Kosmonautak gara

2014ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Apollo espazio-programak 60ko hamarkadako mugimendu iraultzailean hainbat susmo txar eta kontrako iritzi sortu zituen. Gerra Hotzaren beste bataila baten gisa ikusia zen. Munduan Sobietar Batasunak eta Estatu Batuek zuten borrokaren hamaikagarrena. Baina mugimendu zabal horren barruan beste mota bateko azterketa egin zutenak aurkitu ditzakegu. Norman Mailer idazle eta Vietnamgo gudaren aurkako aktibistak bere Of a fire on the moon lanean kosmonauten zein Apollo programaren irudi epiko bat irudikatzen du. Mailerrentzat, egokitu zaien errealitatetik ihes egin eta mundu berriak bilatu nahi dituzten pertsonaiak ditugu kosmonautak. Garai hartan, gazte askok zuten sentsazioaren metafora egokia. David Bowie musikariak musika ezin hobea ipini zion urte berean. Space Oddity abestian, lurretik jasotzen zituen deiak alboratu eta ilargiaz haratago bidaiatu zuen Major Tom kosmonautaren berri ematen digu.

Paris, Chicago, Mexiko D.F.… hainbat hiritan izan zituzten kosmonauta haien hegaldiak, amiltzen ari zen mundu zaharretik ihesi. Mundu berri baten bila, non gogaitasuna arau izango ez zen. Baina amets haiek ezerezean geratu ziren. Mundu berririk ez zuten deskubritu. Batzuk espazioan galdu ziren, bide ilunenetatik bidaiatu ondoren, izar distiratsuenen bila. Gehienek mundu zahar-berrian beraien lekua aurkitu zuten. Ilargiratzea amarru bat izan zela zabaldu zen bezala, mugimendu iraultzaile haren inguruan ere fartsaren itzala hedatu zen.

1998an, Refused talde suediarrak The Shape of Punk to Come lana argitaratu zuen. Disko bikoitz hartako azken abestiak The Apollo Program Was a Hoax —Apollo programa iruzur bat izan zen— du izenburua. Berriz ere, paralelismoak, garai hartako «gezurrik handiena askatasunaren eta prosperitatearen loriarekin itsutu gintuen merkatu ekonomia» izan baitzen. Iraultza alboratu eta ikuskizunaren munduak eskainitakoa glorifikatu zen. Mundu berri baten ordez, besaulkiari lotuta iraunarazten diguten telesailak lortu ziren.

Abesti horren aipua egiten zigun Servando Rocha idazleak, 2009an argitaratutako Mirad a vuestros verdugos eleberrian. 1969an kokatutako istorioan, Alex Leiah gazteak asperduraren eta ulertzen ez duen mundu zaharraren aurka jotzen du, dinamitak lagunduta. Liburuan, Apollo programaren nondik norakoak tartekatzen dira, protagonistaren bizinahiekin jolas bat sortuz. Alexen helburua zen abentura ezinezkoa den mundu batean horiek gerta zitezen. Testuaren zati horietan, mundua liluratuta zeukaten bidaia espazialen miseriak eta gezurrak aireratzen dira. Abentura nahiak handiak izan arren, ez dago horientzatlekurik. Guztia iruzur handi bat da.

68ko Maiatzaren zein Trantsizioaren biharamunean jaiotakooi, zaila egiten zaigu garai horri iruzurraren susmorik gabe begiratzea. Egokitu zaigun mundu honetan ez dugu lekurik topatzen. Ate itxiak, plastikozko ametsak, suzedaneoak… eskaintzen zaigun errealitatearen aurrean zaila egiten zaigu mundu berrietan ez pentsatzea, ametsak eta abenturak debekatuta daudela ematen duen arren.

2014an, Apollo 11 espaziontzia ilargiratu zela 45 urte betetzen diren honetan, Estricalla taldeak Kosmonautak birari ekiten dio. Ezagutzen dugun, eta askorentzat arrotza egiten zaigun, mundua amiltzen ari den honetan. «Gu ez gara mundu honetakoak», mundu honetan gure lekua topatu ezin gabiltza eta ihes egiteko nahiak behar bihurtzen dira. Gure patuari aurre egitea zaila izango da, «Hamar mila iraganen» zama eta «inolako etorkizuna» aurretik dugulako. Baina bidaiari gaur ekin behar diogu,Estricallak ohartarazten digun bezala, «bihar berandu» izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.