Koordinazioa da bidea

2013ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Estatu espainiarraren aurrean euskal autonomia «defendatzen» ahoa betetzen zaion EAJk ez du halakorik egiten diruaz hitz egin behar denean. Urkulluren taldeak txintxo-txintxo beteko du Gobernu espainiarrak inposatutako gastu muga, nahiz eta 1.200 milioi euroko murrizketak langabezia are gehiago haztea eragin. Gobernu espainiarraren murrizketak aplikatzeak 9.000 lanpostu kentzea ekar dezake,urte honetan bakarrik. Garbi dago EAJren eta enpresarien arteko batasuna zatiezina dela.

Baina langileak erakusten ari dira ez daudela prest besoak gurutzaturik geratzeko. 200 enpresa komitek baino gehiagok martxoaren 9ko Bilbo eta Iruñeko mobilizazioak deitu zituzten. Araba borrokan plataformak, berriz, apirilaren 11rako deitu ditu mobilizazioak. Abenduaren 17an, Urkulluk lehendakaritza hartu zuenean, Eusko Jaurlaritzaren aurrean bildu ziren CAFeko, Azpeitiko Corrugadoseko, Laminaciones Arreguiko, Forondako eta beste hainbat enpresatako langileek egindako mobilizazio arrakastatsua izan zen bide garrantzitsu horri bultzada eman ziona.

Borrokak elkartzearen alde

Langile klasearen indarrak bakarrik gera ditzake murrizketak, enpresen deslokalizazioak eta langabezia. Ez da kasualitatea Eusko Jaurlaritzak eta patronalak «ardura» eskatzea sindikatuei eta elkarrizketa sozialerako mahaia sortzeko premia defendatzea. Beren helburua da sindikatuek sinatzea langile klasearen aurkako Confebasken neurriak. Patronalak dio lan harremanen euskal markoa defendatu nahi duela, baina, hori bai, bere joko arauak errespetatzen badira. Euskal markoaz komeni zaienean hitz egin arren, arazorik ez dute Madrilen onartutako lan erreformak defendatzeko eta erabiltzeko. Euskal kapitalisten helburua da fabrika bakoitzean nahi dituzten lan baldintzak inposatzea, enpresari espainiarren laguntzarekin.

EAJren helburu garrantzitsuenetako bat da ELA eta LAB mahai batean esertzea zerbitzu sozialen murrizketak eta lan erreformaren aplikazioa kudeatzeko. Eusko Jaurlaritzak ez du nahi langile klasea aurrean topatzea, ondo ezagutzen baitu PSEk jasan behar izan zuen desgastea azken urteetan izan diren greba orokorrak direla-eta. EAJ eta Confebask beldurtzen dituzten gauza bakarra, berriz, langile klasearen mobilizazio masiboak dira beren erasoen aurka. CCOO eta UGTko zuzendaritzek oker handia egingo dute «elkarrizketa sozialerako mahaiari» babesa ematen badiote, elkarrizketatik oso gutxi izango bailuke. ELA eta LABeko zuzendaritzek ere ez liokete inolako kasurik egin behar EAJk eskainitako iruzurrari. Langile askok ondo dakiten bezala, bidea ez da enpresarien eskutik joatea, langile klasearen borroka gogor eta antolatua baizik.

Hori erakusten dute Euskal Herrian azken hilabeteetan langileek lortutako garaipen partzialek. Borroka eraginkorrak bakarrik botatzen ditu atzera enpresariak, Tuboplaseko (Laudio) borrokak erakusten duen bezala; izan ere, enpresa horrek atzera bota behar izan du 160 langile kaleratzea. Beasaingo CAF enpresako langileek ere garaipen garrantzitsua lortu zuten, mobilizazio indartsuen bidez atzera bota baitzuten ia 900 langileri eragiten zien erregulazio espedientea. Grupo Kiderko langileek ere, aste bateko grebaren ondoren, atzera bota zuten zuzendaritzaren asmoa, 160 langile kalera botatzekoa. Borrokaren bidez garaipen partzialak lortutako adibideak gero eta gehiago dira: Laminaciones Arregui, Azpeitiko Corrugados, Zizurkilgo Perot…

Beharrezkoa da gatazkan dauden enpresetako eta lantokietako borrokak elkartzea, hori baita enpresa txikienek ere garaipena lortzeko modua. Horrela ulertu dute Gasteizen ostegunero manifestatzen diren Laminaciones Arregui, Foronda, Iberia, Alestis, Velinsa, TAGASA, Mandrinados de Precision eta beste hainbat tokitako fabrika komiteek eta langileek. Beharrezkoa da adibide hori Euskal Herri osora zabaltzea, eta, helburu hori lortzeko bidean, oso pauso garrantzitsuak izan ziren martxoaren 9an Bilbon eta Iruñean izandako mobilizazio bateratuak. Horren ondoren, beharrezkoa da borrokan dauden enpresen koordinakundeak sortzea, borroken batasunari jarraipena emateko eta langile klasea indartsuago egiteko. Horregatik guztiagatik, ELAko zuzendaritzak mobilizazio horiek ez babestu izana huts larria izan zen, eta jarrera aldatzeko eskatzen diegu. Aldiz, mobilizazio horiei babesa eman zieten ELAko delegatuek jarrera erabat egokia izan zutela pentsatzen dugu.

Ordezkari sindikalek martxoaren 9ko manifestazioak aurkeztu zituztenean azaldu zuten bezala, oinarrizkoa da borrokak elkartzea eta gizarte osora zabaltzea sigla sindikalen gainetik. Sindikatu ezberdinetako ordezkariak diren komite horietako kideek pauso oso garrantzitsua eman zuten langile klasearen aurkako erasoak geratzeko. Funtsezkoa izango da komite gehiago bide horretara erakartzea lan erreformak ekarritako murrizketak, erregulazio espedienteak, soldata jaitsierak eta kaleratzeak geratzea lortu arte. Sindikatuetako zuzendaritzek badakite beren oinarri sozialek batasuna eskatzen dutela, baina langileen batasuna, ez patronalarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko batasuna. Euskal burgesiaren eta euskal sindikatuen arteko «elkarrizketa sozialak» ez du ezertarako balio, ez bada langileak borrokako bidetik desbideratzeko. Euskal Herria Sozialistakook dei egiten diegu sindikatuei horrelako mobilizazioei babesa emateko eta gatazkan dauden enpresetako borrokak elkartzeko eta koordinatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.