Iparraldea elkartasunez saretu

Elixabet Etxandi eta Xermin Camblong
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
COVID-19a guregana jin da, karrikak hustu dira eta etxean konfinatu gaituzte. Nahiz eta zaila den argi ikustea iristen zaigun informazio masibo artean, kontraesan batzuk azaleratzen dira: birusaren sorrerak eta zabalpenak ez die bakarrik naturaren legeei erantzuten. Gerla ondotik plantan ezarri ongizate estatuaren gainbeheraren aurrean gara. Burgesiak lan indarra ematen dion langileriari erasoko dio, bere pribilegioen mantentzeko. Deus ere ez da kapitalismotik kanpo, ezta arlo sanitarioa ere. Horregatik, ekoizpen eredu honen funtzionamenduaren ondorio gisa bakarrik ulertu daiteke birusaren agerpena eta gaur egungo krisialdia; desinformazioarena eta ofentsiba burgesarena.

Burgesiak bere interesen araberako ekoizpen ereduaren bidez antolatu du mundua, klase antagonismoan. Akumulazio prozesua aitzinera eramateko, estratu proletalgoenak esplotatuz eta erasotuz. Krisialdiak frogatu du gobernanteen menpekotasuna lege ekonomikoekiko. Estatutik hartu neurriek ez dute osasuna lehenesteko xedea, bestela, beharrezkoak ez diren jarduera ekonomiko oro gelditua izanen zen. Aski da Macronen diskurtsoa entzutea: «Gerlan gaude». Garai bateko hiztegi beliko horren bidez, Frantziako Estatuak batasun nazionalera deitu du, zetorren krisi sanitarioari aurre egiteko. Epidemia bat gerla terminoetan definitzea arriskutsua da, baina gure eginbeharra da gerla noren aurka eraman behar dugun analizatzea.

Mendebaldeko herriek epidemiaren hastapenean erreakziorik eza erakutsi dute. Alarmismo orokorrak gaina hartu du ondotik. Izan ere, itxialdi neurriak azken momentu arte gibelarazi zituzten, ekonomiari kalte handiegia egingo ziotelakoan. Erabakien hartzeko garaia iristean, kontraesanak azaleratu dira: jendea errepresioaren bidez konfinatzea baina ekonomia salbatzeko beharrezkoak ez ziren jarduerak atxikitzea, adibidez. Langileei galdegiten zaiena haien aurkako ofentsiba zuzena da: krisiari erantzuteko sakrifizioak bere gain hartu behar dituzte, aldi berean, interes ekonomikoak beren premiazko eskubideen gainean jarriak direlarik. Kontraesan horien guzien artean, ezin aipatu gabe utzi alderdi politiko eta komunikabideen jarrera, alarmismoa elikatzerako orduan. Lana, kritika eta egoeraren analisi sakona egitea baino hilen kontaketa antzu bat egitera mugatzen baitute.

COVID-19aren lehen kasuak zetozkigularik, mendebaldeko burgesia ez zen beldurtzen. Hastapenean, Txinaren erantzunik eza eta ondotik erantzun autoritarioa — konfinamendu zorrotza— salatua izan da gure herrietan. Orain, mendebaldeko abantzu herri guziak Txinaren estrategia erabiltzen hasi dira, bakoitza bere ñabardurekin. Estatu bakoitzak bere politika eraman nahi izan du. Elkar lagundu beharrean, elkar kritikatzeari ekin diote. Elkartasunari lehia lehenetsia izan zaio. Baina lan bakoitzak bere fruitua du: Txinan, krisiaren latzena atzean duten bitartean, guk hasi baizik ez dugu egin, eta kritikatu dugun Txina heldu zaigu laguntzera.

Epidemiatik pandemiara, merkantzien eta jendearen mugikortasun anarkikoak dakarren arriskuaz jabetu gara. Beti azkarrago zihoan mundu hau gelditu da, gobernatzen gaituen sistemaren ahuleziak eta kontraesanak erakutsiz. Estatuak ekonomia kapitalista bermatzea besterik ez du egiten, ekonomia ahal den neurrian salbatuz, langile klasearen baitako heriotza batzuen truke. Ospitaleak egoera honen lehen lerrora bultzatuak izan dira, beharrezkoak dituzten baliabideak ukan gabe krisiari aurre egiteko.

Koiuntura honetan, COVID-19ari aterabide zientifiko bat atzemanen dion ikerketa jarri da lanean. Elkartasunez soluzio bat atzemateko ordez, ikerkuntzaren arloak ere lehiaren eta interes ekonomiko pribatuen amua irentsi du. Etekinaren goseak ez du mugarik: ikerketa batek deuseztatzen du bezperan argitaratua. Munduko potentzien ego gerlan sartuak gara.

Geroa ez da goxoenetarikoetan izanen. Egoerak berekin dakartzan etekin galerek gobernatuko dute etorkizun hurbila. Etorriko den ofentsiba burgesa birusa bera baino larriago izatea baliteke. Lan eskubideen murrizteek itxoiten gaituzte karrika eta fabrikaren arteko bidegurutzean, eta baserrian saldu eziniko mozkinen meta handitzen joanen da. Betiko sektoreak dira babes gutxiena jasoko dutenak: etxegabeak, errefuxiatuak, presoak, emakumeak... Ekoizpen eredu kapitalistaren dominatuek dominatuago segituko dute krisi honen aurrean, geroz eta egoera kaskarrago batean iraunez.

Beste printzipio batzuen arabera antolatzeko garaiada, interes ekonomiko kapitalisten eta indibidualisten gainetik, zaintza eta elkartasuna erdigunean emanez.

Iparraldea saretu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.