Justifikazio absolutuak eta egia erlatiboak

2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Albert Einsteinek erlatibitatearen teoria berezia argitaratu zuen 1905ean. Horretarako, oinarri hartu zituen bai bere aurkikuntza enpirikoak, baita beste zientzialari batzuenak ere, eta hainbat froga teoriko ere garatu zituen. Ordura arte uste zenaren kontra, denbora erlatiboa zela esan zuen; abiaduraren menpekoa, alegia. Argiaren abiadura gutxi gorabehera 300 mila kilometrokoa izanik, teoria horrek frogatu zuen denbora astiroago pasatzen dela argiaren pareko abiaduran mugitzen den behatzaile batentzat, geldirik dagoen edo abiadura txikian mugitzen denarentzat baino.

Egunotan esperimentatu ahal izan dugu ehun urte baino gehiagoko teoria hori aplikagarria dela daukagun egoeran. Ia-ia argiaren abiaduran higitzen den birusa inguruan daukagunean, denbora mantsoago doa; ez dute berdin irauten konfinamenduko hamabostaldi luzeak eta izurriterik gabeko abuztuko oporraldikoak.

Badirudi ezinbesteko aktibitatea definitzeko egin behar den ariketak ere emaitza ezberdinak eman ditzakeela. Ez dakit horiek abiaduraren baten menpekoak diren, baina nabaria da erlatiboak direla. Aldiz, absolutuak dira lortutako emaitza erlatibo horiek justifikatzeko ematen diren argudioak. Einsteinek bere teoria frogatzeko erabili zituen formulak eta arrazoibideak ezerezean gelditzen dira horien ondoan. Jakina, egia dena frogatzea kostatzen bada, pentsa egia erlatiboaren frogak eman ditzakeen buruhausteak. Penagarriena da alarma egoeran egotea nahikoa ez izatea ados jarri behar dutenak bat etortzeko. Pentsatu nahi dut ez dela ezgaitasun kontua, interes kontua baizik.

Aho batez esan dezakegu babesteko maskaren fabrikazioa beharrezko aktibitatea dela. Momentuz, kolore bakarrekoak ikusi ditut: zuriak, orlegiak, arrosak... Nork jakin, izurriteak luzaro iraunez gero, udaberriko denboraldiko modeloak egiten hasiko ote diren diseinatzaileak edo orain arte ez-nahitaezko aktibitateetan ziharduten enpresak. Laster ager daitezke koloretako maskarak, lazodunak, zetazkoak eta abar. Eta, ikusitakoak ikusita, beharbada, koloretakoak edo lazodunak nahitaezko bihurtuko dira. Eta izan daiteke, beranduago, jatorrian nahitaezko egin zituen babes izaera bigarren mailara pasatzea, eta kolore edo apaingarri izaera izatea ezinbesteko egingo dituena. Hori gertatzen denean, teoria absolutu berri baten aurrean egongo gara, eta haren bidez, koloretako edozein gauza beharrezkotzat joko da, eta haren inguruko derrigorrezko aktibitate berriak sortuko dira. Besteak beste, koloredun mikrouhin labeen fabrikazioa, lazodun lanparena, eta beste asko. Absurdoa, ezta? Ba hori gertatzen da norberea gailentzeko nahia mugaren mugara daramagunean; zentzugabekerian erortzen garela.

Ematen du koronabirusa noraino eta nolako abiaduran zabaltzen ari denaren adierazle bihurtu direla politikari ezagun bati egin dioten testa eta haren positiboa; beste batek medikuarengandik jaso duen alta; edo azken egunean egin den proba kopurua. Ez dut guztiz ulertzen zein den informazio horretatik atera behar dudan mezua. Politikariei ere testak egiten ari direla? Norbaiti alta eman diotenez, egoera orokorra hobetu egin dela? Gaur egindako test kopurua handia dela?

Kezkatzen nauena da beharrizana atzeman den kasu guztietan ea proba egin ote den; ea norbait probarik barik geratu ote den. Arduratan nago izurriteak bihar eta etzi izango duen dinamikaz ere. Garrantzitsua da informazio osoa eta baliagarria izatea izurrite honen botereaz jabetzeko, indar eremua galtzen doan jakiteko, erabakiak hartu behar dituenak ahalik eta informatuen hartzeko, eta agindutakoak bete behar ditugunok konbentzimenduz jokatzeko.

Eguneroko kutsatu berrien kurbak asko esaten dit, eta lautada egoerara iristen dagoela esango nuke. Bestalde, epidemiologian, erreprodukzio zenbakia erabili ohi da birus baten erritmoaren adierazle gisa. Zenbaki horrek esaten du kutsatuta dagoen pertsona bat beste zenbat pertsona kutsatzeko gai den. Jatorritzat edo hasierako unetzat 500 kutsatuko momentua hartzen badugu, izurritearen erreprodukzio zenbakia 1 pasatxoan dago Espainian, jatorriko puntutik 28 egun pasatu direnean. Kontuan izan 4 balioaren bueltan ere egon dela. Txinak, eta jatorritzat bertako 500 kutsatuko eguna hartuz, 35 egun behar izan ditu zenbaki hori 0,8 balioaren ingurukoa izan dadin. Beraz, aurrerantz goazela esan daiteke, eta datu horiek esperantza ematen didate.

Ezinbesteko aktibitateak definitzea hainbeste kostatzen denean, jasotzen dugun informazioaren zati bat Espainiako Estatuko ezinbestekoei koronabirusaren testa egin zaiela esatera bideratuta dagoenean, eta, zientzialariek diotena, bakarrik, probatutako guztiak balio izan ez duenean hartzen denean aintzakotzat, in extremis, beste nonbaiten aurkitu behar dut informazio babesa. Ahuntz ama erosketak egitera joan zen, antxumeak etxean bakar-bakarrik utzita. Norbaitek atea jotzen bazuen, atepetik begiratzeko, eta hanka beltzak ikusten bazituzten aterik ez zabaltzeko agindua eman zien; koronabirusa izan zitekeela-eta. Badaezpada, neuk ere ez diot hanka beltzak dituen inori aterik zabalduko, baina, horretarako, konbentzituta egon behar dut.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.