ESAITeko kide ohiak

Itxurakeriak, sobera! Borondatea, konpromisoa behar da!

Iñigo Santxo Uriarte, Martxel Toledo Garmendia eta Joxemari Ibarburu Arotzena
2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

Bost urte pasatu dira Euskadiko Futbol Federazioaren Batzarrak (2018-12-12) UEFA eta FIFAri eskaera egiteko hartu zuen erabaki egunetik. Batzarra burutu zenetik bi urte pasatu behar izan ziren (2020-12-09) Euskadiko Futbol Federazioak, euskal jokalarien ordezkaritza batek eskatuta, bere batzarrak emandako agindua gauzatzeko.

Eskabide formala aurkeztuta, 2021eko uztailean, FIFAk eta UEFAk adierazi zuten ez zutela eskaera onartzen, Euskadiko Futbol Federazioak Nazioarteko estatutuek ezarritako baldintzak betetzen ez zituelako. Hortxe amaitu zen Euskadiko Futbol Federazioak ofizialtasunari begira egindako bidea, izan ere, ezezko horren aurrean, Euskadiko Federazioko zuzendaritzak ez baitzuen Kirolaren Arbitraje Auzitegira (KAA) jo nahi izan, horretarako baldintza eta aukera guztiak alde zituen arren. Erabaki hori soilik zuzendaritzak hartu zuen, federatuen iritzia kontsultatu gabe, 2018ko batzarrak onartutakoa ezerezean utziz, eta euren hauteskunde programan agindutakoa alde batera utziz. Huts larri horren gainean oraindik ez dugu inolako erantzun minimoki koherenterik izan.

Javier Landetak eta zuzendaritza horrek oztopo bat gehiago jarri dute ofizialtasunaren bide zail, luze eta nekoso honetan, eta erantzun behar du.

Partiduari dagokiola, hiru urte igarota eta inolako mugimendurik egin gabe egon ondoren, Euskadiko Futbol Federazioak ustekabean gizonezkoen euskal futbol selekzioaren partidua antolatu du San Mames futbol zelaian, martxoaren 23rako, Bielsak zuzentzen duen Uruguaiko selekzioaren aurka.

Gaitz erdi esan dezakegu gehienok, zeren hainbeste itxaron ondoren, gutxienez euskal zaleek parada izango dugulako bi selekzio indartsuren arteko partidu gustagarri bat etxean ikusteko, eta, gainera, hori baliatu ahal izango dugulako ofizialtasunaren aldarrikapena berriro lau haizeetara zabaldu eta suspertzeko. Baina hori ez da nahikoa, inondik inora ere.

Urteetan ezer eman ez, eta orain, partidu hau antolatu dutenean, askok pentsa dezakete ez dela gutxi, baina jarrera kritiko ugari ere entzun ditugu, Euskadiko Futbol Federazioak antolatutako partidu hau itxurakeria baino ez dela argudiatuta, eta horren ondorioz partidua ez dutela babestuko publikoki adierazi dutenak ere, tartean, Iñigo Cabacas Herri Harmaila (ICHH) taldea. Azken jarrera hori ulergarria da, bai, baina ezin dezakegu konpartitu.

Urteak eta urteak eman ditugu arlo guztietako euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen eta ekimenak antolatzen. Eta noizean behin egokitu zaizkigu antzeko egoerak, alegia, federazioaren aldetik ofizialtasunarekin loturarik ez duen helbururik gabeko horrelako partiduak antolatzea eta horien aurrean publikoki eta talde gisa erabaki bat hartu behar izatea, hots, babestu edo uko egin behar izatea. Horregatik uste dut Euskal Herria Kirolak eta Gu ere Bai eragileek egin duten hausnarketa zuzena eta kontuan hartzeko dela, alegia, Euskadiko Futbol Federazioaren jarrera ilunarekin kritikoak izan eta seriotasuna eskatzearekin batera, erronkari heldu behar zaiola erabakitzea, aldarrikapenari lotuta partiduak eskaintzen dituen aukerari ezin zaiolako bizkarra eman eta, beraz, erabili behar dela betiko moduan ofizialtasunaren aldarrikapena lau haizeetara zabaltzeko.

Horrez gain, kontuan hartu behar ditugu Jagoba Arrasateren deklarazioak, Berriatutik lagun eta familiarekin Bilbora Gabonetako partidura etortzen zen ume harenak. Orain aulkia zuzentzen arituko denak argi erakutsi du euskal selekzioarekin duen konpromisoa, zelaian arituko diren jokalariak bezalaxe, eta Jagoba bakarrik utziko ez dugun moduan, aurrerapausoa eman duten jokalariak ere ez ditugu bakarrik utziko.

Ofizialtasuna aldarrikatzeko garaian, beti argi izan dugu borondate politikorik gabe hori lortzea ezinezkoa dela edo behintzat zailagoa dela. Eta horren adibide garbienetako bat, besteak beste, Euskadiko Pilota Federazioa da, Madrilgo Kongresuan alderdi politiko batzuen artean izandako negoziazio politikoaren ondoren, euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna posible ikusten delako. Baina zuzendaritza honek argi erakutsi du ez duela inolako borondaterik, eta batzarraren erabakiarekin —UEFA eta FIFAn sarrera eskatzea— zuzenean egiten du talka. Horregatik, Landetak dimititu behar du.

Federazioak —funtzio publiko gutxi batzuk izan arren— elkarte pribatuak dira, eta euren erabakiak sarritan makurtzen dira erabaki politikoetara. Ez da kasualitatea Euskadiko Futbol Federazioak 2020. urtera arte sarrera eskatu ez izana, eta ez da kasualitatea KAAren aukera zapuztu izana. Eta hori kirol arloan, arlo sozial eta politikoan dituen ondorio kaltegarriez gain, erabaki politiko bat izan da, gure herrian dagoen sentimenduaren aurka hartu dena.

Beraz, Landetak gidatzen duen zuzendaritzak dimititu behar duela esateaz gain, Euskal Herria Kirolak, Gu ere Baik eta Gure Eskuk egiten duten modura, guk ere dei zabala egiten diogu zaletu guztiei ikurrak eskuetan hartuta San Mamesera hurbiltzeko eta ofizialtasunaren aldeko aldarrikapen ekimenetan harro eta gogoz parte hartzeko.

Gora euskal selekzioak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.