Bada modu eraginkor bat, zehatza, pertsonen eta, oro har, gizarteen kultura demokratikoa neurtzeko: erreparatzea zer-nola erantzuten duten jabetzen direnean bukatua zaiela orain arteko zuribidea, demokraziaren alde egiteko demokraziaren kontrako bitartekoak erabiltzeko zuribidea. Halako bitartekoak baliatzeak berak, argi eta garbi, nahiko informazio ematen digu dagoeneko; baina are argigarriagoa da, oraindik, horiei beren hartan iraunarazteko aitzakia. Eta horren adibide bikaina da Espainiako Gobernuaren erreakzioa, ETAk su-eten iraunkorra iragarri berri duela eta. Hainbat estatuk, hala nola Erresuma Batuak, baikor eta itxaropentsu hartu dute albistea, gatazka armatu baten ondorioak jasan behar izan baitituzte; agintari espainolek, ordea, despotismoaren mugan dagoen jarrera bat agertu dute. «Ez da nahikoa», esan dute. Eta lasai baino lasaiago geratu dira.
Horrek gogora ekarri dit behin batean hondartza batean ikusi nuen gertakizun bat. Gizon bat hizketan ari zen eguzkitako baten pean zegoen emakume batekin; semea, bospasei urteko mutikoa, uretara elkarrekin joango zirela agindua ziola gogorarazi eta gorarazi ari zitzaion gizonari. Aitak, ordea, ez zirudien mugitzeko gogo handirik zuenik, eta hainbat gauza eginarazten zizkion, denbora irabazte aldera. Lehenik, esan zion hartzeko kuboa eta pala, eta egiteko gaztelu bat. Eta mutikoak egin egin zuen. Oso gaztelu itsusia zen, baina egin egin zuen. Hurrengo, sarrerako ate bat egiteko eskatu zion; mutikoa ez zen ongi moldatu, eta ez zela nahikoa esan zion gizonak. Bainatu nahi bazuen, lehenik 31 flan egin beharko zituen; hileko egun bakoitzeko bat. Mutikoak, jakina, egin egin zituen, baina haietako bi gaizki eginda zeudela iruditu zitzaion aitari, eta, beraz, emaitza ez zela nahikoa. Mutikoak beste bi flan egin zituen, azkar-azkar, eta, orduan, aitak esan zion arau batzuk bete behar zituela, perfektuak behar zutela izan 31 flanek, akasgabeak. Alegia, nahikoa zela bat akastuna izatea, berrirotik hasi behar izateko. Mutikoak, lehen baino tentu handiagoz eta askoz denbora gehiagoan arituta, beste 31 flan egin zituen, eta, bukatutakoan, emaitzarekin pozik, irribarretsu erakutsi zizkion aitari. Hark, baina, ez zuen mugitzeko asmorik, eta flan bakoitzari korridore bat egin beharko ziola esan zion, aurrealdea eta atzealdea lotuta izan zezaten. Harea ez zegoen behar bezain hezea, ordea, eta mutikoak ezin zuen korridore bakar bat ere egin, eta, haserretuta, ordura arte egindako guztia eraisten hasi zen. Garaitzaile begiratu zion aitak semeari, eta emakumearekin hizketan segitu zuen.
Ezker abertzaleak dagoeneko esana du «indarkeria mota ororen —ororen— kontra» dagoela. Baina esaldi hori ez da nahikoa, eta ez da sekula izango, bozak irabaztearren euskal gizarteko sektore bat kriminalizatu eta isilarazi beharra daukan inoren ustez. Izan ere, antza denez, ETAren indarkeriari erreferentzia espliziturik egiten ez dion ezein esaldik ez du inolako baliorik. Bai, badakigu edozein demokratak ezin hobeto dakiela «indarkeria mota oro» kondenatzeak —nonahitik ere datorrela— bere barruan hartzen duela ETAren indarkeria ere; baina ez PSOEk ez PPk ezin dute halakorik onartu, onartuko balute Patxi Lopez ez bailitzateke gaur lehendakari izango.
Hala ere, Espainiako Gobernuak erdeinuz hartuagatik, begien bistakoa da agiriak berebiziko garrantzia duela, hainbat arrazoirengatik. Hirugatik, gutxienez. Lehenik, ETAren beraren barne gogoeta baten emaitza gisa sortua delako; bigarrenik, modu esplizituan esaten ez badu ere, armei behin betiko agur esatea dakarrelako; eta, hirugarrenik, agirian adierazitako puntuetako batek jarrera aldaketa garbi eta garrantzitsu bat adierazten duelako. Honela dio bigarren puntuan: «Euskal eragile politiko eta sozialei dagokie Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortzaren formulazioa adosteko akordioak erdiestea, proiektu politiko guztiak ahalezko eginez, independentzia barne». Bestela esanda: ETAk uko egiten dio berak ezartzeari dena delako akordioak, eta eragile politikoen esku uzten du zeregin nagusia. Eta, gainera, konpromisoa hartzen du «erdietsiko diren akordio horiek eta euskal herritarrek erabakitakoa errespetatzeko».
Badakigu Alfredo Perez Rubalcabak jendaurrean barre egin diela Bakearen Nobel saridunei, Espainiari hitz egiteko eta keinu demokratikoak egiteko eskatu diotelako —esate baterako, presoen sakabaneta amaitzeko—. Nolanahi ere, batetik, ETAk jakin beharra dauka amaitu dela borroka armatua; eta, bestetik, Espainiako Gobernuak onartu beharra dauka ez dagoela inori demokrazia lezioak emateko moduan —diru publikoaz finantzatutako talde terrorista bat sortu baitzuen bere garaian—. Benetako zuzenbide estatu batek, besteak beste, ez ditu hautesle zerrendak baliogabetzen, bozak irabazteko eragozpen zaizkiolako; ez gizarteko sektore bat isilarazten, politika ordezkaritzarik gabe uzteraino; ez eta inongo alkaterik zazpi urtean gaitasunik gabe uzten, AHTaren inguruko toki galdeketa bat egite hutsagatik. Halako kontuek erakusten dute, kultura demokratikoaren gabezia ezinago larria duela Espainiako Gobernuak; eta niri neuri pentsarazten didate ezker abertzaleak ezin izango duela parte hartu datorren maiatzeko udal bozetan, irrika handiz hala nahi izanagatik. PSOEri eta PPri ez zaie interesatzen, eta hondartza hartako mutikoaren aitak egin zuen berbera egingo dute. EAJk, berriz, eginkizun ezinago garrantzitsua bete dezake eta bete beharko luke auzi honetan. Hala bete beharko luke, inork pentsa ez dezan anomalia horri etekina atera nahi diola bozetan, eta, jakina, demokrazian uste osoa izanez gero hala behar duelako.
(Erredakzioan itzulia)
M-22 boz isilaraziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu