Nekane San Miguel.

Joko-arauak

2025eko uztailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

New Yorker aldizkariaren bidali berezia izan zen Hannah Arendt Jerusalemen Eichmann alemaniarrari egin zioten epaiketan. Kontu jakina da epaiketa kontatzetik haratago joan zela Arendt, eta epaiketari buruz idatzitako kronikak liburu batean bildu eta Gaiztakeriaren hutsaltasuna azpititulupean argitaratu zituela. Juduen komunitateak filosofoaren azalpenak arbuiatu zituela jakitun zen Arendt, baina ez bakarrik hutsal kalifikazioa irain modura hartu zutelako. Liburua argitaratu (1963) eta urte bete luzera (1964-XI-9) Joachim Fest kazetariari eman zion elkarrizketan (Das Thema SWR- Alemania) garbi utzi nahi izan zuen ez zituela inoiz hutsaltzat eman holokaustoaren krimen izugarriak, ezta gutxiago nazien azken soluzioa deitua ere. Elkarrizketa horretan Festek Eichmannen ezdeusaren itxura azpimarratzen du; hain gizon kaskarra ikusi zuen epaiketan begirale zen batek, ea nahasteren bat ez ote zen gertatu hura Israelera eramatean galdetu omen zuen, eta horra hor Arendten ñabardura: Eichmann gizon arrunta zela, ideologiarik eta irizpiderik gabeko burokrata, aurrean izango zuen pertsonaren larru-azaletan jartzeko gaitasunik gabea, taldekide den neurrian ahaltsu sentitzen dena. Eichmannek ez dio bere buruari bere ekintza eta egin beharrekoez itaunik egiten, inolako hausnarketarik ez; berarengandik espero dena exekutatuko du. Hutsalkeria honek talka egiten du jendeak pentsatzen zuenaz, espero zen munstro baten ordez, gizon normala zuten aurrean.

Hutsaltasun kontzeptu hori erabiltzea ez zen judu-komunitatearen Arendten aurkako asalduraren arrazoi bakarra, gogor aritu baitzen filosofoa Judenrätek (Juduen Kontseiluek) nazien eskuetan holokaustoaren biktimak jarri zituztela jakinaraztean, baita Eichmanni egindako epaiketaren inguruan arau-hauste larriei buruz ere. Kronika-saiakeraren epilogoan irakur daiteke «hainbeste, hain itzel eta konplexuak izan ziren irregulartasunak, hauek estali zituztela ezinbestean planteatu beharreko arazo eta muin moralak, legezkoak eta politikoak»: 1.- Eichmann ez zen atxilotua izan nazioarteko legeek agintzen dutena jarraituz, Mossadeko agenteek bahitu egin zuten, drogatu, lotu eta ia sekretupean eraman zuten Israelera (kronikan zehar bahiketa hitza darabil Arendtek); 2.- Tribunala Eichmann bereziki epaitzeko eratu zen eta jokaera honek epaiketa justu batek eskatzen duen inpartzialtasun basikoa edukiz hustu zuen; 3.- Gizateriaren aurkako krimenak egitea bazen akusazioa, inoiz ez da argitu nazioarteko tribunal batek zergatik ez zuen epaitu. Beraz, epaitu zuten epaile judutarren konpetentzia eta legitimitatea zalantzan jarri zuen filosofoak, epaiketa penal batek behar dituen helburuak gainditu zituen neurrian. Halakoetan akusazioaren egitateak zeintzuk diren aztertzean defentsaren argudio eta frogak ere aztertu behar baitira. Eichmannen defentsari frogak aurkeztea debekatu zioten.

Munduaren erdigunea dela pentsatzen dugun Mendebalde honetan izugarrikeria aro bati bukaera eman nahi zaionean, itunak sinatu, erakunde berriak eraiki eta arau sendoak idazten jartzen gara, neurririk gabeko agintari malapartatuek eta hainbat Eichmann laguntzaile finek burututako krimenak berriz egitera ausartu ez daitezen. Nazioartean bakearen eta giza-eskubideen defentsarako zutabe eta joko-arauak idatzi ohi dira. Hala gertatu zen II. Mundu Gerra bukatutzat emandakoan, eta baliteke Israel-Estatua sendotzeko arrazoietako bat nazien krimenen aurrean Mendebaldeak ezikusiarena egin eta horrek sortutako halako ezinegon bat izatea ere.

Nurit Peled-Elhanan irakasle israeldarrak duela hilabete batzuk eman zuen elkarrizketan (2023-XI-27; eldiario.es) kezka eta mina azaltzen zigun bere aberkide gehienen palestinar eta arabiarren kontrako jarrera oldarkorra dela eta. Nurit Peleden arbasoek Israeleko estatuaren eraikitzean hartu zuten parte (gero gerokoak jasan bazituzten ere) eta etsita agertzen da bere herkideek «palestinar guztiak akabatu behar direla» diotenean; edo nazi deitzen dietenean arabiarrei, euren burua judu inozo eta koitadutzat emanez oraindik orain. Horrelakoa omen da giroa ezkerrekotzat ematen den jendearen artean ere Nurit Peleden esanetan. 2023ko atentatuak izan zirenean irakasleen arteko txat pribatu batera Jean Paul Sartre eta Frantz Fanonenak omen ziren hitzak eraman zituen Peledek: «Hainbeste urtetan okupatutakoen lepoa burdinazko hanka batek ito nahian eduki eta une batez zapaldu horrek begiak altxatzeko aukera hartu badu, zer nolako begirada aurkitzea espero zenuten?». «Hori izan da ikusi dugun begirada». Gogoeta horiek esklabotzan edukitakoei buruzkoak izanik, palestinarrek jasandakoaren aurrean ere esan daitekeela dio Peledek, eta aurrerantzean guztientzako giza-eskubideen defentsan jarraituko duela zioen.

Primo Levik, Hau gizona bada liburua idazteko arrazoiak azaldu zituenean, gizakien aurpegi beldurgarria erakusteaz gain, munduak izugarrikeria asmaezinak jakin zitzan nahi duela utzi zuen idatzita. Hain sinestezina zitzaion jasandakoa, kontatu beharrak biziraun arazten lagundu zutela. «Gure etxetan lasai, jaki beroez disfrutatu eta lagun eta kidez lagunduta eroso bizi garenoi» galdetzen digu liburuaren hasierako poeman, ea guztia kendu zaion gizakia pertsonatzat ematen dugun, ea ogi-erditxo bategatik gogor borrokatu behar dena pertsona den. Ume judu guztiak akabatu behar zirela ziotela alemanek utzi zuen idatzia ere Primo Levik liburu horretan. Egunotan entzun diot Gazan lanean diharduen mediku bati israeldarrek egiten ari diren izugarrikerien frogak gorde dituela aurrerago Nazioarteko Epaitegian aurkezteko.

Eichmannen epaiketan aipatutako arau-hausteen aurrean, Arendtez gain oso jende gutxik altxatu zuen ahotsa. Europar juduek jasandako minengatik biktima sentitzeak eman ote zion Israelgo estatuari nazioarteko arau eta itunak ez betetzeko eskubidea? Orduan, orain bezala, irabazleen zaldi gainera igo direnek guztion mesedetan eraikitako arauetatik salbuetsitako lekutik jokatzen dute, milaka Eichmannen txalo artean, eta hauek ez dute konturatu nahi joko-arauen errespetua eurentzat ere mesedegarri izan daitekeela, baina horretarako, Arendtek zioen bezala, pentsatu egin behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.