Lankidetzan oinarritu Aldaketaldia sustatzeko

Miren Basaldua Garai, Mariaje Etxeberria Ezpeleta
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ez dira gutxi Zaldibarko hondamendiaren urteurrena gogoratuz, urtarrilaren 30ean, Larreko Mahaiarekin batera, hainbat taldek deituta U30 Aldaketaldia ekimena sustatu zen Bizkaiko, Gipuzkoako eta, Arabako herri eta auzo askotan. Ekimen deszentralizatuetan mota guztietako jarduerak antolatu ziren tokian tokiko arazo ekosozialak bistaratzeko eta, bizi dugun larrialdi klimatiko, ekologiko eta soziala salatzeko.

Ikerlari askok azpimarratzen dute hamarkada honek nabarmen baldintzatuko duela gure etorkizuna. Dioskutenez, gizakion historian ezagutu ez dugun egoera baten aurrean gaude. Izan ere, egungo oreka naturalen alterazioa ez da, iraganean bezala, bakarrik tokiko edo eskualdeko arazoa, planeta mailan ere nabarmen antzematen baita. Horren adierazleak dira klima larrialdia, biodibertsitatearen galera eta horri loturiko COVID-19 edota desberdintasun sozialen hazkundea.

Larrialdi ekosoziala indarrean dagoen sistemaren ondorio zuzena da. Riechmannek dioen bezala, horiek guztiak sintomak dira, baina gaixotasuna kapitalismoa deitzen da, diru etekinak maximizatzeko lehia itsuan murgilduta dagoen sistema, hain zuzen. Horrek gero eta produktu gehiago ekoiztera eta langile «merkeak» eta diziplinatuak lehenestera bultzatzen ditu kapitalistak. Ondorioz, batetik, baliabide naturalen ustiapena areagotu eta sortuko diren hondakinen kopurua handituz, eta, bestetik, desberdintasun sozialetan are gehiago sakontzen da.

Ekonomia feministak agerian utzi du, merkatuetatik haratago ere begiratu behar dela, arreta jarriz giza bizitzari eusteko eta, ondorioz, baita ekonomiaren funtzionamendurako ezinbestekoak diren zaintza-lan ugari eta anitzetan.

Gizarte heteropatriarkalean, zaintza horiek ikusezinak eta balio gutxikoak dira, eta gehienak prekarizatutako eta, sarritan, arrazializatutako emakumeen lanak izaten dira. Horrek guztiak ekarri gaitu egungo larrialdi egoerara, eta berdez margotutako errezeta berberek ez gaituzte gauden atakatik aterako. Horregatik, paradigma aldaketa sakona beharrezkoa eta premiazkoa da beranduegi izango den unea gero eta hurbilago baitago.

Horregatik guztiagatik, berebiziko garrantzia dauka, Aldaketaldia ekimenak egin duen bezala, «Ondo bizi eta bizitzen uzteko, aldatu sistema» aldarrikatzeak, aldaketarako norabidea «bizitzak oinarrian dituen sistema» dela azpimarratzen baitu. Eta norabide hori zein izan beharko den argi ikusteko, pandemiaren erdigunean bistaratutakoari erreparatu beharko diogu. Gogoratu behar dugu zein nabarmen agertu zen bizitzarako sektore esentzialak zeintzuk diren eta, gainerako sektoreei frenoa ipinita, zein azkar jaitsi zen sortutako kutsadura.

Aldaketaldiaren komunikatuetan eta jardueretan ere «planeta hemen hasten dela» nabarmendu da; hau da, planetari eta gizarte globalari gertatzen ari zaiona ulertzeko gureari begiratu behar diogula, gure ekoizpen eta kontsumo moduari, gure garraio ereduari, hondakinen ekoizpen eta kudeaketa erari, sustatzen ari den baso eta landa eremurako politikei, aurrekontuetan ezartzen diren lehentasunei, dugun fiskalitateari edo legeek eta arauek errazten dituzten kaleratzeei (Tubacex, Aernova...) eta areagotzen duten prekaritateari.

Esandakoaren bidetik, agintari publikoen zeregin nagusia herritarron «bizitza duinak, natura osasuntsu batean» bermatzea izan beharko litzatekeela ondoriozta daiteke. Horretarako iparrorratzaren norabidea guztiz aldatu beharko lukete. Hau da, Confebaskeko enpresa pribatuen lobbyei alfonbra gorria ipini beharrean, zaintza sistema publiko, duin, doako eta unibertsal bati, oinarrizko zerbitzu publikoei (osasuna, hezkuntza...), bizitzarako beharrezkoak diren elikagaiak, ura, energia eta etxebizitza herritar guztientzat ipiniko dituzten politikei lehentasuna eman.

Erronka zaila da, badakigu denbora gure kontra doala. Baina, badakigu, halaber, hori lortzeko gakoa gizarte aktibo, artikulatu eta mobilizatu batean dagoela. Pandemia betean egon arren ere, asko dira mobilizatzen ari diren taldeak, baina erronkari aurre egiteko beste pauso bat eman behar da derrigorrez, saretze dinamika indartu, hau da, askotarikoen arteko elkarguneak bilatu, elkar kutsatu eta, diskurtsoak eta agendak partekatu.

U30 Aldaketaldiaren indargunea askotarikoen arteko saretzea izan da. 80 taldetik gora lanean, eta sortu diren konplizitateak eta elkarreragin positiboak etorkizunerako altxorra dira. Sareak Euskal Herri osora hedatzeko eta, ekologismotik haratago, beste mugimendu batzuekin (feministak, justizia sozialaren aldekoak...) ehuntzeko aukera ematen du.

Erronka hori errealitate bihurtzeko eta aldaketaren aroari ateak irekitzen jarraituko dugu beste askorekin batera. Ziur gaude garai beltz honetan itxaropenari eusteko modurik onena lankidetzan aritzea dela, orain ezinezkoa dirudiena bihar egingarri bihurtu dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.