Kondaira egunak Katalunian

2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Kondairak dioenez, bi amek haur bat beretzat eskatzen zuten Salomon erregearen epaiketan. Erregeak proposatu zuen haurra erdi bi egitea, ama bakoitzari puska bana emateko. Orduan, emakumeetako batek uko egin zion bere erdiari, haurra hil zezaten eragozteko, eta horrelaxe jakin zen nor zen benetako ama. Istorioa ondo bukatu bazen ere, mendeetan erabaki salomoniko deitu izan zaio auzi iturri den hori erdibituz justizia egiteari.

Erabaki salomonikoen antzeko zerbait izan dugu azken egunotan Katalunian. Alderdi independentistek, zeinek asteak eta asteak baitzeramatzaten eztabaidatzen eta ados jarri ezinik, Kataluniako prozesu independentistaren alde pausoa ematea erabaki dute, denek bidean zerbait utzita. Alde batetik, Kataluniako Konbergentzia Demokratikoak Artur Mas galdu du, bere liderra eta aktibo politiko baliotsuena, nahiz eta esana zuten ez ziotela inolaz ere uko egingo Masi. Horren ifrentzuan, Generalitateko presidente ohiak oso gertuko pertsona bat jarri du, Carles Puigdemont, gobernu katalana gidatu dezan. Eta, era berean, Konbergentziak ez du martxoan berriz ere hauteskundeetara aurkeztu behar:ERCk esana zuen ez zuela berriz egingo Junt Pel Siren esperimentua, eta barneko inkesta batzuek emaitza txarrak iragartzen zizkioten Konbergentziari.

CUPek, berriz, garesti ordaindu du akordioa, bilera erabakigarri baten ostean haren liderrak, Antonio Bañosek, dimisioa eman baitzuen. Gainera, akordioaren ondorioz, alderdi antikapitalistak barkamena eskatu beharra izan du jendaurrean, «jarrera txarra» izan duelako negoziazioetan. Hori Konbergentziaren mendekurako kapritxotzat har daiteke, CUPi ordainarazteko ziurgabetasun hilabeteok, Artur Masi erakutsi dion mespretxua eta batzar amaiezinak. Akordioa egiteko beste baldintzetako bat: ezker independentistako bi diputatuk dimisioa ematea, eta beste bi—txandaka— Junts Pel Siren dinamikan txertatzea —nahiz eta oraindik ez den zehaztu horrek zer esan nahi duen zehazki—.

Azkenik, seguru asko azken hilabeteotako alderik isilena Kataluniako Esquerra Republicana izan da,Junts Pel Si koalizioaren parte den beste alderdietako bat, eta horixe izan da gehien sakrifikatu duen alderdia, herriaren interesa lehenetsi baituune oro. Izan ere, Oriol Junqueras izan zitekeen garailerik handiena akordio politikorik lortu ez eta berriz ere hauteskundeak egin behar izan balituzte.

Azkenean, pronostiko guztien aurka eta erlojuaren aurkako lasterketa batean, alderdi independentistek formula magikoa aurkitu zuten hauteskundeak berriz ere egin zitezen saihesteko. Astebeteren buruan, ustekabeko presidente berri eta distiratsu batek bere lehen inbestidura saioko mintzaldia egin du. Gironako alkatetzan dimisioa eman du, presidente kargua hartu du, eta gobernua osatu du. Gobernu bat, gainera, gizon baino emakume gehiagorekin, eta askoz ere soslai gazteagoarekin—batez beste, hamar urte gutxiago dituzte aurreko gobernukoekin alderatuta—.

Eskuzabaltasun irakaspena izan da, eta horrek berpiztu egin du ilusioa sektore independentistan. Akordiorik ezean, berriz ere hauteskunde lehia estuan ikusten baitzuen bere burua, eta itxura guztia zuen oraingo honetan elkarren aurkako lehia zikinean arituko zirela. Beraz, ilusioa eta konfiantza itzuli dira. Beste kondaira mitiko bat gogora ekarrita: Kataluniak eta prozesu independentistak Ave Fenixa ematen dute jadanik. Espero dugu aurrerantzean hauts bihurtu behar ez izatea askoz ere gehiagotan, estatu berrirako bidean.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.