Hondarribiko kanpandorrean

Mikel Taberna Irazoki.
2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Hondarribiko kanpandorrean karramarroak dantzan ikasi genien gure aitzinekoei. Hori erranez zirikatzen omen zituzten irundarrek hondarribiarrak, segur aski Joxe Mari Lopetegi bertsolariaren harako Gezurtientzat bertso sortako Oik uste zuten zala Madriden sartzia kanpantorrera joanta ezkillak jotzia hura gogoan harturik. Bertzelako gerra baten oihartzuna.

Izan ere, bidasotarrak gara gu, hori ezin dugu ukatu. Aspalditik (betitik!), gure xalantak ugaldearen ohatzean pausatu, eta bortxarik gabe lerratu gara goxo-goxo Txingudiko badiaraino. Gehixeago kostata, kontrako bidea ere egiten dute hango izokinek eta aingirek Endarlatsako zubitik goiti. Ur berberetan ikasi dugu igerian hango eta hemengo arrainok.

Irailaren 8an ere hantxe izan ginen. Goizean ez ginen ailegatu behar zen tenorean, eta Hondarribiko lagunek kontatu ziguten nola izan zen emakumeak baztertzen ez dituen konpainiaren lehenbiziko pasaldia Kale Nagusian barna: «Higuingarria izan da». Hitz horiexek erabili zituzten haiek ere han ibili baitziren, haien alaba harro eta tente desfilatzen ari zen konpainiaren atzetik, animo eta babesa emateko asmoz.

Arratsaldean leku bat bilatu genuen tropek bigarren aldiz egin gogo zuten ibilbidean, handik guk ere geure ezagunei berotasuna adierazteko. Izenik gabe jaio eta gaur egun Jaizkibel deitzen den taldean parte hartzen du orain dela 22 urtetik Amute-Kostako gure koadrillakideak; konpainia horretan berean, baita ere, Irun eta Hondarribiko gure lehengusu-lehengusinek eta haien seme-alabek. Aspaldi laketu zuten gure deiturek bi herri horietan.

Jaizkibelen gibeletik abiatu ginen Kale Nagusiaren beheitiko arkutik. Eskuak joz haien poztasuna txalotu nahi genuen. Metro gutti egin ordukoz, bazterretik norbaitek tu egin zidan, nora eta, hain zuzen ere, eskuetara. Aditua nuen Hondarribian batzuek libre dutela irain egitea edo kolpeak jotzea; tuarena ez nuen espero. Ez dakit balkoi edo leiho batetik etorri zen gorrotozko isuri hura edo espaloitik beretik. Zer egin jakin gabe gelditu nintzen istant batez, eta orduan hobeki konprenitu nuen lagunek arestian erabili zuten hitza: higuingarria. Ordea, segituan ohartu nintzen nire eskuek arinago jotzen zutela elkar, makina olioztatu balidate bezala.

Pajina hitza erabiltzen dugu Bortzirietan auzolana adierazteko. Euskarazko hiztegi partikularra ere neurri batean partekatzen baitugu, hitz horixe bera erabiltzen dute hondarribiarrek, zerttobait aldaturik, adiera berarekin: fajina. Alkaiagan, konparazio batera, auzolan klase hori egiten dugu bideak txukundu behar diren garaian (orduan ere tu egiten dugu eskuetan, lan erremintaren giderrean aisago irrista daitezen).

Horixe pentsatu nuen, Jaizkibeli segika joaki ginelarik, eskuak tuz bustirik sentitzean: pajina-fajina egiten ari gara (orain esku hutsean, txaloka), bide bazterretatik traba eta zikina kentzeko, karrika zabal eta libre izan dezaten gizon eta emakume guzi-guziek.

Aurten hala ibili gara eta, iduri duenez, heldu den urtean ere berdin segitu beharko dugu, auzolanean (udalak edo erakundeek egiten ez badute, bizilagunek egin behar). Hori egitea beharrezkoa ez den egunean (agudo, espero dut), karramarroak ere dantzan hasiko dira Hondarribiko kanpandorrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.