Antoni Segura i Mas.

Katalunia irailak 27ra begira

2015eko irailaren 27a
00:00
Entzun
Dagoeneko inork ez du ezbaian jartzen Kataluniako hauteskundeak plebiszitarioak direla nabarmen, eta, egiaztatu ahal izan denez —inkestetan ageri den zalantzatien kopuru handi hori gorabehera (bederatzi, azken hilabetean)—, beste edozein hauteskunde autonomikotan baino parte hartze handiagoa izango da. PP eta C's-ekoek bezala beste batzuek ere hasieran esaten bazuten ere ez zirela plebiszitarioak, orain onartu egin dute ohiz kanpokoak izango direla, eta garrantzitsuak direla nabarmendu. Are, Espainiako Gobernuak konplize nahi ditu atzerriko buruzagi nagusiak prozesu sezesionista legez kanpo uzteko. Hain dira eskasak orain arte baliaturiko argudioak —konstituzioaren kontrakotzat jotzeraino autodeterminazio erreferenduma—, kanpokoen babesa behar baitu —Obama, Merkel, Cameron, eta beste hainbatena— bere immobilismoa justifikatzeko; Quebecen, esaterako, Kanadako Auzitegi Gorenak kendu zien horretarako baimena, 1998an, eta gogorarazi, Kanadako Konstituzio federalak autodeterminaziorako eskubiderik ez bazekarren ere, printzipio demokratikoek gailendu behar zutela beti lege esparruaren eta demokraziaren arteko tirabirarik gertatuz gero —Quebeceko herritar gehienak independentziaren aldekoak izaki—. Erresuma Batuaren kasuan, gogora ekarri besterik ez dago gobernu britaniarrarekin adostu zituztela erreferendumerako baldintzak eta deialdia.

Baina, jakina, gauza bat da Erresuma Batua, eta oso besterik Espainiako Estatua. Katalunian, erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdiak ahalegin betean aritu dira erreferendum adostu eta legezko bat egin ahal izateko. Baina alfer-alferrik izan da dena. Eta, ezohiko lau Diadaren ostean —irailaren 11 izan ohi da Kataluniako festa nazionala—, eraldatu egin da prozesua —2010eko ekainean hasi baitzen Auzitegi Konstituzionalak 2006an Kataluniako Estatutuaren kontra emandako sententzia hura zela bitarteko—, eta independentziaren aldeko babes gero eta handiago, askotarikoago eta baketsuago bihurtu. Eta, erantzun gisa, mehatxu oldea, baimen kentzeak, politika judizializatzea…. Beti bezala, argudio demokratikorik izan ezean, beldur eta zatiketa politiketara jo ohi da. Eta, bakoitzaren aukera politikoa gorabehera, hortxe erakutsi dute kohesio sozialik handiena Kataluniako herritarrek, Kataluniako prozesuaren kontrako kanpaina guztiei irmo aurre eginez.

Gaur-gaurkoz, argi daude jarrerak. Batetik, zerrenda bateratu bat eratu dute CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoak —jada UDC Kataluniako Batasun Demokratikoa gabe—,ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoak, ANC Biltzar Nazional Katalanak, Omniun Culturalekoek, PSC Kataluniako Sozialisten Alderditik eta UDCtik bananduek eta gizarte zibileko hainbat kide nabarmenek: Junts Pel Si (Baiezkoaren alde batuta), zeinek, gehiengo absolutua lortuz gero, urte eta erdiren buruan amaitu nahi baitu independentziarantz daraman ibilbide orria. Aldi horretan, edozein Estatuk behar bezala funtzionatzeko behar dituen azpiegiturak egingo lituzke, eta Kataluniako Errepublikaren konstituzioa idatziko luke. Eta Espainiako Gobernuarekin eta Europako erakundeekin berriro negoziatzen saiatu eta gero —oraingoan, sezesio prozesua bururaino eramateko erabaki benetakoa hartua duen gehiengo parlamentarioak babesturik—, parlamentuan onarturiko Konstituzioari buruzko erreferenduma egingo lukete azkenean. Eta, bestetik, ezkerralderago eta gizarte mugimenduetako oinarrietatik, CUP Batasun Popularraren Hautagaitzak berehalako haustura baten alde egingo du —«hautsi Espainiako Estatuarekin, hautsi EBren eta troikaren aginduekin, prozesu konstituziogile herritar eta parte hartzaile bati ekin, eta gizarte larrialdirako plan abiarazi austeritate neurriek eragindako miseria behingoz geldiarazteko»—; betiere, gehiengo absolutua lortzen baldin badu eserlekuetan eta botoetan. Programa bat, «azken batean, erabateko subiranotasuna bermatzeko Kataluniako herriari, behetik ezkerrerantz, ezkerretik askatasunerantz».

Beste aukera batzuk —hala nola CSQP Cataluña Si Que Es Pot (Kataluniak ahal du, bai horixe), ICV-EUiA Kataluniaren Aldeko Ekimena-Berdeak eta Ezker Batua eta Alternatiba, Podemos, Equo eta beste hainbat gizarte mugimendu— erabakitzeko eskubidearen aldekoak dira, baina ez dute azaldu zer-nola burutan atera hori, hurrengo lege hauteskundeen ostean Espainiako politika aldatuko delako ustea izateaz harago. PSCren hondarrak, berriz, betiko postulatuetara jo du, eta uste osoa jarria du berriro Espainiako Konstituzioaren erreforma federalean, zeina sekula ez baitzuen proposatu ere egin PSOEk gehiengo absolutuak edota laguntza nahikoak zituelarik Madrilen. Gainerakoak, PP eta C's, tematuta daude edozein kontsulta legez kanpokoa dela, eta Espainiaren batasuna ezin ukituzkoa.

Halako jokaleku batean, gauza batzuk dagoeneko oso argi daude. Lehenik, zigortzeko gogo agerikoa dago, aspaldidanik kaleetan modu baketsuan eskatzen ari zirenaren alde bozkatuz. Bigarrenik, ez dirudi zalantzarik duenik gehiengo independentistak (Junts Pel Si + CUP). Azkenik, eta eraso mediatiko zein judizialak, mehatxuak eta beldurraren diskurtsoa gorabehera, Kataluniako gizarteak bere hartan eutsi dio kohesio sozialari, ez du ageri zatiketa eta ahultasun zantzurik, eta itxaropen eta uste osoa du bere etorkizun politikoa askatasunez erabaki ahal izango duela erreferendum bidez, zeina egitean bat datozen herritarren %80, baita Espainiako Estatuaren parte izaten segitu nahi duten asko ere. Gero eta geraezinago dirudien prozesu bateko lehen garaipen handia da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.