Karmelo Landa.

Kataluniaren ispiluan

2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Katalunian ari da mundua aldatzen une honetan. Garai berri hauetako iraultza prozesu konkretua hortxe ari da gertatzen, eta horren froga dira, besteak beste, prozesu horrek nonahi pizten duen interesa eta probokatzen dituen jarrera kartsuak.

Noraino helduko da proces katalana. Eskuratu ahal izango dute bertakoek bizitza kolektiboaren kontrola. Eman ahal izango da estatu espainiar zaharkitutik estat catala berrirako trantsizioa. Eratuko dute Errepublika aldarrikatua. Izango dute beren tokia nazioarteko erakundeen artean. Biziko da Katalunia etorkizunean.

Horiexek dira une honetan guztiok egiten ditugun galderak, oraindik erantzun argirik ez dutenak. Ez dago erantzun beterik, baina prozesua bere egin eta hurbiletik laguntzen duenak soma ditzake joerak eta neur ditzake alde bateko zein besteko aukerak eta probabilitateak.

Duela bi urte hartu zuen Kataluniak lehen erabaki publiko larria, 2015eko azaroaren 9an Parlament-ak Estatu katalan berriaren eraketa prozesuari hasiera ematea onartu zuenean. Ordutik aurrera azkartu zen prozesua, eta ziztu bizian doa une honetan. Norantza, baina?

Ez doa noraezean. Estrategia zehatz eta ondo landuari lotuta doa, eta zutabe sendoak ditu, kontra egiten zaizkion eraso guztiei eutsi eta iparra mantenduz. Ez dago inprobisaziorik. Ondo kokatzen ari da testuinguru konplexuan, eta urrats sendoak ematen ditu. Ze zutabetan oinarritzen da, baina?

Barne-kohesio handia lortu du, urtetik urtera, katalanitateak. Bertako nortasun kolektiboa oso sendotu da azken hamarkadetan, integrazio faktore garrantzitsua bilakatuz. Ez ditu ezaugarri sinpleak, baina batzuk bederen oso nabarmenak dira, katalan hizkuntzaren beraren onarpen maila eta hedapena tartean. Sistema politiko-instituzionala ere bertakotu egin da, batez ere kanpoko eraso larriei erantzunez. Bide horretatik, gainera, bertan erabakitzearen printzipioa, batetik, eta independentzia nahi zehatza, bestetik, helburu kolektibo nagusi bihurtu dira. Errepublika katalanaren helburu gauzagarria.

Benetan gauzagarria da errepublika katalana? Estatu espainiarretik alde eginda? Europar Batasunean ala kanpo, baina nazioarte honetan?

Has gaitezen nazioarteari begira. Katalunia gaur dagoen tokian estatu independentea sortzea benetako aukera da nazioarteko arauei eta praktikari begira. Ukazioaren teorizatzaileek diotenaren aurka, autodeterminazioaren praktika bide irekia da oraineta hemen. Jakin behar da Nazio Batuen Erakundean, 2014ko Asanblada orokorraren 69. saioan, praktika hori modu oso zehatzean arautu dela: «autodeterminazio prozesu oro, herritarren parte hartzea bermatuz, indarrean den estatu baten parte batean gara daiteke, autonomia, federalismoa edota autogobernua baino haratago, banaketa eta Estatu propioa sortuz. Azken kasu honetan, garrantzitsuena zera da, indarraren erabilera ekiditea» (agiriaren 63. puntuan). Are zehatzago: «Estatu propioa lortu ahal izateko lau baldintzak hauek lirateke: populazio iraunkor eta egonkorra, lurralde zehatza, gobernu propioa etanazioarteko gainontzeko estatuekin harremanetan sartzeko ahalmena. Zentzu horretan, gainontzeko estatuek sortu berri den estatua ezagutzea eta onartzea desiragarria izanda ere, ez da eraketarako baldintza, deklarazio balioa baino ez duen baldintza da». ( agiriaren 75. puntuan)

Baina Europar Batasuneko buruzagiek gaur Espainia besterik ikusi nahi ez duten tokian, egingo diote bihar lekurik Kataluniari? Bada, horren erantzunerako bataila une honetan Bruselan kokatu du, azertu handiz, Generalitateak. Hantxe ari da libratzen eta ez doa batere gaizki katalanen interesei begira.

Eta Estatu espainiarrean, zer? Nola aldegin horien atzaparretatik eta Estatu propioa bideragarri bihurtu? Has gaitezen konstatazio honetatik: Kataluniako proces hau hain da sendoa eta estrategian ondo bideratua, ezen 78ko Trantsizioaren Estatu espainiarraren eraikina bera pitzatu duen, eraikin horrek bere horretan irautea ezinezko bihurtuz. Eraikin horrek jada ez du Katalunia hartzeko moduko gelarik, eta katalanak euren eraikuntza propioa altxatzen ari dira. Hortik Espainiako indar estatuzale guztien larridura eta erreakzio baldarra.

Eta hemen gatoz gu. Zer egin behar dugu euskaldunok trantze honetan? Zabaltzen den eszenatoki berriak hondatu egiten du, zalantzarik gabe, orain arte paktismoan oinarritu izan den epeltasun erosoaren estrategia. Hemendik aurrerako Estatu espainiarrak ez du horretarako margenik eskainiko. Bestalde, katalanek beraiek baino premiazkoago dugu euskaldunok nazio propioari egitura sendoak emateko estrategia propio autozentratua. Katalanitateak lortu duen sendotasunaren parean, euskalduntasuna oso ahul agertzen zaigu, horixe da egia. Nortasun kolektiboaren ezaugarri partekatuak gurean ez daude finkaturik, eta euskalduntasunaren zenbait oinarri sakrifikatzeko trantzean ere aurki gaitezke. Hemen ez da ikusten nazio demokratikoa antolatzeko estrategia global, partekatu, garatu baten hazirik, oraindik orain. Alderdi eta korronte desberdinen arteko lehiak ez dakar halakorik. Gainera, estrategia hori zehaztea ez da alderdi-sindikatu baten edo batzuen egitekoa. Hemen ere, Katalunian bezala, estatu propiora daraman bidea marraztu behar dugu, sendo eta zuzen. Funtzionala, egingarria. Eta ondoren, bidea egin. Euskal Herriari nazio demokratikoaren egitura propioa eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.