Kant eta Darwin artean

2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Otsailaren 12an hil zen Kant, 1804an, eta, egun berean bost urte beranduago, 1809an, Charles Darwin jaio zen. Pentsamenduaren erraldoiak izan ziren biak, egiaren bilatzaileak, espiritu libreak, fanatismoaren eta miseria dogmatikoen etsaiak.

Etorkizuneko filosofiaren eginkizunetako bat Kanten jarrera filosofikoa Darwinen tesi zientifikoekin elkartzea dela esan zuen Jürgen Habermasek 1998an bere Pentsamendu postmetafisikoa liburuan. Charles Darwin ulertzeko Kant irakurri beharra dagoela erantsi zuen, era probokatzaile samarrean. Kantek dioenez, Ilustrazioa ulertzeak norbere burua ulertzea dakar: zer garen, zer pentsatzen dugun eta zer egiten dugun.

Kanten Arrazoimen praktikoaren kritika eta Darwinen Espezieen jatorria dira gure gidaliburuak. Modernitate filosofiko eta zientifikoaren laburpen moduko bat dira. Gure mundu ikuskera goitik behera aldatu dute. Gizakiaren jatorria nolakoa den azaldu zuen zientzialari ingelesak; gizateriaren etorkizuna nolakoa izan behar lukeen adierazi zuen filosofo alemaniarrak. Biziaren zientziaren oinarriak ezarri zituen batek; moralaren filosofiaren printzipioak, besteak. Inor ez da Kant bezain sakon barneratu etikaren munduan. Inork ez du Darwinek bezain zorrotz aztertu espezieen eboluzioa.

Darwinismoak, naturaren eta gizatasunaren ikuskera berria sortuz, paradigma aldaketa eragin du. Darwin bera ere jakitun zegoen bere teoriak erabateko aldaketa eragingo zuela filosofian. Kulturaren alderdi guztiei eragin die, filosofiari eta etikari ez ezik, baita politikari eta erlijioari ere. Errealitatearen alde guztiak biologizatu ditu. Naturalizatu egin du izakia. Kant bera ere bai. Arrazoiz esan daiteke «munduaren darwinizazioa» gertatu dela.

Gure espeziea apartekoa dela uste izateko arrazoi sendorik ba ote dagoen galdetzen du Richard Dawkins biologo darwinista ezagunak. Baietz erantzuten du, gure espeziean ikusten dela garbien zer egin dezakeen eboluzio kulturalak. Eta hitz batekin laburbiltzen du gizakiaren ohiz kanpoko ezaugarri nagusi hori: «kultura». Hautespen naturalaren ondorioa baina zerbait gehiago gara.

Orain dela bi milioi urte animalia estrainio bat agertu zen Lurraren gainean. Hitz egiten, lanabesak fabrikatzen, arte lanak produzitzen, hildakoak lurperatzen eta jainkoak asmatzen hasi zen. Jokaera berri horiei buruzko ikerketa gehienek gizakiaren «berezitasuna» nabarmendu dute. Gizakia, lehenik, animalia espezie bat da. Gaur egun (ia) inork ez du zalantzan jartzen gizon-emakumeen abere oinarria.

Gizakia, bigarrenik, animalia kulturala da. Darwinek senidetu egin gaitu guztiok, animaliak, landareak eta gizakiak. Baina naturalista ingelesak ez zituen argi nabarmendu gainerako animaliengandik bereizten gaituzten desberdintasun sakonak. Hizkuntzak eta etikak bereizten gaituzte, batik bat. Hau da, animalia berezia da gizakia. Etika ez da eboluzioaren teorian oinarritzen: geneak ez dira arau moralen sorburu.

Ezagutza teoriaren galdera klasikoa izan da gure buruaz zer jakin dezakegun galdetzea. Gaur egun, galdera hori oso modu erlatiboan da filosofikoa. Gure burmuinaren ikerketari dagokion arazoa da neurri handi batean. Asko ikasi beharra dute filosofoek. Ezagutzaren izaera edota hautatzeko ahalmena ulertu nahi badute, neurobiologiaren berri jakin beharra daukate. Arlo honetan, beste askotan bezala, aholkulari lana egitea dagokio filosofiari.

Giza naturaren ikuspegia erabat aldatu da zientziari esker, eboluzioaren teoriaren eta genetikaren ekarpenei esker, bereziki. Darwinen aurkikuntzatik bi mende geroago, genomaren ezaguerak gure naturaren barne deskribapena eskaini digu. Burmuinaren ezagupen handiagoari esker, askoz gehiago dakigu giza naturari buruz. Ez gara huts-hutsik jaiotzen, geneek daramaten informazioarekin baizik. Baina badago beste informazio mota bat ere, geneen bidez ez baino esperientziaren eta ikaskuntzaren bidez eskuratzen duguna.

«Hirugarren kultura» ari da sortzen. Jakintzaren bi adarrak, zientifikoa eta humanistikoa, bateratu nahi ditu. Tradizionalki filosofiaren —antropologia filosofikoa deitu izan zaionaren— arlokoak ziren auziak zientzialariek aztertzen dituzte orain. Humanitateak (filosofia, historia, etika, artea, eta abar) gero eta gehiago ari dira zientzietara hurbiltzen. Hauekin bat egiteko bidean dira, hein batean. Biologiak eta kulturak elkarri eragiten diote. «Koeboluzioaren» ideia proposatu du Edward O. Wilsonek geneen eta kulturaren arteko interakzio estua azaltzeko.

Giza naturak, gure genoman finkaturik dagoenak, jokaera plastikotasun handia eman digu, hots, pentsamendu autonomia eta erabakimena. Horregatik, determinismo biologiko guztien gainetik, gizakiaren autonomia gailentzen da. Arrazoi zuen Kant jakintsuak: gizakiok «bi erreinutako hiritarrak» gara, mundu naturaleko eta moraleko kideak. Kantek bazekien naturako lege orokorrek erabakitzen dutela gure jokabide fisikoa, baina moral kontuetan dena gure esku balego bezala jardun behar dugula adierazi zuen.

Kant eta Darwin dira pentsamendu modernoaren zutabe nagusiak. Haien begiekin ikusten dugu mundua. Ez dago ikuspegi kantiarra kontuan hartzen ez duen teoria etikorik. Askatasuna eta duintasuna dira Kanten filosofia moralaren kontzeptu giltzarriak. Kantek orain dela berrehun urte proposatu ziguna gaur egungo etika laikoaren muin eta ardatz da dagoeneko.

Azkenean, betiko galdera kantiarra ageri zaigu: «Zer da gizakia?». Gure egunotan ere galdera beraren inguruan bueltaka dabiltza filosofo eta zientzialariak. Darwin eta Kant uztartzean dago gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.