Lan erreformaren emaitzak eta ikasgaiak

2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Hiru hilabete igaro dira Espainiako Gobernuak lan erreforma onartu zuenetik. Azken hamarkadetan langileen eskubideen alde egon den aurrerapauso nagusia. Aurka agertu ziren alderdi eta sindikatuen akats taktikoaren gainetik, kontratu mugagabeen kopuruaren hazkundean oinarritutako lan harremanen lehenengo emaitzak aztertzeko unea heldu da.

Erreformaren berrikuntza nagusia Obrako edo zerbitzu jakin baterako kontratuaren desagerpena da, eta, guztiz garatuta ez egon arren, harrigarria izan da azken hiru hilabeteetan behin betikotasunak hartu duen goranzko joera. Martxoan Espainian sinatutako kontratuen %30 mugagabeak izan dira, eta kontratu egonkor berri horien heren bat baino gehiago aldi baterakoetatik bihurtutakoak izan dira. Euskal Herrian %20 baino ez dira izan behin betikoak, ziur aski euskal eragile nagusien aurkakotasunak ez diolako joera berriari laguntzen eta, batez ere, euskal industrien gutxi kontratatzeko eta asko kaleratzeko aspaldiko joeragatik. Hilean hileko kontratu mugagabeen proportzioa %5-10 artean mugitu ohi da, eta, joera onean sakonduz, urte amaierarako kontratu ezegonkorren pisua nabarmen txikituko da. Bitartean, urtarrila eta martxoa artean 45.505 euskal herritarrek kontratu mugagabea sinatu dute, zorionak denei!

Badago beste datu esanguratsu bat: mugagabe bihurtutako behin-behineko kontratu gehienak ez dira Obra edo zerbitzuenak izan, baizik eta Produkzioaren gorabeherengatiko aldi baterako kontratuetatik mugagabera igaroak. Hots, lan erreformaren eragin bakarra ez da kontratu ezegonkorrena eta enpresa pribatuetan erabiliena desagertzea, baizik eta behin-behineko beste kontratu hedatuenari gehitutako baldintza berriak: haien kausalitatea ezinbestean zehaztea eta sei hilabetera mugatzea (urte bat, sindikatuekin adostuta). Ezustekoa izan da joera hain azkarra izatea, baina badu alde ilun bat ere: jardunaldi partzialeko kontratuak behin betiko kontratazio berriaren %28 dira. Kezkatzeko moduko joera horrek, gainera, emakumeei gehiago eragiten dienak, iruzurra tinko borrokatzeko lan ikuskaritza indartsu baten beharra agerian uzten du. Bere aldetik, bost kontratu mugagabetik bat Finko etenduna da, aurreikusitako sasoian sasoiko kontratu ezegonkorren ordezkatzea abiatu den seinalea.

Beste behin, ekintzak dakarzkigu Yolanda Diazek. Pandemiaren hasieran egin zuen bezala (martxoaren 28ko 9/2020 Legearen bidez kaleratze guztiak bidegabetzat dekretatuz), orain inflazioak eta gerrak sortutako ezegonkortasunaren aurrean kaleratzeak ekiditeko neurriak hartu berri ditu Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Ez zuen 2012ko lan erreforma guztiz baliogabetu, baizik eta Gobernuko Akordio Programatikoaren 1. ataleko puntu gehienak bete ditu. Ez zuen gaueko bi ordu iraun zuen akordio faltsu hura bete, baizik eta bere konpromisoari heldu zion, eragile sozialekin negoziatutako lan erreformak Europako behin-behinekotasun altuena duen langileriaren egoera hobetu dezan. Azken lau hamarkadetan garatutako kontratazio eredu kaotikoari buelta emateko urrats handia izan zen abenduaren 28ko 32/2021 lege dekretua, eta egun berean Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna gutxitzeko premiazko neurrien 20/2021 Legea onartu zuten ere.

Zergatik hainbesteko aurkakotasuna? Alde batetik, «bidezko» kaleratze ekonomikoak zein bidegabeak 2010 aurreko baldintzetara ez bueltatzea salatu zuten ezkerreko indar abertzaleek, Euskal Herrian zein Katalunian. Aldarrikapen ulergarria zein zilegizkoa litzateke, adostuta ez egon arren, krisi garaian kaleratzeak saihesteko inoizko neurri eraginkorrenak hartu dituen ministro baten aurkako erasoa izan ez balitz. Kontratu mugagabeen kaleratzea behin-behinekoena baino nabarmen garestiagoa da, gainera, eta berez kaleratze ohikoenen garestitzea ekarri du lan erreformak. Bestetik, lurralde hitzarmenak ez lehenesteak kezkatu zituen abertzale guztiak, Langileen Estatutuaren 83 eta 84 artikuluen erreforma eskatuz.

Nabarmentzekoa da negoziazioan sindikatu guztien adostasuna duen neurri hori eskaini izana Diazek, eta, lan baldintzak hobetzeko bada, CCOO eta UGT alde daude baita ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gainera, 2017ko negoziazio kolektiboko lanbide arteko hitzarmena ELA, LAB eta Confebaskek ere sinatu zuten, lurralde hitzarmenak sinatzeko joera babestuz. Harritzekoa da Euskal Herrian hain gutxi sinatzen diren lurralde hitzarmenen aldeko irmotasuna, artean enpresa mailakoak lehenesten direla. Espainiako langileen %6k baino ez zituzten lan baldintza berriak enpresa mailan adostu 2021ean; Euskal Herrian %17k baino gehiagok, ordea. Lan erreformak indargabetu du negoziazio kolektiboa enpresa mailan inposatzeko askatasuna, sektoreko hitzarmen berriak sindikatu guztien artean borrokatu eta adosteko garai berrirako aukerak irekiz.

Lan erreforma Espainiako Kongresuan onartzeko negoziazioak euskal politikaren noraezean sakondu zuen, eta eskuineko politikaren morroi agertu ziren ezkerreko indar abertzaleak. Politika eraldatzaileen aldeko metaketarako garaian urrats zehatzak egiten jarraitzeko irakaspenak utzi zituen. Garbiñe Biurrunek Euskadi Irratian esan zuen bezala, erreforma hau enpresa eta sektoreetan gauzatzen hasteko garaia da orain, baita azpikontratazioaren erronkan sakontzekoa ere. Lan Erreformak langile azpikontratatuen soldaten igoerak ekarri dituen arren, bat dator epailearekin Andrea de Vicente Lan Zuzenbideko irakasleak, Viento Sur aldizkarian idatzitakoan: aukera galdu da nazioarteko kate eta enpresei langileen aldeko arau berriak inposatzeko. Aurrera jarrai dezagun lan harremanak egonkortzen eta hobetzen, tipi-tapa, tipi-tapa, korrika!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.