zutabe txikietan jasotzen dute. Behin, zuzendaria kanpoan eta, erredaktore buruak argazkilari bat bidali zuen nire aurkezpenera. Arratsaldean zuzendariak argazkiak ikusi zituenean argitaratzea eragotzi zuen; argazkilariak lana alferrik eginda, eta ni berriro letra txikietan atxilo.

Behin «grupo de noticias» informazio enpresako kargu batek deitu zidan bertan kolaboratzeko. Bera kanpoan zen ondorengo egunetan, eta itzulitakoan elkartzekotan geratu ginen, berak deituko zidala. Gaur arte.

Enpresa bakoitzak du bere eskubidea nahi dituen kolaboratzaileak hartzeko, noski, baina ni azken momentuko aldaketa eta desagerketa hauek asaldatzen naute. Zein misterio ezkutatzen ote da erabakiotan? Nirekin harremanetan jarri den hura aldatzea arraroa egiten zait, niri deitu didan momentutik intresa duen seinalea baita. Eta iritzia aldatu balu ere, lehen deitu zuen bezala dei zezakeen gero gauza esplikatzeko. Baina goitik baldin badator guraizekada, zure erabakiaren aurkako agindu bat jaso baduzu, hori zeure baitakotzat agertzea askoz zailagoa izan behar du inolaz ere.

«EITB-Kultura» programa hasi zenean ere, Mikel Markez eta biok emanaldiekin genbiltzan. Gure antzeko esperientziak programan agertzen zituztela ikusirik idatzi nion zuzendariari, baina ez nuen erantzunik jaso. Garaian zebiltzan idazle/musikari bikote guztiak agertu ziren programan, gu ezik. Beti esan da korrontez kanpo ibiltzea gogorra dela, baina gaur egun hori garesti ordainarazteko bideak multiplikatu egin dira.

Horrelako kasu gehiago izan ditut, kalte ekonomikoak eragin dizkidatenak. Eskerrak etxe onekoa naizen. Ez da merke ateratzen, baina esan nahi duzuna esatearen plazerak gehiago asetzen nau, sufiek esan zuten lelo zoragarri hura barreneraino sartu zitzaidan unetik: «Gogorra izan behar baduzu, izan zaitez boteretsuarekin; eta ahularekin izan zaitez errukitsu, ulerkor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.