Iritzia emateko

Marivi Erdozain, Jose Mari Egillor eta Patxi Erdozain
2017ko irailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ziur aski, erretiratu gehienok entzuna edo irakurria dugu zerbait Nafarroan baditugula zenbait kontseilu, hala nola Gazte Kontseilua eta Kirol Kontseilua, baina oso litekeena da erretiratu gehienek ez jakitea ere Adinekoaren Kontseilu bat dagoenik; hain zuzen ere, erretiratuoi gehien dagokiguna.

Eta ez da harritzekoa ere, ez baitu izan batere presentziarik eta jarduerarik.

Hona hemen zenbait datu kontseilu hori alferreko bihurtzen dutenak erretiroaren munduan. Kontseilu hori osatzen duten kiderik gehienak ez-erretiratuak dira, kontseilariak hatzez izendatuak, eta horien artean banatzen ditu erantzukizunak, eta klubetako gutxiengo «ordezkaritza» batzordekideen postu ohorezkorako baztertzen du. Eta okerrena da urteroko batzarretan betoa jarri izan diotela benetan eragiten diguten gaiak jorratzeari. Gai horietaz aritzea «politika egitea» bezalakotzat daukate, eta, beraz, hobe ukitu ere ez egitea.

Eta, hala ere, ezinbestekotzat daukagu Adinekoaren Kontseilu bat egotea benetan —espero dugu izena aldatu ahal izatea, eta Adinekoen Kontseilua edo antzeko zerbait deitzea—, zeina administrazioaren eta erretiratuen benetako ordezkaritza baten arteko topagune egonkor bat izango den eta zeinean irtenbide adostuak bilatuko zaizkien gure arazoei.

Ez da hau arazo horiek aipatzen hasteko abagunea, baina bai jakinaraztekoa, egoera askotarikoen aukera zabal horretan, erretiratu asko eta asko ezinago babesgabe daudela hainbat arazo larri direla eta. Eta etorkizuna ez da batere itxaropentsua; gogora ekarri besterik ez dago zenbait buruzagi politiko eta ekonomikoren adierazpenak konturatzeko zein asmo dituzten kolektibo horri dagokionez. Administrazioek eta, haiekin batean, gizarteak berak ere «karitatearen munduan» kokatu gaituzte, baina guk zahartzaro duin bat galdegiten dugu, justiziaz. Autobus bonua, ordainketa partekatua eta ez-udako bidaiak merkatzen dizkigute, baina pentsio normalak eta zerbitzu publikoak jarri beharko lizkigukete, Kapitalak gure elbarritasunen bizkar negoziorik egin gabe; errentagarriagoa zaie gu kontentu eta aseta edukitzea goxokiekin, gu gure eskubideak aldarrikatzea baino.

Baina gure objektiboak bestelako jomuga bat du: gure zahartzaroa duintasunez bizitzea. Eta hori posible izango da guri eragiten diguten erabakietan parte hartzen baldin badugu bakarrik.

Horrexegatik, ezinbestekoa zaigu benetako ordezkaritza bat, gure munduan elkartasuna eta batasuna bultzatuko dituena eta nonahi ere gure eskubideak defendituko dituena.

Pozten gaitu gobernuak pausoa eman duelako, eta Adinekoaren Kontseilu hori berrikustea proposatu, parte hartzaileagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Eta, dirudienez, temati dihardu horretan. Zorionak! Baina, hori ongi egin ahal izateko, badaki erretiratuekin elkarlanean jardun behar duela, azken batean horiexek baitute interesik handiena.

Benetan aldatu nahi badugu, lehen-lehenik, ezin gara arinegi ibili. Ezer baino lehen, sozializatu egin behar dugu kontseilu on baten premia: alegia, erretiratu orok, bazkide izan edo ez izan, informazioa izan dezala eta eztabaidan parte hartzeko aukera izan dezala. Egiteko horixe dugu gaur egun gaiaz kezkatuta gauden pertsona guztiok, baina gobernuak ahalbide handiagoa du informazio hori hedatzeko eta elkarrizketa eta eztabaida errazteko. Premisa hori gabe, nekez eratu ahalko da Adinekoaren Kontseilu onik.

Bote lasterrean, hauxe proposatzen dugu:

Ahantz dezagun orain arte kontseilua izan dena, haren egiturak ez baitu ez ordezkatzen erretiratuen mundua eta ez ganoraz jorratzen gure arazorik.

Kontseilu berria izan dadila oso soila, gobernuaren eta erretiratuen ordezkarien arteko topagune etengabeko bat baino ez; hala, gobernuaren izenean joaten direnek hura ordezkatzen duten moduan, gure ordezkariek ere erretiratu guztien izenean joan beharko dute.

Bileretako edukiek, berriz, izan ditzatela hizpide guk ditugun arazoak: konponbide bateratuak bilatzeko, eztabaida eta elkarrizketa bidez. Ezinbestean parte hartu beharko dugu eragiten diguten gaientzako konponbide justuak bilatzen eta haiei buruz eztabaidatzen.

Eta, gure ustez, ez dago ordezkaritza hoberik erretiratu orok parte hartzeko aukera izango duen hauteskunde batzuetatik irtengo den horixe baino.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.