Hobe ez astindu!

2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
On Kixotek Santxo ezkutariari bota omen zion esaldia, azken horrek, afari oparo baten ondoan, libratzeko beharra izan zuenean sabelean zuen lasta laxatzeko. Jeneralean, esaera erabiltzen da arazo zehatz batzuei buruz (politikoak, sozialak...) aritzeko. Zehazkiago, haiei ekiteko beharra aitortuta ere, azkenean hori egiteari uko egiten zaio, eginez gero, nahi ez den Pandora kutxa irekitzea ekarri ahal duelako.

Joan den abenduaren 23an, komunikabideek argitara eman zuten Nafarroan, 2022an, enpresa onuren igoerak (%11,5) bikoiztu egin zuela soldatena (%5). Egun horretan bertan, Maria Txibite (PSN) gobernuko presidenteak, ekitaldi instituzional batean, goretsi zituen Hobekuntzaren bertuteak, legearen harlauza horien onespenaren 40. urteurrena ospatzean.

Hitzaldian betiko talaka errepikatu zuen Hobekuntzak duen izaera itunduaz (ez zuen deus erran negoziazio baztertzaileaz, ezta berrespen demokratikorik ezaz ere) eta eman dizkigun hamarkada zoriontsuak aipatu zituen. Pixka bat lehenago, azaroaren 27an, antzeko ekitaldia egina zuen Madrilen, handikeriaz eta arrandiaz. EH Bilduk, Geroa Baik eta Ahal Duguk gogor kritikatu zuten, Hiri eta Gortera joatea 40. urteurrena ospatzera aski losintxari zela iritzita. Gauzak horrela, Maria Txibitek, Iruñean, ohore erakuskari hura leundu nahi izan zuen bigarren ekitaldi horrekin.

Gaurko gobernuaren (PSN-Geroa Bai-Ahal dugu) programan jasota dago «Parlamentuan Ponentzia bat sortzeko konpromisoa, LORAFNAren (Hobekuntza) eguneratzea aztertzeko, indarrean dagoen esparru konstituzionalaren barruan». Bere aldetik, 2021ean, Foru Parlamentuak berretsi zuen «ponentzia bat sortzeko beharra, LORAFNA eguneratzea helburu, bertan ordezkaritza duten talde guziak izanen zirela». Hala eta guztiz ere, ez da urrats praktikorik egin norabide horretan.

Euri zaharraren gainean euria ari du. Uxue Barkosen aurreko gobernuaren (Geroa Bairena, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Eren sostenguarekin) programak jaso zuen prozesu parte-hartzaile eta parlamentarioa irekitzeko konpromisoa. Xedea, hauxe: «Hobekuntza erreformatzea, Nafarroaren estatus politikoa definitzeko, eskumen berriak sartzeko eta eskubide sozialen aitortzan urratsak egiteko, ahalik eta legezko lerrun handiena emanez, eraginkorrak bihurtuz eta erreforma herritarren berrespenaren mende jarriz». Ez zen horretatik deus gauzatu: ez erreformarik eskumen eta eskubide sozial handiagoekin, ez prozesu parte-hartzailerik, ez herritarren berrespenik.

Jakina da, askotan, hauteskunde programek eta gero egiten denak ez dutela bat egiten. Aunitz predikatu bai, baina gero garia urria izaten da. Batzuetan, hori gertatzen da gutxiesten direlako edo ez direlako ikusten botere faktiko ekonomiko, sozial, polizial-militar eta mediatikoei aurre egiteak ekartzen dituen oztopoak, haiek baitira botere erreala dutenak. Beste batzuetan, programak marketin eragiketak dira, botoak eskuratzeko, baina gero, hor konpon! Bada, honetatik zenbat dago aipatutako gobernu programetako bakoitzean?

Hobekuntzaren 40 urte iraganik, dozena pare bat transferentzia daude gauzatu gabe. Legealdi honetan erdietsi dira espetxe-sanitatearena eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketa. Enegarren aldiz, erran da trafikoarena erortzear dela. Txanponaren beste aldea izan da Hitzarmen Ekonomikoaren Legearen aldaketa, azkenean Navarra Sumaren botoari esker onetsia. Horri jarraikiz, estatuari ordaindu beharreko kupoa finkatzeko eskumena gobernuen arteko koordinazio teknikorako batzorde baten esku gelditu da, garrantzizko gai horretan Parlamentuaren boterea mugatuz.

Bitartean, PSOEk jarraitu du Konstituzio Auzitegian (KA) errekurritzen Nafarroako Parlamentuak onetsitako legeak. Esaterako, Kontratu Publikoei buruzko Legea eta Foru Berriarena (kode zibil nafarra). Azken kasu horretan, auzitegiak murriztu du Foru Komunitatearena den eskumen esklusiboa. Gauzak horrela, legeak ematean, Parlamentua ohitu da gobernu zentralaren ordezkaritzari zeharretik begiratzera. Izan ere, aski da ordezkaritzak tramitean den lege bat KAn errekurritu duela mehatxatzea (azken kasua izan da administrazioan behin-behinekotasuna murrizteko foru legea) legegintza-ekimena aldatu eta Madrilgo Gobernuaren gustura egokitzeko.

Bai Hobekuntza bai Konstituzioa amaordea dira, bere txalo-jotzaileendako, Biblia edo Koran bezalako testu sakratuak. Bost axola die erabat bestelako jendartean bizi garela testu horiek onetsi zirenekoarekin alderatuta. Maila sozialean (populazioaren zahartzea, migrazioa) zein ekonomikoan (Europako Batasunean sartu izana, industria sektorearen beheititzea, atzerriko kapitalaren munta...), gure jendartea hagitz desberdina da. Orobat, maila kultural eta ideologikoan, ekologistago, euskaltzaleago, feministago eta laikoago bilakatu da. Aurrekoa gutxi ez, eta azken urteok agerian utzi dituzte gure jendartea kolpatzen duten funtsezko arazo larriak: klima-krisia, pandemiak, gerrak...

Baina horrek ez die axola PSN-PSOEri eta UPN-PPri. Hobekuntzak 40 urte bete ditu eta Konstituzioak 44. Baina monarkiari kiratsa darion arren, Epailetzari hatsa darion arren, estatuaren inpunitateak (Tarjal, torturak, Melilla...) lege izaten jarraitzen duen arren, Eliza postulatu integristetan endrokatzen den arren eta IBEX 35 Ali Babaren leize-zuloaren erreplika fidela den arren, alderdi politiko horiek muzin egiten diote testu horiek erreformatzeko bide txikiena irekitzeari. Askoz gutxiago testu demokratikoago eta sozialagoekin ordezkatzeari. Bere foru Hobekuntza konstituzional eta zaharkitua defendatzen segitzen dute, On Kixotek bezala, uste baitute hobe dela ez astintzea.

Maiatzean, foru hauteskundeak. Luzamendutan eta joan-etorritan segituko dute, edo, behingoz, otsoa belarrietatik hartuko dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.