Kaleko burokratak

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Akademia anglosaxoian aspaldiko ikergaia da gizarte protestaren poliziagintza edo, haien hitzetan, policying-a. Zilegi bekit metafora, zakurrak oinutsik dabiltza han ere, baina heziketa hobea dute, zalantzarik gabe, eta han herrigintzak estatugintzari aurrea hartu dion neurrian —ez Espainian bezala—, argiago dute poliziaren zeregina askatasunen egikaritza babestea dela, eta eremu publikoan batzuon eta besteon eskubideen artean piz daitekeen talka ongi kudeatzea.

Egia da bobby-en mitoa jada oso urrun dugula, eta mundu zibilizatuenean ere goizeko bostetan ate joka duzun hori ez dela maiz esne saltzailea.

Giorgio Agamben filosofoa gurean aski ezaguna dugun «salbuespen egoera arruntaren» barreiatze globalaz aritu zaigu, bai eta eskubideen eremuaren murrizketaz. Diagnostikoaz haratago jo beharko genukeela esango nuke: lehenik, desdemokratizazio honen ardura nork duen zehaztuz —poliziak ez baitu bere kabuz erabaki shock doktrinaren ezarpena—, eta, bigarrenik, joera honi aurre egiteko moduak antolatuz. Borrokatzen ez diren eskubideak ez baitira betiko. Nola ekin, baina? Ezagututa ere, zaila izango da sistemaren azken kudeatzaileengana zuzenean iristea. Hortaz, xumetik, tokitik abiatu beharko da defentsa. Gure kaleetatik.

Herritarron eskubideak bermatzeko kale mailako burokratak omen dira poliziak —street-level burocrats, dio Donatella della Portak—, baina ez nolanahikoak. Estatuaren indarraren monopolioaren jabe diren aldetik, haien erantzukizuna, kontu-eman beharra edo accountability maila, askoz ere altuagoa izan beharko litzateke: haien jarduerak eta jarrerak, erabiltzen dituzten tresnak, armak, haien aurpegiak... ezagutu behar ditugu, eta agenteen segurtasunaren aitzakia ezin da aterpe izan, muturreko egoeratan ez bada.

Horixe da, hain zuzen ere, kazetarien lana: jarduera polizialaren publizitatea ziurtatzea, hitz horren sakontasun guztia aintzat hartuz. Publiko egitea. Publikoari erakustea. Ez gara ari, noski, Ministerioren agirietatik elikatzen diren kazetari «oheratuez». Kaleko burokraten lanaren kontrolak, kalean ari diren kazetari askeak behar ditu, lekuko independenteak.

Espainiako poliziagintza eredu ezagunak —Melitonen garaitik apenas aldatu denak—, abagune aproposa topatu du bere ohiko jarduera autoritarioak egoera globalaren sintonian jartzeko. Dena den, ezaugarri berriak ditu gaurko poliziagintzak. Barne disidentzia kudeatzeko moduak findu egin dira zertxobait. Duela urte gutxi, egunkariak itxi eta kazetariei kartzela zigor luzeak ezartzen zitzaizkien, orain, berriz, kazetari banakoak dira isunak jasotzen dituztenak... Jazarpena lehen baino «kirurgikoagoa» da. Erantzun errepresiboak zibilizatuagoa dirudi. Irudipena besterik ez da. Eskubideei egiten zaizkien eraso lausoak —poltsikoa xahutzera datozenak, esaterako—, maltzurragoak izan daitezke, halako zigorren aurrean herritarron sumindura piztea ez baita hain erraza. Eskubideen iturria den amorrua. Kazetari duinen argazki lazgarriek gugan eragiten duten haserrea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.