Lehen arreta konponbide bila

Maria Luisa Garces Ducar
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Oinarrizko OsasunLaguntzako mediku talde bat gara. Iruñerriko zein herrietako osasun etxeetan egiten dugu lan, eta gauza batek biltzen gaitu orain: ez dugu egin Nafarroako Medikuen Sindikatuak deitutako greba. Ez dugu eginen gainerako sindikatuek deitutakoa ere, uste baitugu ez zaiela seriotasunez heltzen Oinarrizko Osasun Laguntzaren problemei. Gure ustez, hausnarketa sakona egin behar da profesionalen ordezkarien, politikarien, herritarren eta elkarte zientifikoen artean akordio batera ailegatzeko, osasuna aurkari politikoek elkarri eraso egiteko aitzakiatzat hartzen ez den itun bat lortzeko.

Garbi dago: problema zailek ez dute konponbide errazik. Oinarrizko Osasun Laguntzaren auziak dituen arrazoi, ertz eta ñabardura guztiez jabetzeko eginahalak egin behar dira haiei modu egokian heltzez gero.

Guk ikusten ditugun problema batzuk jarri nahi ditugu mahai gainean:

1.- Medikuaren agendan denetik sartzen da. Hainbat kontsulta ez daude osasunarekin lotuak, eta kontsulta sobera dira burokratikoak. Horren konponbidean sektore askok hartu behar dute parte:

- Laguntza Espezializatuak (sekundarioak) gure gain uzten du burokrazia (errezetaren bisatua, errezeta bera, alta administratibo baina ez klinikoak, «eman diezazula zure medikuak beste bolante bat», haiek gidatutako prozesuen baja laboralak, eta abar). Ezin dugu oinarrizko laguntza aldatu laguntza espezializatuaren antolamendu kontu batzuk aldatu gabe.

- Enpresek bajak eskatzen dituzte osasun laguntzarik behar ez duten prozesu laburretarako. Gaixoek ez dute osasun laguntzarik behar, baina osasun etxera jo behar dute baja eskatzera (ez dugu zertan ikusi beheitikoa, baina, orobat, ez dugu zertan peritu-lana egin pertsona batek katarrorik ba ote dagoen egiaztatzeko). Prozesu batzuetan aski da atsedenaldi labur bat egitea etxean. Gure lanari alferrikako zama burokratiko horiek kendu nahi izanez gero, modu legalean bultzatu beharko da langilearen autojustifikazioa, prozesu arin eta laburretarako, jakina.

- Instituzioek, ez dakigu zergatik, gauza xelebreenetarako eskatzen dute medikuaren txostena: besaulki baterako dirulaguntza bat emateko, aquagym egiten ahal duzula ziurtatzeko edo pertsona batek otordu prestatuak behar dituela esateko (baita ere, dagoeneko ez duela haien premiarik esateko...).

- Gizarte guztia. Hipermedikalizazioa gertatzen ari da azken urteetan, eta goraka doa: hedabideen, sare sozialen eta osasunarekin loturiko sineste faltsuen ondorioz, besteak beste. Ekintza eta jokabide horiek denek deus gutxi laguntzen dute osasunari dagokionez.

Horregatik, ez diogu zentzurik ikusten agendako hitzorduen kopurua mugatzeko proposamenari. Aitzitik, zerbait egin behar da gure kontsulten muina geure eginkizunari lotua egon dadin. Gaur egun, osasun arretaren muina ez da berez garrantzitsua den hori atenditzea, baizik eta urgentea, eskatzen zaiguna. Profesionalek ezin dugu lehentasunik jarri gure lanen artean, eta bazter utzi ditugu prebentzioko, hezkuntzako eta komunitate-laneko jarduerak, nahiz eta, berez, funtsezkoak izan behar luketen gure zereginean.

2.- Harrera-zerbitzuek presio handia jasaten dute: batzuetan ezinean ibiltzen dira hainbeste dei atenditzeko, eta, zenbaitetan, jendearen zakarkeria ere jasan behar. Aspaldiko problema da plantilla egonkortu beharra, eta Osasun Departamentuak eta sindikatuek heldu beharko liokete problemari konponbide bat bilatzeko. Oinarrizko Osasun Laguntzak ezin du ongi funtzionatu harrera-zerbitzu onik ezean.

3.- Gai batzuk tabu dira: OHU izeneko eredua (oinarrizko arretarako unitatea: mediku bat eta erizain bat paziente kupo batekin, eta gizarte-langile bat OHU batzuetarako), Oinarrizko Laguntzarako profila duten erizainen zerrendak (asistentzia-maila hori ezagutzen dutenenak), Oinarrizko Laguntzako beste profil profesional batzuk eta Herrietako Larrialdietako Zerbitzua. Gai horri ez dio inork heldu nahi: ez klase-sindikatuek, ez sindikatu korporatibistek, ez udalek, ez eta Osasun Departamentuak ere, hauteskunde garaian baikaude.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren longitudinaltasunean sinesten jarraitzen dugu, hots, profesional berak atenditu dezala gehienetan gaixoa, haren ingurune familiar eta soziala ongi ezagututa. Horrek bultzatzen du Osasun Sistemaren ekitatea. Horrela egin nahi dugu lan, kaleari eta komunitateari begira.

Iruditzen zaigu, bestetik, bultzada egokirik gabe erabateko akidurak harrapatuko gaituela, eta Oinarrizko Osasun Laguntza ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzubilaka daitekeela, unean uneko eta berehalako eskaerei kasu egiteko zerbitzu, longitudinaltasunaren kaltetan.

Estamentu guztietako profesionalak, sindikatuak, farmaziak, herritarrak eta administrazioa gogoetari heltzera animatzen ditugu: nolako Oinarrizko Osasun Laguntza nahi dugu? Nolako aldaketak egin behar dira?

Medikuak bere postuan irauteak berebiziko garrantzia du. Familia-mediku bera 2-3 urtez edota 15 urtez mantenduz gero, murrizketa hauek gertatzen dira: larrialdietako zerbitzuen erabilera, %13 edota %30 jaisten da; ospitalizazioak, %12 edota %28; eta heriotza tasa, %8 edota %25.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE:M. Jose Dronda Pardo, Blanca Satrustegui Alzugaray, Helena Escalada Pardo, Maite Barriendo Antoñanzas, Mounir Dijouri Nair, Iñigo Arribas Guindano eta Irune Tubia Barberia, Osasunbideko Oinarrizko Osasun Laguntzako medikuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.