Ikasturte berriarekin batera badatoz ate-joka Kilometroak eta Nafarroa Oinez, urriaren 4an, Usurbilgo Udarregi ikastolan eta hilaren 18an Elizondoko Baztan ikastolan, hurrenez hurren.
Urte asko dira ikastolak sortu zirenetik. Sorrera garai haietan herrietako guraso, irakasle, ikasle eta euskaltzaleak elkartu, batu egin ziren, auzolanaren bidez eta helburu jakin batekin: umeak euskaraz hezteko eredu propioa zuen ikastola sortzea.
Igaro diren urte hauetan guztietan gure hizkuntza eta hezkuntzaren egoera asko aldatu da, aurrerapausoak egin ditugu, baina ez dira behar adinakoak. Euskaraz bizitzera iritsi nahi duen herriaren atzean gizakiak gaude, eta etorkizuneko Euskal Herri euskalduna lortzeko euskarazko heziketa dugu oinarri. Gure haurrak euskaraz hezita, gure hizkuntza garatu eta hedatzea beren eskuetan izango dute.
Euskararen biziberritze prozesua momentu kritiko batean dago; euskararen egoera duela 50 urtekoa baino hobea da, baina are hobea izan behar luke, eta hori lortzeko Kilometroetako abestiak dioen bezala «Lotu, josi, heldu...» egin behar dugu, «harik-etan ari, harik eta behar den artean, ari, gattunka, edo gattunttuka».
Hamarkada asko daramatzagu «ikastola proiektuaren»alde lanean, bidean makina bat izerdi eta malko utziz. Sare publikoan ere, 30 urtez lanean, eskola publikoa hizkuntzaz eta edukiz euskalduntzeko ahaleginean, tinko, Hezkuntza Sistema Propioa eta, beraz, euskalduna, Euskal Herriko ikastetxe guztietatik eraikitzen, alegia. Denbora honetan guztian ez dira makalak izan Madrildik jasotzen ari garen kanpoko eraso bortitz eta asimilatzaileak.
Euskara eta euskal kultura Euskal Herriaren identitate ikur nagusiak dira, eta gure herritik mundua begiratzeko modua adierazten dute, hein batean. Euskal herritarrek euskaraz ikasteko eta egiteko eskubide osoa dute, eta esparru horretan hizkuntza eskubideen jabe dira. Salatzen dugu euskarak ez duela ofizialtasunik Euskal Herri osoan, eta gure helburu nagusietako bat da euskara oso-osorik ofiziala izatea gure nazioaren lurralde osoan.
Gaur egun Euskal Herri osoan (Iparraldean zein Hegoaldean) indarrean ditugun legeek eta planek, nekez ekarriko dute Euskal Herri euskalduna; beraz, inoren zain egon gabe guri dagokigu esku hartzea.
Beldurrik gabe aldarrika dezagun guk ez dugula onartzen inongo botere arrotzen esku sartzerik. Gure herriari dagozkion erabakiak berton hartu beharrekoak dira, hezkuntzaz eta hizkuntzaz, orainaz eta etorkizunaz. Euskal Herrian gure hezkuntza eredu propioa geuk erabaki nahi dugu (kalitatezkoa, berritzailea, inklusiboa, kohezitzailea, benetako heziketa integrala eredu izango duena, eta ez ezagupenen transmisio soila).
Agenda politikoan lehentasuneko gaitzat jarri behar ditugu hezkuntza eta euskara, eta ezinbestekoa den hizkuntza politika egokiagoak diseinatu.
Euskal Herriko ume eta gazteak euskaldun duin, eleaniztun eta burujabe izan daitezen lanean jarraitu beharko dugu.
'Lotzen gattunk, hari bat, ama bat', euskara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu