Hitzak eta ekintzak
Jean Claude Trichet EBZ Europako Banku Zentraleko presidentearen hitzen zain zeuden atzo finantza merkatuak eta euroguneko gobernuburuak. Denek espero zuten Trichetek esatea larri dabiltzan estatuetako zor publikoa erosten buru-belarri sartuko zela EBZ. Ohikoa duenez, besteen espektatibak alde batera utzi eta soilik nahi zuena esan zuen Trichetek. «Bonuak erosteko programak bere horretan jarraitzen du», lehor batekin moztu nahi izan zuen gaia. Hitz neurtuak, bere alboan ortodoxia zorrotzenera itzultzeko presio egiten diotenei karnata gehiago ez emateko. Batez ere kontuan hartuta bozgorailu handirik gabe eskatutakoa egiten ari zela EBZ, hots, Irlandaren eta Portugalen zorra erosten, hartara haren gaineko interesak jaisteko.Bankuei laguntzeko unean, ordea,zalantzarik gabe jokatu du Trichetek. Hitza jan eta beste sei hilabete nahi beste diru eskatzeko aukera eman die. Bizirik irauteko aukera batzuentzat, negozio ederrak egiteko besteentzat: EBZri %1ean eskatutako dirua %5eko interesarekin utziko diete gobernuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu