Aktibo ekonomikoen alegiazko aberastasun itzel bat agerian geratzen hasi zen 2007. urtearen amaiera aldean. Hertsiki krisi ekonomiko-finantzario deituriko haren hasiera zen, eta, ezinbestean, berehalako kritika bat ekarri zien merkatu ekonomiaren ahultasunari, prezioen sistemari eta ekonomia neoklasikoko beste baliabide funtsezko batzuei. Azken batean, beste kritika bat ere berretsi zen: hazkunde ekonomikoan oinarritutako eta merkatu zein lehiakortasun dualtasunean ondutako sistema ekonomikoaren gotorlekuari egindakoa.
Krisia, dirudienez, krisi sistemiko bat da, egiturari, balioei eta irizpideei dagokiena. Egiaz, beste bidegurutze bat dugu aurrez aurre, eta, hiri zein lurralde eremuari dagokienez, osagai berezi batzuk ditu, elkarri eragiten diotenak, noranzko jakinik gabe oraindik. Aldi berean, gero eta gehiago eskatzen da justizia soziala, ekitatea, giza eskubide demokratikoen errespetua, eta herritarren parte hartze eta kontrol sozial benetakoa.
Bestelako errealitate horri aurre egiteko, bere funtsak zorrozki berregituratu beharra dauka ekonomia ortodoxo konbentzionalak, eta horrek politika guztiei eragingo die; batez ere, hiri eta lurralde eremukoei. Berregituratzeak, berriz, berekin dakar aurrerapen kontzeptuaren kritika ezinbestekoa ere, orain arte zeukan zentzuarena, eta hura birformulatzea; baina ez hazkunde ekonomikoaren bidetik, baizik eta garapen iraunkor paradigma berriaren bidez, eta, are, hazkunderik gabeko oparotasuna paradigma baliatuta, zeina Tim Jacksonek maisuki garatua baitu (Prosperidad sin Crecimiento, 2011).
Hain zuzen, badirudi egiaztatu ahal izan dela erakunde globalak ez direla gai merkatua kontrolatzeko. Ezinbestean, bada, etorkizuna bera diseinatzeko orduan nahitaezkoa da handiagoa izatea erregulazio eta esku hartze publikoa, ezin ukituzkoen inguruko gogoeta esplizitua eta kuantifikazio gutxi gorabeherakoa, eta, hemen kezka iturri dugun gaiari buruz, iraunkortasunaren araberakoak izango diren lurralde politikak eta hiri zein eskualde plangintzak.
Hala, bide berriaren gotorleku eta arragoa orientatzaile bihurtzen da garapen iraunkorra, eta bide horrek ekarriko dio itxaropena planetaren aurrerabideari eta etorkizunari. Eta iraultzailea da bide berri hori. Horregatik, eragozpenak eta erresistentzia sendoa aurkitu izan ditu hala erakundeetan nola merkatu ekonomiaren barne egitura sarria osatzen duen aginteko elitean bertan. Ez zaio uko egin nahi, modu okerrean hazkunde iraunkor deritzon horri… nahiz eta ezinezkoa den modu mugagabean haztea fisikoa den ezer.
Bidea aldatzeko, lehenik eta behin, onartu egin behar da krisi larri egiturazko, sistemiko eta zibilizazioari dagokion baten bidegurutzean dagoela gizateria, eta hori onartzeak bideratuko gaitu, berriro, etorkizun bideragarri, iraunkor eta itxaropentsu baterantz.
Baina bidaldi berri honetan, hainbat alderdi nahasgarri ageri dira, zeinak hitzen fetixismoan edo hizkuntzaren perbertsio esan izan zaion horretan bermatzen baitira. Nabarmendu izan delarik —batez ere hirigintzan— irtenbidea hazkunde adimentsuan dagoela, talentuan, berrikuntzan, teknologia berrietan…, halako nahaste-borraste batean sartu ohi gara, eta komeni da hori argitzea; hain zuzen, historiaren eragile izan dira talentua eta berrikuntza, eta konstante bat zibilizazioaren bilakabidean, zeinak, paradoxaz, gaur egungo egoera larrira eraman baikaitu. Talentua, berrikuntza, teknologia… ez dira, berez, on edo onargarri, ustezko bertute horiei egotz diezazkiekegun asmo eta xedeen arabera. Gaur egun, lehen-lehenik, garapen iraunkor bat erdiesteko erabili beharko lirateke talentua eta berrikuntza, gizateriari etorkizun duin bat bermatzeko asmoz. Ez da onartzekoa, bada, iraunkortasun paradigmaren eta garapen iraunkorraren helburuen kontrakoa izatea berrikuntza.
Hirigintza gaian, zehatz-mehatz, adierazgarria da nola zinez kezkatzen hasiak diren Ameriketako Estatu Batuetan ere —lurraldez eskergak eta joeraz dentsitate txikikoak eta hirigintza lausokoak izaki—, hazkundearen lurralde sakabanaketa eta lurzoruaren erabilera xahubidezkoa dela eta; hala, 1990eko hamarkadaz geroztik, hizkuntzaren perbertsioaz baliatzen hasi ziren, smart growth hitza erabilita…. Izan ere, behin bidea aldatu beharra dagoela onarturik, garapen iraunkor baino nahiago dute hazkunde adimentsu deitu.
Egiaz, nahaste-borrastea dago krisiaren inguruan, eta hortik nola irten. Zalantzazko eta noranzkorik gabeko testuinguru horretan, oinarri oso ahulen gainean finkatuta dago garapen iraunkorraren paradigma berria, eta nekez egin dakioke aldaketarik iraunkortasunean oinarritzen ez den ekoizpen eta kontsumo eredu horri. Hala ere, tokian-tokian, elkarte eta gobernu mota berriak antzeman daitezke lurraldeka, landa eta hiri eremuen artean, eta maniobrarako tarte handi bat badago bide aldaketa ezinbestekorako, baldin eta herritarrak jakinaren gainean eta behar bezala heziak eta kontzientziatuak badaude etorkizun hurbilera begira ez izateko oinarritzat orain arteko eredua, alegia, hazkunde ekonomikoa helburu duen eta ingurumen fisiko eta naturalaren hondamena baino ez dakarren eredu hori.
( Erredakzioan itzulia )
Krisia, iraunkortasuna eta lurraldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu