Lan erreformak ekarri zuen erasoaren aurrean, Euskal Herriko gehiengo sindikalak 2009ko maiatzaren 21ean hasitako bideari jarraitu zion, iragan den ekainaren 29an greba orokor batera deituz. Greba horien aurka burgesia euskal herritarrak eta espainiarrak deskalifikaziozko eta kalumniazko kanpaina politiko anker bat jaurti zuten. Horregatik zen hain garrantzitsua UGTko eta CCOOko zuzendaritzek bi deialdi horiek babestea. Baina akats larri bat egin zuten, zeren CCOOk bakarrik babestu zuen ekainaren 29koa eta EAEn bakarrik egin zuen. Horren ondoren, CCOOko eta UGTko zuzendaritzek irailaren 29rako planteatu zuten greba orokorra, egoerak presionatuta eta negoziazio mahaiek erasorik geratzen ez zuten nabarmentasunaren aurrean. Uste dugu Estatu espainiar osoko langile klasea 24 orduko greba orokor batera deituta dagoenean, mahai gainean jarri behar dela zer irabazten dugun eta zer galtzen dugun Hego Euskal Herriko langileok greba orokor horretan parte hartuta.
Burgesia, edozein desberdintasun nazionalen gainetik, modu bateratuan jarduten ari da langile klasearen aurka. Euskal burgesiak ez du dudarik izan gobernu espainiarrarekin eta burgesia espainiarrarekin aliatzeko herstura plan guztiak eta lan erreforma babesteko. Burgesia langile mugimenduaren aurkako bere ekintzan elkartuta mantentzen bada, langileok ere gure indarrak bateratzea behar dugu. Ekintza sindikalaren batasuna beharrezkoa da; langileen zatiketatik onuratzen diren bakarrak bankariak eta enpresariak dira, bai euskal herritarrak eta bai espainiarrak.
Egia da CCOOko eta UGTko agintariek ardura handia dutela gertatzen ari den guztian. Eta egia da, era berean, greba orokor batera askoz lehenago deitu behar zutela. Baina orain aukera bat azaltzen zen Hego Euskal Herriko langile klaseak gure etsaiei kolpe bat emateko aldi berean, modu bateratuan, Estatu espainiarreko langileekin. UGT eta CCOOko zuzendaritzei segidismoa egitea esan nahiko zukeen? Ezetz uste dugu. Borroka bateratuak ez du esan nahi sindikatu batek, kasu honetan ELAk eta LABek, bere errebindikazioak alde batera utzi edo gainontzeko sindikatuak kritikatzeari utzi behar dionik; guztiz aurkakoa, hori posible da, eta beharrezkoa, gainera. Burgesia espainiarraren eta euskal herritarraren eraso bateratuen aurrean, beharrezkoa da langile mugimendua elkartuko duen politika defentsibo bat. Taktika horrek errebindikazio konkretuen defentsan hitzartutako ekintzen bidez etsai komuna borrrokatzeko balio du, sindikatu bakoitzak independentzia osoa mantenduz.
ELAk eta LABek ez zuketen ezer galduko irailaren 29ko greba orokorra antolatuz eta deituz, guztiz aurkakoa, autoritate handiagoa irabaziko zuketen, baita CCOOko eta UGTko oinarrian ere. CCOOko eta UGTko zuzendaritzek modu desegokian jardun izatea, ekintza batasunari uko eginez, beren arazoa da, eta, gainera, jokabide horrek faktura garrantzitsu bat pasa die. Baina Euskal Herriko langile klasea modu gogorrean jo duten plan batzuk garaitzeko modu bateratuan borrokatzeko aukera bat dagoenean, ELAko eta LABeko zuzendaritzek aukera hau bi eskuekin hartu beharko lukete. Modu horretan UGTko eta CCOOko agintarien inkoherentziak garbitasun handiagoarekin agerraraziko lirateke.
Irailaren 29ko greba orokorra babesteak Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko borroka alde batera uztea edo ahultzea esan nahiko zukeen? Guztiz aurkakoa uste dugu. ELAko eta LABeko zuzendaritzek greba hori babesteak eragin handia izango zukeen langile klase espainiarrean, aukera ona izango zen langile klasearen batasuna defendatzeko, langile internazionalismoa defendatzeko eta Estatu espainiarreko langile mugimenduarekin harremanak estutzeko. Eta horrek guztiak langile espainiarrei Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea defendatu beharra azaltzeko balioko luke. Estatuko gainontzeko langile klasera zuzendutako politika eta propaganda horren bidez, ateak irekiko lirateke bere eskubideak lortzeko Euskal Herriak behar duen babesa irabazteko. Erabat bateragarria da eta, gainera, ezinbestekoa, Estatu espainiarreko eta frantziarreko langileekin borroka bateratua eta aldi berean autodeterminazio eskubidea defendatzea, LABek modu egokian estatu frantziarreko greba orokorrak babestu dituenean frogatu den bezala.
2009ko maiatzaren 21eko, eta 2010eko ekainaren 29ko eta irailaren 29ko grebak ezin daitezke hartu ezeren bukaeratzat, mobilizazio zabalagoen prozesu baten zatitzat baizik, jarraitu eta langile klasearen kontzientzia maila altxatu behar duena, oinarrizko aldarrikapenak kapitalismoaren aurkako borrokarekin lotuz. Langile klase europar osoa erasopean dago, eta horrek borroka egiteko borondate handia azaldu du. Hainbat estatu europarretako irailaren 29ko greba orokor eta partzialen ondoren, beharrezkoa da sindikatu europarrek hurrengo urrats moduan Europa osoko 24 orduko greba orokor bateratua planteatzea. Kapitalismoaren krisia ezin da konpondu erregulazioekin, erreformekin edo aurpegi gizatiarreko ezinezko kapitalismo batekin. Beharrezkoa da sistema ustel hau borrokatzea sozialismoaren alde borrokatuz, ekoizteko indarren jabego pribatua bukatuz eta ekonomiaren funtsezko palankak langileen kontrol demokratikopean jarriz.
Langileria eta irailaren 29ko greba orokorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu