Itxi nanogune badaezpada

2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Beldur-eragile hurbil eta primitiboez, kale-lapurrez eta auzo-hiltzaileez izu garelarik, beldur-eragile handiez, hondamendi atomikoaz kasu, nekez gara gogoratzen. Imajinazioa erabili behar dugu, «atomoa» entzun eta, hartaz beldur izateko. Aldi oro, gure imajinazioaren neke horretaz baliatzen dira boterea dutenak, guri sartzeko ziria: Atom by Atom izena eman ez zioten ba, duela urtebete paseko Donostiako zientzia-jardunaldiei.

Aldi oro, guk geuretik gogoan hartu behar dugu, atomoekin, edo abereekin, edo zelulekin lanean ari diren zientzialariak, on-egile bezain, txar-egile ere gerta daitezkeela. Ibiltzen ote dute, zientzialariek, beren jardunean, geroaldiari buruzko imajinazio-biderik? Ibiltzen ote, sentimenduak? Inoiz behinka, proiektu mortalen batekinez-ados egon eta, lana bertan behera utzi, edo huelga egiten dute?

Biziki ohitu gara, energia atomikoarekin bizitzen; ez gara egunero oroitzen hortxe, begi-kliska batean dagokeela gure espeziearen akabatzea, belaunaldi guztien ez-izatea. Aspaldi da, ez baitugu imajinatzen gerra total bat ere, mundu-gerra deitzen genituen haietarik; eta, hala ere, izan izanenda beste gerra totalik: saihestezina da, demasiaren larriak bakarrik galarazten digu istanteta izkina oro ikusi dezagun.

Arma-industria zain bezala dago... Ez da muturreraino garatu (ez da mundua oraino lehertu), ez arrazoi politikoz, edo (pentsau be) arrazoi moralez, edo bestez, ezpada makina-arrazoiz: garatuz gero, fini legoke gizajendea... makinen euren ez-izatea ekarriko lukeena.

Une horretan bizi izatea egokitu zaigu.

Heriotzarekin zuzenean jolastea laster fatala izan badaiteke, zeharkako jolasari, berriz, bio-jolasari, ez zaio halako mugarik ikusten: jasangarria da, hara.

Aspaldion, Andoaingo arma-fabrika paretik pasatzen naizenean baino (ohitu egin naiz, ba), zalantza eta egonezin handiagoak dauzkat, Ibaetako Nanogune paretik pasatzean. Hor dagoela, urte bi izanen dira, hortxe. Hortxe, autobuseko leihatilatik eskua atera eta ateko kristalak trapu batez garbitzeko moduan. Ezer ez bezala, hortxe.

Zertarako, baina, Nanogune? M.J. Bond, Estatu Batuetako idazkari ordea zenari sinestera, «nanoteknologiak [...] gose direnak elikatuko ditu; itsuei ikusmena eta gorrei entzumena emanen dizkie; bakteria eta birusen aurrean babestuz gaixotasunak erauzi, eta organo matxuratuak ordezkatuz bizitza luzaraziko digu. [Hortaz:] Etikaren aurkakoa izanen litzateke hari traba jartzea».

Batzuetan arrazoi xeheagoak ematen dizkigute, esanez eta, konparazio, halako gaixotasun arraroarentzat biziki baliagarria litekeela... xitun.

Ikusirik gure espeziearen bizirik irautea, edo geroa, zientzia-eragileen euren arabera, holako makinatxoei lotua izanen dela: gure ilobei, mina kentzeko dela, oroitzapenak txertatzeko dela, edo, sinpleki, beti begipean edukitzeko, seguru aski, zerebroan robot txikiak sartuko dizkietela... nago, badugula gaiaz gehiago jakiteko beharra!

Ezkutatu egiten dizkigute teknologia mikroskopikoaren ondorio txar seguruak nola, hala haren balizko arriskuak ere. Hortaz, gaitzen zerrenda, guk geuretik osatu behar; teknologia hauek:

—Biziaren kapitalizatzea, diru-egitea, kontrola, zentralizatzea dakartzate; gure deus-gutxitzea (ez ditugu makinak ikusi ere eginen), makinazarraren askoz-gehiagotzea.

—Biziaren atomizazioa eta mekanizazioa dakartzate; espezien nahastea: ez dago espezie jakinik; ez dago «arimarik»; neuronak eta informazio-unitateak baizik ez daude; haiekin jolastuz giza-arrazak hobe daitezke: arraza bakarrerantz, edo laborategietan landutako giza-dibertsitaterantz; haur egitea amarengandik bereiztea; haurren komertzializazioa; geure burua ezin ulertuz edo esplikatuz (esplikazio natural edo kulturalak oro soberan daudenez), bizi-izatea espezialisten esku uztea; makinen eta gorpuzkien arteko konbinazioak: makinazko organoak, memoria artifizialak.

Onartuko ote genuke teknologia mikroskopikoa, arrisku (eta segurtamen) horiek guztiak jakin, edo igarri, eta, galde eginen balitzaigu, geure epaia emateko?... Ez zaigu, baina, galdetzen. Noski, ez gara inor... betikoa. Dena dela, aurrera egitea erabaki dute.

Honenbestez, onena, nik uste, hemen akaberan, tituluan formulatu dudan eskakizun apala berriz egitea izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.