Hurrengo atalaren zain
Ezker abertzaleak bere iraganarekin faszikuluka apurtzen jarraitzen du. Atzoko atalean, bere proiektu politiko berriak Espainiako Alderdien Legearen eskaerak beteko dituela agindu zuen, lege horrek berak «izaera antidemokratikoa» duela aitortuta ere. Horretarako, «indarkeriaren erabilpena eta erabilpenaren mehatxua errefusatzen» duela esango dute alderdi berriaren estatutuek.
Indarkeriarekin hausteko formula zehatza «errefusatzea» edo beste zerbait izanda ere, ikusteko dago estatutuak lege horren galbahea gainditzeko gai ote diren. Azken finean, lege hori nahierara interpretatzeko lana hartzen dutenen borondatearen esku dago.
Lehen erreakzioek zer edo zer adierazten badute, epe laburrean zaila du ezker abertzaleak. PSOEk eta PPk betiko erretolikari eusten diote. Atzoko atala nahikoa ez dela eta «ETArekin argi eta garbi hautsi» behar duela ohartarazi dio Espainiako Barne Ministerioak. Hurrengo faszikulua -ETAren agiria- ezetzaren harresia botatzeko gai izango ote da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu