Itsasontzia hondoratzen
Krisi ekonomikoarekin batera krisi politikoa ere iritsi da Irlandara. Dublingo gobernuak nazioarteko maileguak eskatu eta berehala, Berdeek erabaki dute azken bi urteotan Fianna Fail kontserbadoreekin izan duten koalizio bitxia haustea. Bi diputatu independentek ere Gobernuari laguntza kenduko diotela iragarri ostean, Brian Cowen lehen ministroak aitortu egin du urte hasieran hauteskundeetara deitu beharko duela.
Itsasontzia hondoratzen ari dela arratoi batzuek beren burua salbatu nahi izatea historia bezain gauza zaharra da. Eta ia-ia Irlandako Errepublika bezain zaharra da Fianna Failen agintea. Ustekaberik ezean, oposizioarekin pagatu beharko du bankuei eta eraikitzaileei emandako karta zuria. Oposizioa baino faktura latzagoa pagatu beharko dute herritarrek: soldatak jaitsi egingo dira, gizarte gastua %10 txikituko da, ia 30.000 funtzionario kalera joango dira eta baliteke pentsioak ere murriztea. Gainera, gobernu berriak ez du tarte handirik izango ezer egiteko, EB etaNDF gainean izango dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu