Hitzetan eder, eginetan lander

2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Urte bi daramatza Kultura Sailak Euskadiko kultura-sarearen beharrizanak asetzeko proposamen eraginkorrik aurkeztu gabe. Ibarretxeren gobernuaren aurreko Kulturaren Euskal Plana ideologizatuta zegoela aitzakiatzat hartuta, zuritze horrekin, Urgell Sailburuak urte eta erdi luze igaro du hausnartzen eta hausnartzen, eta komunikazioko joko malabareak egiten, berorren Gobernuaren gelditasuna ezkutatzeko.

Hori da egungo Lopezen Gobernuak kultura-arloan duen estrategia. Baina, daukaten gaitasun eza marketin eta publizitatearen bidez ezkutatzea gutxi balitz bezala, disimuluz, Lopezen exekutiboak, gainontzeko eragile eta erakundeei laguntza eta partaidetza handiagoa eskatzeko ausardia ere badu, alajaina.

Azken urte biotako gertakariek, dena dela, argi erakusten dute batzuek eta besteek egindako lana. 2010eko apirilean, Lopezen Gobernua sartu eta ia urtebete geroago, Kultura Sailak, askoren harridurarako, «Kulturen aldeko Herri Kontratua» izenekoa aurkeztu zuen, eta Foru Aldundiei eman ere, haiek ekarpenak egin zitzaten. Bidenabar doa, egun horretara arte, hau da, denbora luzez, Kultura Sailak ez zuen deitu ez Erakunde Arteko Batzordea, ezta Kulturaren Euskal Kontseilua ere. Nahikoa esan dugu horrekin. Artezkaritza-organo hauek guztiak deitzeko Legebiltzarrean hamaika eskaera egin ondoren, 2010eko uztailaren 8an, azkenik, erakunde arteko Batzordea bildu zen, eta, 2010eko abenduaren 13an, Kulturaren Euskal Kontseiluaren Bilkuraren bilera egin zen. Hori bai, aldez aurretik, sailburua aurreko ordezkariak kargutik kentzeaz arduratu zen; eta nahierara izendatu zituen kide berriak, organoa arautzen duten arauei jaramonik egin gabe. Egun horretan hilabeteko epea ezarri zen, ordezkariok «kontratu berri» honi ekarpenak egin ziezazkioten. 2011ko urtarrilaren erdian, erakundeek, eskatu bezala, txosten luze eta zehatza bidali zuten, non diputazioen planteamendu guztiak jasotzen ziren (dokumentu horrek 300 ekarpen baino gehiago biltzen ditu, Euskadiko kultura-eragileekin egindako kontraste-lan handiaren fruitu). Aurten, otsailaren 8an, Erakunde Arteko Batzordearen beste bilera bat egin da eta otsailaren 14an Kulturaren Euskal Kontseiluaren Bilkuraren azken bilera. Horrela bukatzen da gaurko egunera arte aipatutako organoek egindako bileren bidaldi «luzea».

Eskuduntza duten erakunde bakoitzaren lana berrikusi ostean, harrigarri egiten zait nola zenbaitzuk zalantzak planteatzen dabiltzan herri honetako kulturaren alde konprometitu direnekin, Eusko Jaurlaritza moduko trakzio-erakundea bere esku ez dutenean ere. Gertakariek berresten dute EAJk gobernatzen dituen erakundeak beti egon direla lankidetzarako prest. Eusko Jaurlaritzak eta Kultura Sailak gainontzeko erakundeekin izan duten harremanak, ordea, bestelakoak izan dira, Legebiltzar Taldeekin izan dituenak barne. Izan ere, Urgellen Sailak erakundeei «Herri Kontratu» berria aurkeztu zien arte eta zegozkion ekarpenak eskatu zituen arte, Legebiltzar Taldeok gobernua egiten ari zenari buruz ez genekien ezertxo ere. Eta, informazio falta horrez gain, ez da logikoa, ezta, Kultura Sailak «Herri Kontratu» berriaren filosofiari buruzko informazio-bileretara kultur eta gizarte eragileei deitzea eta begirunik ez izatea legebiltzarkideei. Beraz, Urgell andereak hitzetik hortzera darabilen «komunikazioa eta informazioa» berbak, horixe, biak igual, ahuntzaren gaberdiko eztula.

Gure kulturak, euskal kulturak, eraginkortasuna eta premiazko erabakiak hartzea eskatzen duen bitartean, Eusko Jaurlaritza geldi egon da urte eta erdi baino gehiago. Euskal kulturaren beharrizanekin bat datorren Kultura Plana eskatzeaz gain, gure zineari, ikus-entzunezkoei, dantzari, antzerkiari eta euskal musikari arreta berezia jar diezaiela exijitzen dugu, besteak beste, biziraupenari bide ematen dioten premiazko neurriak har daitezen. Eusko Jaurlaritza euskarazko sortze-proposamen eskaintza bultzatu eta sendotzeaz arduratu beharko litzateke. Eta zeregin horretarako, Blanca Urgell Sailburuak bitarteko ezin hobeak ditu eskura kultura-arloari mugatutako prozesu guztiak kudeatzeko. Zoritxarrez, Sailak ez die erreparatu bere baliabide propioei. Ez du egin nahi izan edo, batek daki, ez daki egiten.

Horixe, ba. Hitzetan eder, eginetan lander. Hori da orain arte Urgellen Sailak erakutsi duena. Kultura Sailari eskatzen diogu, bakar-bakarrik, kultura-arloan indarrean dagoen araudia bete dezan eta dagozkion kontseiluak eta batzordeak dei ditzan, araubideak finkatzen duena gutxienez, orain arte egin ez duena, alegia. Kultura Sailari eskatzen diogu, bakar-bakarrik, lanari ekin diezaion eta bazter dezala orain arte nagusi izan duen utzikeria. Urgell andereari eskatzen diogu, bakar-bakarrik, gutxieneko seriotasun eta eraginkortasuna. Bakar-bakarrik eskatzen diogu, lehendabizi, gobernatzea, eta, ahalik, egokiro gobernatzea, baita herri honetako kulturari dagokionean ere. Hori baino ez. Berriketa gutxiago eta lan gehiago, arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.