Mikel Irizar.

Hizkuntzaren armairutik irteten

2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Boladan zantzu interesgarri asko ikusten ari naiz euskararen biziberritze prozesuan: diskurtso eta jarrera berritzaileak, kezka aktiboa, lankidetzarako prestutasuna, ikerketa ugari, ekimena nonahi...

Apar horren azpian, datuek argi erakusten dute euskalduntze prozesuan metatu den hizkuntza gaitasuna. Aldiz, pertzepzioek adierazten dute gaitasun metatu hori ez dela berez erabilera bihurtzen, hizkuntza asimetriaren harresiak ez direla euskaraz jakite soilarekin erortzen.

Ohartu naiz hainbat ekimen bat datozela puntu honetan, alegia, hiztunen arteko harresien esplorazioan. Galdera nagusia da: zer gertatuko litzateke sistematikoki eta normaltasunez euskarari eutsiko ba(ge)nio? Eta galdera osagarria: zer-nolako indargarriak behar ditugu sistematikoki eta normaltasunez euskarari eusteko?

Lehen erantzuna bistakoa da: euskarari eusten bazaio, hizkuntza talka bistaratzen da, eta hori beharrezkoa da. Talka bizikidetzaren egunerokoan dago eta konpontzen da arau adostu batekin: autoz, bidegurutzean eskuinetik datorrenak du lehentasuna, esaterako. Hizkuntzekin, berdin: lehen urratsa da talka bistaratzea, konponbidea negoziatzen hasteko.

Lutxo Egiak Bilbon egin zuen performance aitzindariak erakutsi zuen talka ez dela liskarra. Baita Egiako auzoan, Donostian, izandako talde esperientziak: normaltasunez bistaratu zen talka, eta modu zibilizatuan negoziatu ziren konponbideak. Esperientzia horren gidaliburua laster iritsiko da antzeko zerbait egiteko irrikan dauden herri mordoxkara.

Bigarren erantzunaren bila dabiltza oraintxe Lasarte-Orian. Hainbat lagunek hartu dute astebetez euskarari eusteko konpromisoa, eta hori esplizitatu dute «ahobizi» dioen plaka bat paparrean jarrita. Beste lagun mordo batek hartu du40 egunez euskara ulertzen saiatzeko konpromisoa, paparrean «belarriprest» dioen ikurrarekin esplizitatuta. Guztira 2.000 lagun inguru sartu dira jokoan; EHUko ikerketa talde bat ari da gidatzen esperimentua; eta jarrera nahiz portaera aldaketak neurtuko dira amaieran, ondorioak ateratzeko.

Lasarte-Orian probatzen ari dira hizkuntza simetria: bakoitzak bereari eutsi, bestearena ulertuz. Hor dago beste gako garrantzitsu bat: ulermena.

Gai hau aipatu izan dudanetan, euskararen periferiakoek ilusioz hartzen dute ideia: «¡A eso sí me apunto!» Euskaraz erantzun beharretik libratuta, prest daude besteen euskara ulertzeko. Aldiz, euskalduntze sektorean eta hainbat euskaltzalerengan errezeloa nabari dut, ez ote den egungo eskakizunak merkealdian jartzea. Lasai beude: ulermena lantzeak ez du euskalduntzea ordezkatzen, osatzen baizik. Bere funtzioa litzateke euskaraz egin nahi duenari oztopoak kentzea, bilkura batean elebakar bat edo bi ez daitezen aski motibo izan denek hizkuntza aldetzeko.

Ulermena nola landu ere ikertzen ari da. Nola eman euskara ez dakienari hitz mordoxka baten ulermena, bere jarrera aldarazteko neurrian; eta nola egin hori denbora labur batean eta modu erakargarrian, onurak azkar bistaratzeko eta jarrera aldaketa iraunkorra izateko.

Jende asko ari da hizkuntzaren armairutik irteten, ekimen ugari dago euskarari eutsi nahi dionak aukera gehiago eta erosoagoak izan ditzan. Urte luzez metatu den hizkuntza eta soziolinguistika ezagutzari etekin handiagoa ateratzeko ordua iritsi da.

Erakunde publikoetan gaudenoi laguntzea dagokigu ekimen horiek gauzatu daitezen: gauzatu bitartean diskurtso egokiarekin babestea eta gizarteratzea; ekimenen eta eragileen arteko sareak sortzea, bakoitza ez dadin bolbora asmatzen jardun; eta behin ekimenaren emaitzak bistakoak direnean, orduan indartsu sustatzea eta hedatzea. Euskararen prozesuak bi hankak behar dituelako lankidetzan: gizartearen ekimena eta erakunde publikoen ahalmena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.