Bizkaiko Emakume Asanbladan estatuaren laikotasunaren aldeko kanpaina egiten ari gara. Kanpaina horren bidez, gure kezka -eta hiritar kopuru handi batena- azaldu nahi dugu, Eliza Katolikoak pertsona guztien eskubideen onespenari jartzen dizkion traba guztiengatik. Adierazi nahi dugu gure ezinegona, eskubide horiek gauzatzeko mekanismo demokratikoak behin eta berriro zalantzan jartzeagatik, eta gure haserrea, Estatuak Elizari baldintza abantailatsu onartezinak jartzeagatik, finantzaketa eta hezkuntza bezalako gaietan.
Testuinguru horretan, beste organizazioekin batera (EILAS eta ESK sindikatuak, BIGE BizkaikoGurasoen Elkartea eta kristaua den Eliza Gara izenekoa) Eskola laiko baten alde-Ez matrikulatu zure semea/alaba lelopean kanpaina jarri dugu abian, gurasoen hausnarketa bultzatzea helburuetako bat izanik.
Askotan esaten denaren kontra, argitu behar da laikotasuna ez doala erlijioaren aurka. Laikotasunak eremuak banatu besterik ez du egin nahi (jakintza eta fedea, politika eta erlijioa, Estatua eta Eliza, horiek guztiak delitua eta bekatua bereizi ahal izateko) kontzientzia askatasuna bermatzeko eta sinesmen berberak ez dituen jendearen arteko bizikidetza posible izateko, bizikidetza hori arautuko duten arauak erlijio-sinesmen partikularretan oinarrituta egon ez daitezen. Komunitate politikoa, eta berarekin batera Eskola Publikoa, laikoak izan behar dute, guztionak izan daitezen eta geure burua horietan ordezkatuta ikus dezagun, norberaren aukera espirituala alde batera utzita, aukera hori, ezinbestean, gauza pribatua baita. Eta pribatua izateak ez du esan nahi klandestinoa izan behar duenik: pribatua den oro eremu pertsonalekoa izan daiteke (baita barru-barrukoa ere), baina jendaurrean azaltzen den alderdi kolektiboa ere izan dezake (eta izan ohi du). Nolanahi ere, derrigorrezkoa da eskola erlijio-proselitismotik kanpo gelditzea. Eskola Publikoan, hezkuntza-programek ikasleen eta irakasleen erlijio-aukeratik at egon behar dute. Hezkuntza-sistema publikoak ez du inor baztertu behar -ezta inori abantailarik eman behar ere- bakoitzak dituen edo ez dituen erlijio-sinesmenen arabera. Horrek ez du esan nahi erlijioaren historia edo erlijioaren filosofia ikasi behar ez direnik, baliteke beharrezkoa izatea ikasketa hori ematea, baina ematekotan, beste ikasgaien antzera irakatsi beharko litzateke, hau da, irakaslearen erlijio-aukerak inolako garrantzirik izan gabe. Erlijioen ikasketa ez-konfesionalak barne hartu behar lituzke bai erlijioak gizateriaren historian izan dituen ekarpen onuragarriak, bai alderdi kritikagarriak.
Gaur egun, gainera, gure inguruan oraintsu arte ia presentziarik izan ez duten erlijioak azaltzen ari dira. Horrek inguruan dugun erlijio aniztasuna adierazten du, eta, ondorioz, egun inoiz baino gehiago, demokrazian erlijioei dagokien lekua zein den aztertu beharrean gaude. Eliza Katolikoak inolako legitimitaterik gabe pribilegioak dituela ikusita, ulergarria da erlijio gutxituak kaltetuta sentitzea eta Estatuari eskubide berdinak eskatzea. Horregatik, pribilegio horiek hedatzea helburu duten politikak salatu behar ditugu oraintxe, erlijio katolikoari ez ezik beste erlijio batzuei emanda ere, ez-legitimoak izaten jarraituko baitute. Izan ere, gaur egun erlijio katolikoari baino onartzen ez zaion estatusa gainerako erlijioei ere ematea ez da konponbidea, baizik eta erlijio guztiek, katolikoak barne, demokrazian dagokien lekua hartzea. Eta leku hori gizarte zibila da, ez eskola, eskolak erlijio proselitismotik kanpo gelditu behar baitu. Kalitateko Eskola Publikoa lortzeko, ezinbestekoa da era konfesionalean irakasten den erlijio ikasgaia curriculumetik ateratzea.
Hori guztia dela eta, Espainiako Estatuak 1979an Vatikanoarekin sinatutako hitzarmenak, gaur egun zeharo zaharkituak, gaitzetsi egiten ditugu, horiek baitira azaltzen ari garen gehiegikeria guztien oinarri. Irakaskuntzari eta Kultura gaiei buruzko hitzarmenak eragin du, hain zuzen, gaur egun Eskola Publikoan Estatuak ordaindutako (hau da, guztion zergen bidez) baina gotzainek izendatutako erlijio irakasleak egotea. Gotzain horiek lanetik bidal ditzakete irakasleak, gainera, kaleratzeari buruz inolako azalpenik eman gabe .
Bestalde, Eliza Katolikoak Hiritartasunerako Hezkuntza ikasgaiaren aurka agertu da gogor. Jarrera horren atzean honako arrazoi hauek daude: emakumeen eskubideak ukatzea eta familia patriarkalaren eredu zaharrari eustea. Elizak ez du familia eredu berrien errealitatea onartzen, eta gizakien sexualitateari buruz duen ikusmolde atzerakoiari eusten dio, legeak ere onartutako aniztasun sexualari, nork bere gorputzaren gainean duen eskubideari, sexu askatasunari eta antisorgailuei uko eginez. Horrela, Elizak bere aurpegirik gordinena erakusten digu, baita errukigabeena ere, bere ordezkariek, oro har, preserbatiboen erabileraren aurka eta, bereziki, hiesaren pandemia jasaten duten herrialdeetan etengabe kanpainak eta adierazpenak egiten dituztenean.
Erlijio ikasgaiaren edukiak etikan, filosofian eta antzeko ikasgaietan egiten ditugun ahalegin hezitzaileen kontrakoak izan daitezke, eta izaten dira maiz. Ikasgai horien bidez ikasleei pertsona guztien eskubideekiko errespetua erakusten zaie, sexua, jatorria, erlijioa edo orientazio sexuala edozein direla ere. Hezkuntza sistemak paradoxa bati egin behar dio aurre: ikasgai batean oinarrizko helburu kontzeptuala eta jarrerazkoa dena, beste batean, erlijioan, oztopatu egiten da. Ikasgai batzuetan pertsona guztiekiko errespetua sustatzen dugun bitartean, haien egoera zibila bata edo bestea izan, Gotzaintzak erlijio irakaslea kalera dezake dibortziatu egin delako.
Vatikanoarekin hitzartutako irakaskuntzari buruzko hitzarmenaren arabera, zentro publikoetan ematen den hezkuntzak balioak errespetatu behar ditu, baina balio horiek... etika kristauarenak dira! Zer-nolako ondorioak ekar ditzake horrek ikasgelan bultzatzerakoan, esaterako, homosexualitatearekiko errespetuzko jarrerak? Erlijio irakasleek (Gotzainek izendatuak) zer-nolako ikuspuntuak zabaldu behar dituzte erlijio klaseetan? Eta ez du balio esateak horietako asko ez dagoela Elizako hierarkiarekin ados, edota ez dituztela holako ikuspuntu karkak zabaltzen... Orain dela hiru mende Kantek idatzitako testu txiki batean (Zer da Ilustrazioa galderari erantzuna izenekoan, batxilergoan ikasleek irakurri behar dutenetako bat, hain zuzen) topa dezakete aholkularitza jakintsu bat, filosofo handienetako baten eskutik, fede handikoa izan zena bera: desadostasunak (gure kasuan Katolizismoaren buru eta agintearekin) oso handiak diren kasuetan, dimisioa eman behar da.
Laikotasuna, baita eskoletan ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu