Kataluniako hiriburua? Askatasuna

2015eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Ahoz aho dabilenez, Pedro Sanchezen eta Mariano Rajoyren arteko buruz burukoan oso gutxi hitz egin zen Kataluniaz eta independentzia prozesuaz. Horrek aurrez aurre jotzen du Kataluniako irrikari erreferentzia egiten zioten kanpainaurre batekin. Itxura guztien arabera, Espainiako alderdi batzuek Goliaten nagusikeriaz dihardute, hasi baino lehen David garaitu dutelakoan, eta ez ikusiarena eginda desagertuko delakoan.

Baina Estatu mailako alderdietako buruen arteko telebista eztabaidetan gertatzen dena gertatzen dela, nola eragin dezakete abenduaren 20ko hauteskundeek prozesu independentistan? Emaitzek errotik alda ditzakete Kataluniako gizartearen lehentasunak?

Garrantzitsua da nabarmentzea hauteskunde zerrendetan hiru alderdi independentista nagusiek hartu dituzten erabakiak: ERCk eta Convergenciak Junts Pel Siren esperimentua ez errepikatzea erabaki dute. Modu horretan, berretsi egiten dute joan den irailaren 27ko bozen aparteko izaera. Baina bi alderdiek ezaugarri bereziko zerrendak osatu dituzte aurreko bozekin alderatuta. ERCk, aurreko hautagaien soslaien aldean, gaztelania hiztun bat hautatu du zerrendaburu. Mezua igorri nahi izan die Espainian edo beste toki batzuetan egon daitezkeen balizko independentziazaleei. Zatiketa linguistikotik harago herri bat eraikitzeak oinarri subiranistak handitzea ekarriko du. Convergentziak, bestalde, Unioren hausturaren ondoren, neurri txikiagoa duten aliatu batzuk topatu ditu, baina beste sigla batzuen atzean ezkutatzeko aitzakia eman diote. Democracia i Llibertat, izenaren esanahi esplizituaz harago, alderdia mehatxatzen duten ustelkeria auziak disimulatzen saiatzen da, eta irudi berritua eta aldaketarako borondatea duena ematen laguntzen dio, Podemos eta Ciudadanos agertzen direnean akusazio guztietatik garbi dauden bi alderdi gisa.

Azkenik, CUPek deskonexioa egintzat ematen du. Horregatik, eta aurreko hauteskundeetan egin zuten moduan, abstentzioa eskatu dute,herritarrak ez daitezen mintza atzerriko bozetan. Gauza bera egin zuten iragan apirilean, CiU, ICV eta ERC Espainiako Gorteetara joan zirenean eta CUP Katalunian geratu zenean honako hau argudiatuz: ez zitzaiola inori baimenik eskatu behar galdeketa bat egiteko.

Kataluniako Gobernuaren osaketa konplexua ez da jokoz kanpo egon hauteskunde kanpainan, eta ez da egongo ere igandeko bozen ostean. Batetik, stricto sensu bete da Junts Pel Siko bi alderdi nagusien arteko ituna, elkarri ez eraso egitekoa, alegia. Eta esan genezake CUPek profil publiko apala mantendu duela abstentziora deitzeko kanpainan. Horrenbestez, nahiz eta akordio bat lortzeko negoziazioak oso tenkatuak egon, alderdi independentistek pax romana mantendu dute, eta hauteskunde kanpainaren zarata baliatu dute diskrezioz eta isilean negoziatzen segitzeko.

Erakunde subiranistak ere bigarren mailan geratu dira, eta ez dira joko zelaian sartu egunotan. Nolanahi ere, Convergentziak baliatu du herrialdearen aparteko egoera, erreparorik gabe, Generalitaterako bere hautagaia aurkezteko, Artur Mas. Jarduneko lehendakariaren ekitaldi ugari egon dira, parte hartu du eztabaida publikoetan, eta kartel askotan azaldu da, eta, batzuetan, badirudi Francesc Homsek, Democracia i Llibertateko hautagaiak, Convergenciaren bozeramaile segitzen duela, zerrendaburua izan ordez. Horrela, zentro-eskuineko alderdi independentistak berretsi egin nahi du Artur Mas presidente izendatzeko ahalegina, eta modu nabarian azpimarratzen du marra gorri bat dela hori CUPekiko akordioan.

Kanpainako beste aipagaia honako hau: Pablo Iglesiasen jarrera Kataluniako etorkizunari buruz galdetzeko, eta bere hauteskunde itunak baldintzatzea promes horrek. Horri gehituz gero Ada Colauk mitinetan eta ekitaldi publikoetan eginiko agerraldi ugariak, En Comu Podem-i arnasa handia eman diote horiek guztiek. Bozetarako gutxi falta delarik, esan daiteke aukera handiak dituela Katalunian irabazteko.

Batetik, horrek ilusioa eragiten die independentistei, aukera ikusten dutelako aldaketa handiak eragiteko eztabaida eratzailea egin dadin, eta badago konfiantza Xavier Domenech buru duen alderdiak, ohartzen denean akordioa ezinezkoa dela PP eta Ciudadanosek osatutako gobernu batekin, erreparorik gabe estatu berri bat eratu beharra onar dezan, benetako aldaketa soziala izan dadin. Baina, aldi berean, Zapateroren mamua, «Kataluniako Parlamentutik ateratzen zena onartuko zuela» zioena eta desengainua eragin zuena, oso gertu dago oraindik. Mesfidantza handia eragiten du sektore independentistan, eta beldurra dago egoera betikotzeko eta balizko erreferenduma sekula ez egiteko.

CUPek abenduaren 27ko batzarrean hartuko duen erabakiaren zain, eta bi alderdi independentisten arteko ituna nola bukatuko den jakiteke, ezerk ez digu pentsarazten jarrera independentistek eta autodeterminazioari buruzko galdeketaren aldekoek behera egingo dutenik. Justu kontrakoa: uste dut amaitutzat eman daitekeela Kongresurako bozetan gertatzen zen boto dual famatu hura.

Nolanahi ere, Bartzelonako alkatearen adierazpen polemikoen ondotik, igandean gertatzen dena gertatzen dela, ez dago zalantzarik: Kataluniak hiriburu demokratiko, sendo eta itxaropentsua nahi du. Eta hiriburu horrek Askatasuna izena du.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.