Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Itsas Presondegia

2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Pelikula bat estreinatu zen 2013an Mikael Håfström zine-zuzendariak gidaturik: Escape Plan (Ihesaldirako plana). Horko protagonistetako bat aditua zen, hain zuzen ere, segurtasun handiko espetxeetatik alde egiten. Eta horregatik kartzela berezi batera, alde egin ezinezko omen zenera-edo, bidaliko dute: alegia, itsaso zabalean nabigatzen ari den presondegira.

Pelikularen kalitatea gorabehera, fikziozko (eta ekintza) generoan kokatzen da. Baina askotan gertatzen den bezala, errealitateak fikzioa gainditzen du. Gizarte post-modernotan sarri ez dakizkigu bereizten egia eta «errealitate» birtuala. Horrelako itsas-presondegira norbait sartuz gero, ordea, arineketan jabetuko litzateke errealitate petralaz, batere birtuala ez denaz!

Halako itsas-presondegia guztiz proportzioz kanpokoa dela antzemateko atxiloketa da gakoa. Atxiloketa mekanismo konplexua da, erabilera askotakoa. Atxiloketa gehienetan delitu bat egin izanarekin lotzen dugu. Norbaitek delitu bat egin du, delitu larria, eta epaileak atxilotzeko agindua ematen du, ahalik eta lasterren bere aurrera azaldu eta deklarazioa hartzeko. Epaile aurrean berriro ere —ez beti— erabakiko da ea epaiketak irauten duen bitartean atxiloketa —behin-behinekoa— mantendu behar ote den, ez zigor gisa, baizik eta akusatuak epaiketatik ihes egin ez dezan: alegia, kautela-neurri bezala epaiketa ahalbidetzeko. Eta bukaeran delitu larria denean kartzelaldi zigorra ezar liteke, gehienetan bi urte baino luzeagoa ez denean betearaziko ez dena: hau da, bi urteko kartzela-zigorra behin betiko ezarri arren, espetxetik pasatu ez eta zigorra suspenditurik geldi liteke, mundu librean baldintza batzuen menpe kondenatuak zigorra beteko duelarik.

Ikusten denez, atxiloketa delituarekin lotuta dagoenean ez beti, baizik eta fase bakoitzean (ikerketa hasteko, epaiketa bidean dela, zigorra ezarri orduko...) larritasunaren arabera aktibatzen da edo ez; izan ere, pertsonaren askatasuna ez baita (hainbeste) ukitu behar ezta delitu (susmo) argia dagoenean ere.

Baina atxiloketa beste egoera askotan ere aurreikusita dago: esaterako, norbaitek buru-nahaste larria duenean eta barneratze psikiatrikoa halabeharrezkoa bada. Kasu horretan, adibidez, ez da delitua egon behar. Ez da askatasunaz gabetzen delitu bat egin delako. Pertsonaren buru-osasuna eta bere arriskugarritasuna (berarentzat eta beste batzuentzat) gakoa da kasuotan leku itxi batean sartu behar ote den erabakitzeko. «Atxiloketak» edo «barneratzeak» —mugitzeko askatasuna galtzeak alegia— beste logika bat dauka kasuotan, eta horrek baldintzatu behar ditu lekuaren inguruabarrak (erietxe eta ez kartzela) eta iraupena edo betetzeko moduak, besteak beste.

Itsas-presondegira bueltatuz, hor beste kasuak daude jokoan. Beste logika bat. Herri batera, kasu honetan Britania Handira, «legez kontra» edota asilo eske sartu nahi direnen kasua. Zoritxarrez ohituta gaude atzerritartasun legeak direla medio, etorkinak delitugile bezala ikustera. Hortan eskuin-muturrak zalantzarik gabe bere «ekarpena» egiten dihardu: kanpotarrak —txiroak badira!— delitugileak omen direlako. Baina eskuin-muturra ez ezik, atzerritartasun legearen logikak berak ere horretara eramaten gaitu, asilo-eskubidea bera desagertzeraino. Teoriaz lehenik eskatzaileari entzun beharko genioke asilo-eskubidea ote duen jakiteko. Europako estatuak (Britania Handia, Espainia, Frantzia...), aitzitik, giza eskubideen bermatzaile-estatusa abandonaturik, ate zaintzaile eta «iragarle» bilakatzen dira eta eskatzaileek ahoa ireki aurretik «badakite» legez kanpo ari ei direla herrira sartzen ahalegintzen. Horretan abusu estrukturala dago, asilo eskubidea indargabetze eta ukatze aldera. Baina demagun hala dela, alegia, norbait herrira sartzen dela legezko bidea jarraitu gabe. Hori berez ez da delitua, gehienez larritasun gutxiagoko arau-hauste administratiboa baizik. Denok dakigunez, ez da gauza berbera txarto aparkatzea eta delitu bat egitea: eta txarto aparkatzeagatik inor ez genuke kartzelan sartuko, ezta? Ba etorkinak paperik ez dutela atxilotuak direnean ez dira delitugile, eta horren ondorioz ez dute kartzela-zigorrik. Normalean estatuek nahi dutena da etorkinak beraien herrialdeetara itzultzea, kanporatzea, eta hori egin ahal izateko atxilotu eta kanporatu bitartean nonbaiten «mantendu» behar dituzte. Nonbait hori ezin da kartzela bat izan eta are gutxiago itsas-kartzela.

Artikulu honen hasieran aipatutako pelikularen hastapenean zera esaten diote protagonistari kartzela-itsasontzira heldu bezain laster: «Amnesty International-ek ez daki kartzela hau ere existitzen denik!». Nolabait, itsas-espetxe hura kartzelarik gogorrena bezala aurkezten da. Leku itxietan barneratuen eskubideak errespetatzea zaila bada, are zailagoa zalantzarik gabe itsaso gaineko azpiegitura batean. Kontua ez da. Ingalaterrako autoritateetako batzuek esan duten moduan, «hotelean» ala «itsasoan». Kontua da nola tratatu behar diren etorkinak demokrazia batean, gutxieneko duintasuna errespetatuz. Kontua da pertsonen balioa eta haiek tratatzeko modua. Kontua da noraino sinisten dugun giza-eskubide funtsezkoak denentzat —eta ez gutxi batzuentzat— direla.

Kasu honetan, urrats bat gehiago egin da etorkinak deabru bihurtze-prozesuan. Giza-talde batzuk deabrutzen hasten garenean maldan behera goaz. Gogora dezagun estatuak eskubide-mailaketa egiten hasten direnean, hiritar on eta txarren artean ezberdintzen hasten direnean —kasu honetan dirua aurreztu nahian aitzakia—, demokrazia bera arriskuan jartzen dela. Eta logika horri ekinez gero, zein izango ote da ba hurrengo urratsa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.