Nicolau Eimeric, Aragoiko Koroako inkisidore nagusia, Gironan jaio zen, 1334an, eta hark egina da inkisidore ofizioko trataturik entzutetsuenetako bat; liburu hartan, akusatuaren konplizeek eginiko salaketaren balioari zegokionez, guztiz bazter uzten zuen salaketa hori zigor prozesuko froga bakar izatea. Zoritxarrez, ustez demokratikoak diren estatu batzuek XX. mendean sorturiko larrialdi eskubideak balioa kendu dio frogen muga ziztrin horri; hainbesteraino, non borroka antiterroristaren izenean baliozkotzat jo baitute damudun baten deklarazioa kondena baten froga bakartzat onartzea. Iragan mendeko 80 eta 90eko urteetako Italian, erruz baliatu zuten salbuespen prozesal hori. Beste herrialde batzuetan, betoa jarria diote salbuespen horri; haietan, izan ere, exijitzen dute salatzaileak azaltzen duena beti berrets dadila haren deklarazioaz harago eta, gainera, deklarazio hori akusatuari eginiko galdeketa gurutzatu baten galbahetik igaro dadila, tradizio anglosaxoian egiten duten bezala, adibidez.
Joan den maiatzean, Espainiako Auzitegi Nazionalak hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zion Carlos Calvo Varela gazteari, erakunde terrorista bateko kide izatea (Resistencia Galega) eta erakunde horren zerbitzura lehergailuak edukitzea egotzita. Horren froga bakartzat, baina, beste akusatu Xurxo Rodriguezek epaiketan eginiko aitorpena zuten; Rodriguezek fiskaltzarekin aurrez adostua zuen zigorra erdira txikituko ziotela, auzitegiak onartu duen bezalaxe, bere deklarazioen nondik norakoa aldatzen bazuen eta errua Carlos Calvori egozten bazion. Izan ere, hark beti deklaratu izan du Calvo errugabea zela. Horrenbestez, Fernando Grande-Marlaskak idatziriko epaia, zeinak auzitegia osatzen zuten hiru epaileetako baten kontrako botoa baitzuen, gaur egungo larrialdi eskubidearen abangoardian dago; berunezko urteetako italiar auzitegien irtenbide desesperatuetatik haratago ere bai. Eta, egia esan, bete-betean harrapatzen gaituenok zur eta lur utzi gaitu.
Hortaz, norbaiti eskain diezaiokete zigorra erdira txikitzea —Rodriguezi sei urteko zigorra ezarri diote—, deklarazioa aldatzen badu. Hala, pertsona horrek epaiketan deklaratzen du, baina uko egiten dio beste akusatuaren abokatuaren galderei erantzuteari —eta, beraz, ezereztu egiten du froga horren aurkako hipotesi oro, justiziaren printzipiorik oinarrizkoenak exijitzen duenaren kontrara—. Eta hori guztia, besterik gabe, epai batean inprimatu dute, zeinak erailketa baten zigor bera duen. Hori, zalantzarik gabe, zentzu onaren eta pertsona baten errugabetasunaren kontrako atentatua da, Calvoren errugabetasunaren kontrakoa, alegia; hark beti ukatu du inolako harremanik izatea erakunde terroristekin edo antzekoekin, eta epaiketako eragileek gehienez ere leporatu ahal izan zioten galiziar independentismoan partaide izatea.
Asko kostatzen zait Inkisizioan ez pentsatzea, eta horra zergatik aipatu dudan hasieran. Ofizio Santuak epaitu behar zirenei eragiten zien sufrimenduaren ondorioz, herritarrak gai ziren heresiarik gaitzesgarriena ere onartzeko. Gaur, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzarekin lor daitekeen hitzarmen sistemaren eraginez, edozein heretikok krimenik lazgarriena ere deklara dezake beste edozein akusaturen kontra, zigor luzeago baten oinazea ez sufritzearen truke eta legeria antiterroristan aurreikusten diren kolaboratzaile damudunentzako sariak jasotzearen truke. Orain, sufrimendua ez da fisikoa, baina lehengo bera da libre deklaratzeko eskubidearen bortxaketa. Eta larriena: salatu den errugabe horrek ez daki nola aurre egin horri. Carlos Calvo, Auzitegi Gorenean ikusiko dugu elkar.
( Erredakzioan itzulia )
Larrialdi eskubidea Galizian, Inkisiziotik haratago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu