Letrak, lehenak

2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Lehen letrak edozein eta hitz guztien lehen urratsak dira, esan nahi baita hitza baldintzatzen dutela. Ezin lehen letra ezberdinekin hitz bera idatzi, baina bai alderantziz, ohikoa da hitz ezberdinak lehen letra beraz hastea. Idaztea, entzutea edota irakurtzea. Edo pentsatzea. Gaurkoan bi lehen letraz arituko naiz. Bi lehen letra hasierari helduko diet. Tabernaren izena bat, bertako langilearena bestea.

Lehenengo tabernaren lehen letra «E» dugu eta «L» langilearena. Taberna txikia da, mahai gutxikoa, adeitsua, beti musika polita izaten duten horietakoa, kafe goxoa, pintxo egokiak. Etxetik hurbilena. «L» da langilearen izenaren lehen letra, emakumea, 50 urtekoa gutxi gorabehera, noiz eta norekin, eta zertaz, hitz egiten dakien pertsona. Argentinan jaioa eta gaztetan bere ama, aita eta anai-arrebekin Gipuzkoako herri batera bertaratua. Bere aita eta aitona-amonak guda zibila bukatu bezain laster Argentinara abiatutakoak frankismotik ihesi. Aitona Jose Antonio Agirre lehen Lehendakariaren esanetara ibilia «operazio berezietan», gudari ausarta, ezaguna oso bere garaian. «L» oraindik gogoratzen da nola txikitan bidaia luze baten ondoren familia osoa joaten zen han inguruko Euskal Etxera dantzariak ikustera eta txistulariak entzutera bazkaltzera eseri aurretik. Taberna hutsik dagoenean edo bezero gutxi eta distraituak «L» eta ni hizketan aritzen gara gustura. «E» konfiantzazko taberna daukat.

Hurrengo tabernak ez du zerikusirik aurrekoarekin, «B» handia da oso, barrualde oso zabala dauka, baita terraza ere. Eguraldi txarra egiten duenetan barruan leiho irekien ondoan egunkaria lasai irakurtzeko egokia. Musikan Sabino eta Francisco ohikoenak. Beti La Sexta jarria. Pintxo pila bat, urdaiazpikokoak goxoenak. Kafe ona ere bai. Bere lau hormak gogoko ez ditudan irudiz hornituta daude, bata bestearen pean, goian, edo aldamenean, torero famatu eta zezenketen irudiak, hain zuzen. Irudi zaharberrituak. Emaztea eta alabak ez dira inoiz sartu, ezta sartuko ere, ez bada begiak itxita.

«D» da langileen jefea eta agian tabernaren nagusia ere, gizon txikia, ile oso beltza, guztiz kizkurra, grazia handikoa, berritsua, beti txantxetan, oihuka hitz egiten duten horietakoa. Ia garrasika. Aspalditxo koltxoi saltzaile izan omen zen, baina susmoa daukat bere beste txantxa bat ez ote den. Bere garaian telebistan azaltzen zen Konstantino aurkezlearen itxura eta ahotsa omen dudala errepikatzen dit behin eta berriro. «F» dugu hirugarrena, terrazarik gabe ez litzateke ia ezer izango. «R» nagusia, emakumea eta irakurle amorratua, antzeko gustuak ditugu zer eta noiz irakurtzeko orduan. Hizketan iaioa, gaztea, kultua, ahots polita eta indartsua, jenio bizia duelakoan nago.

«A» enparantza handi batean dago kokatua, umeentzat parke egokia, ume eta aitona-amonentzat. «A»-k terraza oso handia dauka, umeak jolasten, gurasoak zerbait hartzen. Ez naiz inoiz barruan egon, beti terrazan, ez dut atsegin «E» nagusia, gizona zerbitzari handi eta gizena, bezeroekin beti koipekeria merketan aritzen dena, hitz jario txatxua. Betidanik mesfidantza sortu izan didana, nahiz eta, egia esan, inoiz motiborik ez eman. «B» da bestea, gorriz kanpoko aldetik margotua, Donostia osoan leudekeen klasikoenetan klasikoena izan daitekeelakoan nago, terraza polita, barrualde erakargarria eta trasteleku edo almazen gisa antolatutako beheko solairuan oso zabalean komunak. Mota askotako gilda bikainak antolatzen dituzte. «A» nagusia, neska gazte, jatorra, euskaldun berri saiatua, gaztedia nagusi bezeroen artean, «A»-ren aita laguna daukat oso aspalditik.

«I» dugu azkena, estima handitan dut. Nafarrak, Iruinarrikoak, amak eta seme-alabek eramaten dute eguneroko lana, familia langilea. «P» da ama, Nafarroako amabirjina baten izen klasikoa, Lizarra ingurukoa, hain zuzen. Ama jubilatzear, nekatuta omen hainbeste lan egin ondoren eta ahotsa jaitsiaz, etsituta, aipatu zidan pena eta tristuraz seme-alabek ez omen dutela jarraitzeko asmorik.

Lehen letrak. Izenak. Izanak. Direnak. Tabernak. Pertsonak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.