Liburuen erreketa berdintasunerako erakundean

Maite Erro
2011ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Hiru hilabete Etiopiako Tigray probintzian pasa ondoren (Etiopiako iparraldea eta herri horretako alde pobreena), non lankidetza proiektu baten aritu naizen, etxera itzuli naiz. Aipatu herrialde horretan bertako herritarrek kemen handiarekin esaten dute Etiopia garatzeko derrigorrezkoa dela ahal den ezagutza handiena eskuratzea; modu horretan, herri horrek lor dezake txirotasun egoera horretatik irtetea eta «garatutako» herrialdeek «karitatez» emandako laguntzatik ihes egitea.

Herrialde horretako haur batek ikasturte hasieran boligrafo bat eskuratzen du, eta berau galtzea izugarrizko drama da. Txiki-txikitatik haur horiei irakasten zaie eskolako material oro txukun zaintzen, eta ikasturte amaieran erabilitako materiala itzuli behar dute, hurrengo ikasturtean beste haurrek eskura dezaten.

Esan didate Euskal Herriko Berdintasunerako Defentsa Erakundeko webgunean zegoen informazioa murriztu egin dutela eta ezinezkoa dela hor zegoen dokumentu, argitalpen, informazio triptiko eta berdintasunerako eta diskriminazio aurkako Europako Batasuneko eta eskandinaviar herrialdeetako web loturak eskuratzea; material hori guztia internauten zerbitzurako ipinita zegoen. Adibidez, Genero Berdintasunaren Alorreko Lan Eskubideen Gida; Genero Berdintasuna Hitzarmen Kolektiboetan; Elkarte Gastronomikoen Garrantzia eta Eragina Gizartean; berdintasun eta diskriminazio ezaren adituen nazioarteko hiru mintegietako materialak zein Defentsa Erakundeak antolatu zituenak; beste batzuen artean, baita Tratu Berdinerako Behategia eta bertan zegoen informazio guztia ere. Haiekin batera, gainera, desagertu egin dira 2007, 2008 eta 2009ko Urteko Txostenak, Eusko Legebiltzarrean aurkeztuak, eta, azkenik, Berdintasunerako Defentsa Erakundeak beroni buruz irekitako hausnarketaren ekarpenak deritzon txostenak ere bide bera eraman du.

Laburbilduta, hauek guztiak emakumeen oinarrizko eskubideen ezagutza lantzeko materiala dira, eta Euskal Herriko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakundearen webgunetik desagertu dira. Non dago lotura historian zehar burututako «liburuen erreketaren» eta Defentsa Erakundean gertatutakoaren artean? Izan ere, termino hau, nahiz gogorra izan, ez da bakarrik aplikagarria liburuak desagertu edo suntsitzen direnean, baita edozein artelan edo informazio bilketa desagerrarazten denean ere (adibidez, irudiak, estuak, marrazkiak, grabaketak, pinturak, webguneetako edukiak, CDak, eta abar).

Historian zehar agintari politikoek eta erlijiosoek helburu batekin gauzatu dute «liburu erreketa»: pertsonen ezagutza murriztu eta iritzia kamustu. Praktika honen adibide ezagunetakoa 1933ko maiatzean gertatu zen: Alemaniako nazien liburu erreketa. Hala ere, badaude beste adibide ugari. Esaterako, 1821ean Heinrich Heinek honela zioen: «Liburuak erretzen diren lekuetan, pertsonak erretzen bukatzen dute». Honen inguruan, Sigmund Freudek zera esan zuen jakin zuenean bere liburuak erre zituztela:«Zenbat aurreratu dugun... Erdi Aroan ni neu erreko ninduten!».

Denok dakigu liburuen erreketak —gure kasuan emakumeen oinarrizko eskubideen dokumentuak desagerraraziz— historia luzea eta maltzurra duela; azken finean, zentsura erabakiekin lotuta dago, eta bere helburua ebidentzia historikoa eta iraganeko pentsamendua ezkutatzea da; eta pertsona intrantsigente eta fanatikoen jarrera eta portaeren adierazgarria da. Horren adibidea aurki dezakegu John Lennoni 1966an gertatutakoan: Beatlesek Jaungoikoa baino ezagunagoak zirela esan ondoren, taldearen diskoak erre egin zituzten. Liburuen erreketak eta bahiketak ere sarritan gertatzen dira diktaduretan: 1973ko irailaren 11n, Txileko kolpe militarraren ondotik, milaka liburu erre zituzten.

Oso zaila egiten zait horrelako ekintza politikoak XXI. mendean ulertzea, are gutxiago Euskal Herrian eta, gainera, «aldaketa» politikoaren izenean. Izan ere, duela urte gutxi arte gure herriaren giza garapen indizea Norvegia eta Islandiakoaren parekoa zen. Baina ulertezina egiten zait «hirugarren munduko» herrialdeak, Etiopia adibidez, ezagutza sortu, hedatu eta berenganatzen saiatzen ari direnean «lehen munduko» herrialdeetan, gurea barne, horrelako erabaki despotikoak eta autoritarioak izatea. Halaber, ezin dezakegu ahaztu Euskal Herriko Berdintasunerako Defentsa Erakundearen webgunean zegoen informazioa euskal herritarron diruarekin ordaindu zela, nahiz Erakunde hau gaur egun partzialki suntsitua edo desagertua dagoen, beronen sortze Legeari gertatuko zaion modura. Gauza bera esan dezakegu lan eskerga hau guztia egiten xahutu den esfortzu pertsonal eta intelektualari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.