Koronabirusa 'infantilizazioaren' aurkako txertoa ote?

2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Koronabirusa edo COVID-19 pandemia 2020ko urtarrilean zabaldu zen munduan eta otsailean iritsi zen Euskal Herrira. Martxoan mundu osoa konfinatuta izan zen, munduko herritar oro esp-etxeratuta izan ginen. Harrezkero, bizitza molde ezezagunak eta denetariko esperientziak bizi izan ditugu, krudelak eta latzak. Latzak ez ezik, etsigarriak uneon.

Esperientzia zailetik ikasi omen du gizakiak historian. Halaz ere, izurritearen hasieratik «birus horrek ez du nire bizitzaren ardatza izan behar» esan nion neure buruari. Ez da nire lehen gaia, alegia.

Zergatik? Gure bizitzako gaiak eta arazoak mundua manejatzen dutenek ezarrita baitaude neurri handi batean. Hori, bereziki, komunikabideen bitartez egiten dute. Beraz, hedabideetako informazioek ez nindutela tontotu behar erabaki nuen. «Horra paradoxa eta kontraesana», pentsatu duzu. Ni halaxe egiten ari naiz eta! Halaxe da —guk eraiki dugun— mundu hau: absurdo eta kontraesankorra.

Gaur da eguna, gaiari buruz tontotu ez naizen honek —bai ote?!— zerbait adierazteko gura duela. Europako Banku Zentraleko Christine Lagarde entzun nuen, eta beharbada, horrek animatu nau idaztera, agian tontotzera.

Koronabirusa bi aldagairen artean mugitzen da: ekonomia eta osasuna.

2008ko krisi ekonomikoa errepikatu dela diogu deus ez dakigunok, eta baliteke, baina krisi hura sistema liberal kapitalistak bere interesen —aberatsen— egokipenerako sortutako krisia izan zen. Nork sortua? Sistemak berak. Aldez edo moldez. Ederto baliatu zuen ekonomia egokitzeko.

Oraingoa, Lagarde andereak erranik, ez da «krisi ekonomikoa». Oinezko herritarrok osasun eta ekonomia krisiak bizitzen ari gara; berak,aldiz, honela adierazi du: «Ekonomia berri baterako trantsizioan gaude».

Aldagai nagusiak

Etorkizuneko osasuna. Osasun pribatua gailenduko da, osasun publikoaren kaltetan, astiro eta apurka ezarri ere. Osasungintzaren egokitzapena ari da taxutzen sistema. Koronabirusak 1.250.000 herritar eraman ditu eta milioiak eramanen... Osasun sistema kapitalista liberal ankerrak ongizatearen sistema hankaz gora jarri du azken bi hamarkadetan, eta pandemia honen bidez —Europaz ari naiz— jendarteak —edo parte batek— lortu zituen eskubideak deuseztatu(ko) ditu.

Etorkizuneko ekonomia. Antza denez, Txinaren, AEBen eta Europaren arteko bataila ekonomikoa ari da jokatzen uneon. Pandemiak sortutako beharren arabera egokituko dira egungo ekonomia kudeatzen dutenen asmoak eta nahiak.

Sobriedad,sobriété, sobriety. Behin-behinekotasun egoera da bizi duguna, estutasuna ari da ezartzen, bereziki adineko eta haurren artean, estutasunaz beste, urritasuna gero eta handiago da gazte eta helduen artean. Egoera horretan, munduaren ekonomia eta gure osasuna bideratzen dituztenek erabiltzen duten hitza neurritasuna da.

Urritasuna eta neurritasuna. Hori da gobernatzen gaituztenek jartzen duten erremedioa. Nola jarri ordea, urritasunari neurritasuna? Boteretsuek ez diote jarriko, haiek ez baitute urritasuna pairatzen. Eta gobernatzen gaituztenek —demokratikoki hautatuta— ez dute, preseski, neurritasuna aplikatzeko dohainik ez ahalmenik.

Bi urte barru. Aditu batzuen esanetan —nik aditzen ditudanek diotenez—, pandemiak bi urte iraunen du; gorabeherak gorabehera eta txertoak txerto. Baliteke, hor nonbait. Ororen buru, egoera ez da katastrofikoa izanen. Katastrofeek boteretsuak ere hondoratzen baitituzte. Sistema ari da purgatzen, baina sistemak bere buruaz beste egin gabe.

Hogei urte barru. Batzuen iritziz, hogei urte barru hobeto izanen gara. Noski, munduak hartu duen jaidura kontuan hartuta, zer besterik itxaron daiteke? Bizi-esperientzia honetako ikaspena ez dela alferrikakoa pentsatu nahi dut. Batez ere, bizpahiru urteotan eskolan hasi diren neska-mutikoentzat baliagarria izan dela pentsu nahi dut.

Determinatzaileak gu gara, oinezko herritarrok. Egoera dena dela ere, partida jokoan dago. Aldez aurretik ez dago ezer ebatzita. Arbitro-epaileek arauak ezagutzen dituzte, baina berauek aplikatzea ez da erabat beren esku. Inork ez du guztiz partidaren jokoa kontrolatzen, ez ekonomialariek, ez politikariek, ez epaileek. Guk, oinezko herritarrek, are gutxiago, baina gu gara jokalariak, gu gara determinatzaileak —batzuk aberatsagoak, bestetzuk pobreagoak; batzuk abilagoak, bestetzuk traketsagoak…—. Neurri txiki batean badarik ere, gu gara gure ekintzen determinatzaileak.

Infantilizazioa edota heldutasunik eza. Hein batean itxaropentsu nago, baikorra naiz. Gure jendartearen infantilizazioa (heldutasunik eza) gero eta agerikoagoa da, gure gizartea infantila da. Horregatik edo, koronabirusa pairatu behar izatea ikusten dut infantilizazioaren aurkako txerto bakarra.

Azkenik. Umeak, artean infantilak, txertatuta daude. Koronabirusa pairatu behar izateak etorkizun helduago bat eskainiko die. Zer bestela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.