Espainiako Estatuko udal hauteskundeak, 1931ko apirilak 12, errepublikaren aldekoak nagusitu dira hiriburu gehienetan. Jose Antonio Agirrek irabazi du Getxon: 21 zinegotzietatik 16 lortu ditu Euzko Alderdi Jeltzaleak.
Apirilak 14, Errepublika aldarrikatu da, Agirre Euzkadi egunkariaren egoitzan dago Leizaola, Azkue eta Kareaga jelkideekin. Giro nahasia da kalean; herritarren mobilizazioa nabarmena da. Egoera ikusita, Leizaola, Azkue eta Kareagak Getxora joateko eskatu diote Agirreri, udala biltzeko, «Getxok udal mugimendu handi baten euskarria izan behar du-eta».
Egun hartan aldarrikatu zen euskal errepublika Getxon, «Espainiako Errepublikarekin federatua», eta euskal udalei eskatu zien aldarrikapen bera egiteko eta galdegiteko foruak baliogabetu zituen 1839ko legea indargabetzea eta erakunde burujabeak leheneratzea. Hartara, udal batzuek Bizkaiko Batzar Nagusiak deitu zituzten Gernikara apirilaren 17rako. Ezinezkoa izan zen: Gasteiz eta Bilbotik bidalitako soldaduek hiribildua hartu zuten eta Guardia Zibilak errepideak itxi zituen. Hala ere, Gernikatik hur ehunka udal ordezkarik sinatu zuten Batzar Nagusiek onetsi behar zuten agiria, non autodeterminazio eskubidea errespetatzea galdegin zen.
Getxo izan zen mugimendu haren euskarrietako bat, eta euskarri izan behar du erabakitzeko eskubidearen alde egun indartzen ari den dinamikan ere. Izan ere, 86 urte geroago, demokrazian sakontzen jarraitzeko aukera zabaldu digu bi oinarriren gainean eraikitako prozesu honek: «Getxoztarron garaia da» eta «Erabakitzeko eskubidea dugu». Herritarron protagonismoa eta ahalduntzea izan ditu ardatz prozesuak (galdeketaren aldeko getxoztarren 7.448 sinadura bildu dira) eta lege hutsaren muga defendatzen dutenen aurrean herritarren borondatean oinarrituriko demokrazia nabarmendu dugu.
Legearen eta gizarte antolatuaren talkaren adibide argia dira Rosa Parks eta Kathrine Switzer: Legeak-edo ukaturiko eskubidearen defentsan ibilitako bi emakume, bi herritar.
Montgomeryko legearen arabera, garraio publikoek marra bat zuten beltzak eta zuriak banatzeko. Beltzak autobusean sartu, ordaindu, jaitsi eta berriz igotzen ziren atzeko atetik. Parks erdiko jarlekuetan jesarri zen 1955eko abenduaren 1ean (beltzek erabil zitzaketen, zuriek jarlekua eskatzen ez bazuten). Alde hura bete zenean, gidariak altxatzeko eskatu zion, gazte zuri igo berri bati laga behar ziolako, legeak hala agintzen zuen-eta. Parks ez zen altxatu. Eskubide zibilen aldeko Estatu Batuetako mugimenduaren eragiletzat jo izan da gertaera, nahiz eta lehenago beste emakume batzuek ere berdin jokatu zuten: C. Colvinek urte bereko martxoaren 2an; I. Morganek, 10 urte lehenago, eta I. Wells-Barnettek, 71 urte lehenago.
Ez zen legea izan Kathrine Switzerri Bostongo maratoia korritzea galarazi nahi izan ziona 1967an, probaren arau bat baizik: gizonentzako proba zen. Switzerrek KV Switzer izena eman zuen eta 261 dortsalarekin abiatu zen. Ibilbidean, epaile batek ikusi eta kanporatu egin nahi izan zuen: «Zoaz nire lasterketatik eta itzuli dortsal hori!», egin zion oihu. Switzerrek, haren mutil lagunak eta beste korrikalari batzuek aurre egin zioten epaileari eta Bostongo maratoia dortsalez egin zuen lehen emakumea izan zen (arinago iritsi zen Bobbi Gibb aurreko urtean ere hartu zuen parte—, baina dortsalik gabe).
Erabakitzeko eskubideaz ari garela, Alabamako gidariak eta Bostongo epaileak bezala jokatu nahi ote dute egun ere legearen printzipio hutsari heltzen diotenek?
Euskal Herrian ere hainbat gertaera izan dira historia hurbilean, non legeak muga ezarri nahi izaten zion herritarren borondateari: euskarazko irakaskuntza, ikurrinaren erabilera, nahitaezko soldadutza... edo, berriki, errefuxiatuen etorrera.
Patxo Pomposo Getxoko udal langilea zen eta udaletxean zegoen armada frankista Algortan sartzean. Alkatearen bulegora joan, ikurrina eta Agirre lehendakariaren erretratua hartu, gerriaren bueltan bildu, alkandoraren azpian gorde eta Goñibarri baserrira eroan zituen. Han izan ziren frankismoak iraun bitartean, harik eta 1980an Pomposoren bilobak ikurrina Andra Mariko batzokian jaso zuen arte.
1963ko arratsalde batean, Bilbon, haur bat euskaraz entzun zuen Garamendik. Haren hizkuntza mailak harrituta, ea non ikasi zuen galdetu zuen. Azaldu zioten bazirela hainbat etxetan euskaraz ikasten zuten haur taldeak, eta agindu zioten andereño bat bidaliko zutela zortzi ume biltzen bazituen. Begoña Abaitua izan zen lehen andereñoa. Algortako geltokian biltzen zituen umeak aste bakoitzean zegokion etxera joateko. Lurrean jesarrita, horman oinarrituta, ahal zuten moduan hartzen ei zituzten euskarazko eskolak.
Herritarren ahalduntzearen adibide gisa jarri genituen: banaka edo taldeka haien eskubide eta askatasunen alde ekin zioten, ahaldunduta, haien historiaren protagonista eta subjektu bihurtuta. Orain ere getxoztarron garaia da. Historiako beste une batzuetan legez orain ere erakutsi nahi dugu gure eskubidearen alde egiteko prest gaudela, konplizitateak lantzeko eta eskua elkarri emanda ibiltzeko prest gaudela.
1931n Getxo udal mugimenduaren euskarri izan zen, Bermeo, Elorrio eta Mundakarekin batera. 86 urte geroago, Bermeon 2017ko apirilaren 2an egin zen kontsulta; Elorrion, maiatzaren 7an. Getxon eta Mundakan azaroaren 5ean egingo dugu. Aukera polita da autodeterminazio eskubidearen aldeko mugimendu haren euskarri izan ziren udalak erabakitzeko eskubidearen defentsan berriz elkartzeko. Asko dugu jokoan eta haren garrantziaz jabetu behar dugu denok. Ederra egin dezakegu, Getxoko parte-hartzea geroago etorriko diren pausoen inpulsu izan daiteke. Hori da GED-ek ezarri duen helburua: Getxo ostera ere «euskarri» izatea.
Hitzordua historiarekin eta konpromisoa etorkizunarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu