H irugarren urtemuga da. Haren heriotzarena. Zizurkildarra zen, bertsolaria. Honela idatzi omen zion amari, jada etxetik kanpo zebilela:
«Ama batentzat izan behar da
momentu hau nahiko latza
egun guztia tristuraz eta
gaua berriz oso beltza
zuretzat pozik haundiena
zure ondoan banitza
lasaitu zaite, poztu barrena
pasako baita ekaitza».
Ekaitza, baina, ez zen baretu.
Ez dut inoiz ulertu nola arraio den posiblea gaiztakeria krudelak egitea, makina bat lagunek historian behin eta berriz egin eta egiten dutena. Hots, ni ez naiz gai gaiztakeriarik egitekotz. Jakin badakit ezetz. Halere, batzuk bai, batzuk kapazak dira hori eta gehiago egitekotz. Eta neure buruari galdetu diot, behin baino gehiagotan, pertsonak direnentz.
Maiz erran da ez direla pertsonak, animaliak baizik. Baina hemen, animaliek jatekotz ehiza egiten dute, halabeharrez bizirik irautekotz. Gose direnean jaten dute, eta beren gosearen ala bertze animaliaren heriotzaren artean aukeratu behar dutenean beren buruen alde jotzen dute, malizia handirik gabe. Beraz, pertsona horiek agian ez dira pertsonak, baina ezta animaliak ere. Zer dira? Ezin ulertu. Gaizto-gaiztoak, hori bai.
Lagun min batek aspaldi kondatu zidan Ebro alderdian, 1936an, nola hamaika aldiz bortxatu eta gero, bizirik lurperatu eta erail zuten herri bateko andere gaixo bat. Dirudienez, ez zen bereziki ezkertiarra, euskalduna edo abertzalea, eta eliza maite zuen, ermita bat zaintzen zuen eta. Gustukoa zuten-edo «gizon» horiek. Eta goian errana egin zuten. Pertsonak ote, animaliak ote? Zerezkoak ote?
Urtebete baino ez zuen ume bat ere fusilatu ei zuten, handitan «gorri» bilaka ez zedin. Niri horrelakorik aginduz gero, ume bat hil, gorri, urdin ala ortzadar, nik agintariaren aurka eginen nuke tiro, eta gero gerokoak!
Handik kilometro gutirat bertze pasadizo bat aditu nuen. Horietako herri batean, zenbait mutil hil zuten, aipatu 1936ko giroa zela medio. Bada, ziurtatu zidatenez, hildakoek ez zuten inongo harremanik politikarekin. Hor izan zena, bakar-bakarrik, senitarteek tinko adierazirik, interesak eta enbidiak. Funtsean, lapurreta. Nork egiten ahal du horrelakorik? Ai ene, gurean hamaika kasu.
Bada, antza denez, inozo ni, nik uste baino jende gehiago prest dago horrelako astakeriak egitekotz. Diru truke, lana, maila, norbaiten begirunea...
Bai, nik uste baino jende gehiago da horrela. Izan ere, mundu osoan gertatu baita, eta gertatzen baita, ez hemen bakarrik, bai zera, kia, eta bai iraganean bai orainean bai, zoritxarrez, etorkizunean.
Emilio Lopez Adan, «Beltza» idazle finari duela ez asko irakurri nion berak ez zuela sinesten auskalo noiz, aspaldian, «historiaurreko komunismoa»-edo izan zenik jendartean, lanbro artean den milurtetako gizartean.
Eta ni ados nago berarekin. Zailagoa da zehaztea, haatik, zergatik batzuk horren gaiztoak diren eta bertze batzuok, berriz, hain ezberdinak, zergatik orain, gure eguneroko bizitzan eta etorkizunean justizia nahi dugun.
Ez dut inoiz uste, edonola ere, inozokeria eta zintzotasuna parekoak direnik. Jende anitzek bai, badakit. Baina nik ez. Batzuendako zenbait lagunek bizitza osoan egin dutena inozokeria da, ergelkeria, zentzugabea, dirurik ez irabazi, maila ez eduki, bertzeengatik kezkatu, ume, gaixo edo adinekoei lagundu eta bertze. Nik, baina, eta modan ez badago ere, horri zintzotasun eredugarria deitzen diot, eta komentziturik nago, buru-belarri komentziturik ere, bertzeena dela arazoa: Inozokeria eta zintzotasuna ez dira bidelagunak, inozokeria eta gaiztakeria bai.
Horregatik Joxe Arregi oroitu nahi dut. Ezagutu zutenek idatzi zuten ez zela inozoa, ezta gaiztoa ere. Bitxia gero, orduan zergatik torturatu zuten Madrilen hil arte?
XVIII. mendean, Iruñetik desterratu zuten lagun batek euskaraz idatzirik: «Tortura bizi den lurrean da hila justizia».
Joxe Arregi zintzoak, bere aldetik, honela gehitu zion amari:
«Badakit beti neretzat zela
zure maitasun haundina
beti neretzat gordetzen zenun
zenun gauzarik onena
nere ordaina berriz izan da
sufrimendu eta pena
baina ez pentsa ahaztu naizela
bihotzean zaitut ama».
Seme hoberik ote?
Bukatzekotz, barka atrebentzia, bertze abertzale on bat oroitu nahi dut, «iruinshemea», Jarauta karrikako Joseba zena, urtarrilaren amaieran hila, bere hondar egunotan eskua luzatu zidana, beti eskertuko diodana.
Biak izarrak dira Euskal Herriko zeru gainean!
Joxe Arregi, otsailaren 13a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu