Lete: izan zen eta izango den izarra

Mikele Bustillo
2018ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Xabier Letek plagioa egin zuela plazaratu zuen Koldo Izagirrek duela egun batzuk idazleari buruz idatzi duen antologian. Rainer Maria Rilke poeta alemaniarra eta Carles Riba idazle kataluniarra plagiatu zituen Letek Euskaltzaindia-BBKren Felipe Arrese-Beitia lehiaketan saritutako Zentzu antzaldaketaren poemategia-n, 1992. urtean.

Gertaera honen inguruan hausnartzen egon naiz eta agian esango dudanak hainbat harrituko ditu, baina larriena ez zait iruditzen Xabier Letek plagioa egin zuela, larriena plagio horretaz ohartzeko gaitasuna inork edo ia inork ez duela ikustea izan da. Hau da, Euskal Herrian jendearen literatura ezagutza hain eskasa eta urria da, non zeinek esan dezake inoiz Rilke irakurri duenik, inoiz Carles Riba nor den badakienik. Horrelako plagio bat gaztelerazko autore batek Espainia mailan egin izan balu seguruenik jende askok ikusiko zukeen lehenengo momentutik plagioa zela. Eta gehiago sari batera aurkezten bada obra eta bertan epaimahaiak irakurri behar badu. Lehengoan BERRIAn IƱigo Astiz kazetariak atera zuen artikuluan ikusten da bazegoela honen berri zekien jendea, baina kasu honetan Euskal Herriko elite kulturalaz edo artistikoaz ari gara, edo Xabier Leteren inguruko autore eta ezagunei buruz, ez jende arruntaz, ez herriaz.

Xabier Leteren alde gauza asko esan ditzaket. Pertsonalki ezagutu nuen umea nintzenean eta nire iritziz pertsonalki eta artistikoki gure kulturaren izar bat izan zela eta dela argi utzi nahi dut. Niretzako euskal kulturak eta euskal hizkuntzak inoiz izan duen literatorik onenetarikoa da. Eta plagioaren berri honek, ekintza honek ez ditu itzaltzen bere lorpen guztiak, bere obra guztiak, bere poemak, bere kantak, bere sentsibilitatea, bere gaitasuna artea egiteko, ikusteko, topatzeko eta besteei zabaltzeko, helarazteko. Denok daukagu akats egiteko baimena eta beharra askotan ere, hauetatik asko ikasten delako. Ez dakit zergatik egin zuen hau, ez dakit benetan zekien momentu hartan zer egiten ari zen. Agian poema horiek itzuli egin zituen eta ondoren ez zen ohartu itzulpenak besterik ez zirela. Baina, hala ere, Rilke eta Riba itzultzen dituen norbait, beste maila batean dagoela onartu behar da, beste liga batean jokatzen ari dela, beste begirada bat duela, beste irekitasun bat duela. Hori aitortu eta esan egin behar da, ez dagoelako hainbeste pertsona euskalkultura barruan bi poeta hauek ezagutzen dituenik. Eta nik Xabier Leteren defentsa egin nahi dut alde batetik, baina bestetik euskal kulturari buruz hitz egin behar dela eta mahai gainera atera behar dela zein literatura gutxi dagoen euskaraz,zein gutxi irakurtzen den euskeraz, zein gutxi idazten den euskaraz, zein gutxidakien jendeak literatura klasikoari buruz, literatura unibertsalari buruz euskaraz. Kontu hau mahai gainera atera behar da eta horri buruz hitz egin behar da, eta ezin dena egin da plagio baten inguruan kristona sortu, eta beste guztia alde batera utzi, zeren beste guztia da nire ustez garrantzitsuena kasu honetan.

Berri honek agerian uzten duena da garrantzitsuena niretzat: daukagun maila artistikoa eta zehazki literatur maila oso baxua da. Eta Espainia mailan beste arlo gehienetan, ekonomia mailan, osasun mailan, ikasketa mailan, etab. batez bestekoaren gainetik gaude. Baina ikasketa maila ez da bakarrik matematika edo ingelesa ikastea, edo gazteleran sintaxia aztertzea. Ikasketak oso garrantzitsuak dira, karrera unibertsitarioak oso garrantzitsuak dira, baina horrek ez du kultura bat mantentzen, horrek ez du kultura bat sustentzen, horrek ez du kultura bat elikatzen. Eta euskal kultura sortu eta mantendu nahi baldin badugu, irakurri behar da eta idatzi behar da eta itzuli egin behar da. Eta liburuek hor egon behar dute, eta poetak irakurri behar dira, eta poesia eta abestiak euskaraz egin behar dira, eta hor egon behar dugu, eta hori ez da unibertsitatean ikasten, eta hori ez da ikastoletan ikasten, hori guk egin behar dugun esfortzu pertsonala da, baina ezinbestekoa. Esfortzu horrek zerikusi zuzena daukaeuskararen etorkizunarekin. Hizkuntza batek ez badu liburutegi erraldoi bat bere atzean, datozenei, etorriko direnei uzteko, irakurri dezaten, hizkuntza horretatik, kultura horretatik, arte horretatik edan dezaten, hizkuntza horrek ez du funtzionatuko, ez da biziko, hizkuntza hori ez da egongo. Jendea ez bada euskarazko poesia batekin emozionatzen edo jendeak ez badu euskaraz abesti bat entzuten, bai, agian kalean erabiliko du euskara, baina noiz arte geldituko da hizkuntza hori hor? Ez badu ezer uzten, ez badu ezer sortzen etorkizunerako, mantentzeko, irauteko. Hori gabe zer? Hori gabe nola?

Eta Xabier Letek utzi zuen, utzi du. Xabier Lete da eta izango da gure izarra zeruan. Idatzi zuelako eta sortu zuelako eta emozionatu gintuelako. Bestela, bere Habanera entzun besterik ez duzue, edo Izarren Hautsa berriro irakurri. Eta agian horrelaulertuko duzue zertaz ari naizen, zer esan nahi dudan. Eta nola, bere bizitzako momentu batean akats bat egin bazuen, denok egiten ditugunak bezalako akats bat, horrek ezin duela itzali berak euskal kulturara igorri zuen argia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.