Klima aldaketaren aurreko erantzukizuna hartu

Nikole Arrieta Irazabal
2017ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko eta Arabako lurraldeek batera duten azalera baino handiagoa den 5800 km2-ko izozmendia banatu da Antartikako ekialdean dagoen penintsulako Larsen-C izotz-plataforma glaziar mugikorretik. Datuen arabera, puskatutako zatia historian zehar izandako hamar izozmendi handienen artean dago. Zientzialarien ustez, ez dago iceberg erraldoi horren jaiotza klima aldaketari zor zaiola baieztatzerik, ezta ziurrenik egoera gertagarriagoa egin duela ezeztatzerik ere.

Gauzak horrela, argi dagoena da izozmendi masibo horrek zeharkako efektuak sortuko dituela kliman. Batetik, lur finkoan dauden glaziarren eusteko horma moduan funtzionatzen zuelako eta halakoen urtzeak itsas mailan eragin zuzena izaten dutelako. Bestetik, izotz masa horren galerak eguzki-izpien isla murriztuko du eta, ondorioz, itsasoak berotuko dira. Tenperatura aldaketa horrek eragin itzela izango du itsas korronteetan, lurraren termo-erregulazio bide nagusiak lermatuko ditu eta bestelako ondorio atmosferiko globalak eragin. Kontuak kontu, gertakari horiek lurraren tenperaturaren goranzko joeraren abisu gisa ulertu behar dira, eta berotegi-efektua handitzearen ondorio zuzen gisa.

Klima aldaketa biziki ari da azkartzen. Ebidentzia zientifiko argia da, etorkizuna ez hainbeste. NASA-ko Global Climate Change ekintzak errazturiko planetaren bizi-konstanteen datuei erreparatuz gero, egun, airean dagoen CO2 kantitatea azken 650.000 urteetako altuena da (406.56 ppm). Lurreko tenperaturari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, historiako 17 urterik beroenak izan dira 2001etik, eta tenperatura globala 0,8ooC igo da. Artikoaren izotz azalera %13.3 gutxitzen da hamarkada bakoitzeko, lurreko izotz masa polarra arin murrizten ari da (urtero 287 gigaton), bataz besteko itsas maila jada 178 mm igo da azken 100 urteotan eta 3.4 mm egiten du gora urtero.

Klima-aldaketa sarritan jorratzen da hedabideetan eta etorkizuneko belaunaldien ziurgabetasunaz mintzatzen da franko. Haatik, aipagarria da nazioarteko komunitateak bi belaunaldi eman dituela gaur egungo egoerara ailegatzeko. 1988an, IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change) eratu zenetik, klima aldaketa premiazko arazo gisa definitu da. Harrez gero, asko kostata, mundu mailan hainbeste akordio hartu dira egoera aldatzeko. Azkena, iaz, Parisen. 190 herrialde baino gehiagok energia nola sortu eta erabili behar denaren inguruko konpromisoa sinatu zuten, berotegi-efektua 2ºCtik behera mantendu nahian. Zoritxarrez, uztailean, AEB Parisen sinaturiko akordiotik irten zen.

Nolanahi ere, errealitate krudel horri aurre egiteko, mundu osoan erakunde eta pertsona ugari ari dira ekintzak aurrera eramaten karbono-aztarna murrizteko eta klima-aldaketaren efektuen aurrean bide berritzaileak aurkitzeko. Gure esku dago ekitea. Ezer gutxi lortuko da norberak erantzukizunik hartzen ez badu eta beharrezko galderak egiten ez baditu.

Dena aldatzeko boterea hartu dugu, klima barne. Gure izatea bizimodu frenetiko, garapen jasanezin eta katastrofikoan errotu da. Produkzio masiboen belaunaldiek, munduan hainbeste ezberdintasun eta zorigaitz ekarri dituztenek, zauri larriak eragin dituzte geure etxe urdin preziatuan. Aseezina den gizarte hau kapitalismoaren eskutik kolokan ibili da, bizitzeko gero eta gauza gehiago behar genituela konbentzituta. Klima aldaketa egoera guzti horren adierazpide hutsa da. Lurra «S.O.S.» mezua bidaltzen ari da. Aski da, ez dago horrela jarraitzerik.

Larsen-C-rekin gertaturikoa iceberg-aren ertz bat baino ez da. Neurriak azkar hartzen ez badira eta estrategia politiko finkoak ezartzen ez badira, efektuak kontaezinak izango dira. Itsasoaren mailak gora egingo du eta kostaldean diren gune populatuenak setiatuko ditu. Itsasoen azidotasuna igoko da. Ekaitzak, tifoiak, urakanak eta ez-ohiko fenomeno atmosferikoak areagotuko dira. Basamortutzeek eta lehorteek planetaren zenbait eskualde bizi-ezin bilakatuko dituzte. Ur eskasiarengatik nekazaritza etekinak gutxituko dira eta horrek pobrezia, gudak eta giza migrazio mugimendu masiboak sustatuko ditu. Basoak murriztuko dira, ekosistemak aldatuko, espezieen nitxo ekologikoak desagertuko eta habitatak desorekatuko dira. Giza osasunean kalteak antzemango dira; gaixotasun tropikalak hedatuko dira.

Mundu osoan gertatzen ari denari erreparatu behar diogu. Klima aldaketaren ondorioak jada Antartikan, Saharan, Vanuatun, Brasilen, Kalifornian, Norvegian, Indonesian eta planeta osoan zehar biziki sumatzen ari dira.

Ni orain Australian nago, Eusko Jaurlaritzaren doktoretza ondorengo ikasketak egiten eta egoera hain da larria, koral-hesiak zuritzen ari direla. Milioika urteko eboluzioa berotegi efektuarengatik kondenatuta. Gure proiektuak erresilientzian du arreta, lurraldeak klima-aldaketaren aurrean duen urrakortasuna murrizteko.

Erantzukizuna gurea da. Karbono gutxiko gizarte egokitu batera zuzendu behar gara. Hiperkontsumo ohiturak laga eta bizimodua aldatu, gauzarik txikienek ere balioa dutela frogatzen saiatuz. Sistema kapitalista kontsumistari aurre egin behar diogu, edo behintzat zalantzan jarri. Ondoriotan erreparatu. Jakituria boterea da, hezkuntza eta ezagutza premiazko tresnak izango dira ibilbidean, guztiok zeresan handia baitaukagu idaztear dagoen kapituluan. Karbono gutxiko energia-eredua eta emisiorik gabeko garraiobideen alde egin. Naturarekiko hurbiltasuna berreskuratu eta harekin hunkitu. Zuhaitzak besarkatu, itsas kresala azalean sentitu, txorien soinua preziatu. Elikadura barazkietan oinarritu eta okelaren kontsumoa murriztu. Plastikoak ekidin eta erabilera bakarrekoak saihestu. Erosi behar duzun hori, ez gehiago. Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiak esan bezala «pobreena ez da gutxien duena, infinituki behar duena baizik; eta gehiegikeria guztiak txarrak dira, zoriontasuna izan ezik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.