Sare ezberdinetako ikastetxeen arteko tirabirena gai zaharra da, eta luze idatzi da horri buruz komunikabideetan. Azken urteotan, bi ikastetxe motaren arteko aldeak areagotu egin dira, gehienbat familien maila sozioekonomikoari begira. Publikoetan umeen azal-kolorearen aniztasuna nabarmena da, eta ikastola kontzertatuetan, azal-zuritasuna. Plantillari begira, ordea, antzeko egoera izaten da bi sareetan. Gipuzkoan, behintzat, D eredua da nagusi, eta irakasleen profila, antzekoa.
Zorionez, badaude egitasmo komunak bi sektoreetan; adibidez, Gu ere bertsotan proiektua, ikastetxeetako ikastorduetan bertsolaritza lantzeko programa interesgarria. Helburua: bertsolaritzaren bidez haurren hizkuntza gaitasunean eta, bereziki, ahozkotasunean eragitea.
2020ko hamarkadan, Euskal Herri osoko ikastetxe askotan garatzen ari da proiektu hori aspalditik, Bertsozale Elkartearen eta herrietako udalen lan-hitzarmenei esker. Bertsozale Elkarteak izendatutako irakasleak (gehienak bertsolari adituak eta arituak izaten direnak) hamabostean behin joaten dira ikastetxeetara, eta Lehen Hezkuntzako azkeneko ikasmailetan ordubeteko saioa ematen dute, Euskara eta Literatura ikasgaiaren barruan. Ikasleek, gutxienez, astero saio batean lantzen dute bertsolaritza. Aste batean, irakasle espezialistaren esku, eta harekin batera irakasle-tutoreak ere parte hartzen du; hurrengo astean, lana prestatuta eta bideratuta uzten du bertsolariak, tutoreak bakarrik landu dezan. Beraz, irakasle-tutorearentzat baliabide interesgarria da, arlo honetan prestakuntza zuzenean jasotzen duelako irakasle espezialistarengandik.
Ikastetxe ugaritan irakasle lanetan urte asko daramatzan bertsolari ezagun eta beterano batekin harremana banuenez, aspaldian elkarrekin izandako elkarrizketa batean, zera galdetu nion:
—Hainbeste urtetan ikastetxez ikastetxe ibilita, jadanik izango duzu bakoitzaren erradiografia egina, ezta?
—Bai, horixe!
—Eta hain ikastetxe ezberdinetan eskolak emanez, izugarrizko aldea nabarituko duzu eskola batetik bestera, ezta? Gehienbat, ikastoletan, ikasleen euskara mailari begira, familia euskaldun gehiago izaten direlako.
—Ez pentsa! Alde handienak ez ditut ikusten eskola batetik bestera.
—Ez? Eta non topatzen dituzu alderik handienak?
—Ikastetxe berean, ikasgela batetik bestera.
—Zer dela eta?
—Gure eskolak irakasle-tutorearekin batera izaten direnez, izugarrizko aldea izaten delako irakasle batetik bestera.
—Hara! Bitxia, benetan!
—Bai, jakina! Nahiz eta bertsolaritzaren teknika ez kontrolatu, irakasle batzuek oso konprometituta parte hartzen dute, eta beste batzuek, nahiko behartuta edo ilusiorik gabe.
—Bai; edozein lantokitan bezala, ezta? Hala ere, irakaskuntza munduan, penagarria da profesional batek jarrera pasiboa izatea.
—Hala da. Gainera, lantzen dugun irakasgaiaz aparte, irakasle-tutorearen jarrerak izugarrizko eragina izaten du hainbat eta hainbat alderditan: ikasgelako giro egokia sortzen, elkarren arteko errespetua izaten, ikasteko grina pizten, eta abar, eta abar.
Ederra irakaspena! Horren ondorioz, zera galdetzen diot neure buruari: matrikula-garaian ikastetxeek zer dela-eta aldarrikatzen dituzten berezko proiektuak. Propaganda ugari egiten baitute, ahoa bete hortz, berrikuntza metodologikoekin. Gurasoak ere, seme-alabak matrikulatu aurretik, hortxe ibiltzen dira gertukoenei galdezka, ea zein den inguruko ikastetxe onena.
Bertsolariak zioen bezala, ikastetxea baino gehiago, zorte kontua da seme-alabentzako irakasle ona topatzea. Hala ere, ikastetxea aukeratzerako orduan familiek beste faktore batzuk hartzen dituzte kontuan. Eta horien artean, ikasleen segregazioa izaten da ikastetxe publikoen eta itunpekoen arteko oreka lortzeko oztoporik handiena. Oraingoz, gizartea antolatua dagoen bezala, konponbide zaila du.