M-8. Emakume ijitook nola bizi dugu zaintza?

Tamara Claveria
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Emakumeen Nazioarteko Egunak emozio anbibalenteak pizten ditu feminista ijitoongan. Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak (Amuge) ilusioz parte hartzen du manifestazioaren antolaketan, Bilbo Feminista Saretzen plataformaren barruan. Bereziki aurten; izan ere, Gure Golé abesbatzan Zutik emakumeak ereserkiaren flamenko bertsioa prestatu baitugu.

Alabaina, emakume ijito gehienei kosta egiten zaie mobilizazioetan parte hartzea. Gure herriak jasan duen jazarpen historikoaren ondorioz, barneratu dugu protestatzeak eta espazio publikoa okupatzeak sistema arrazistaren zigorra dakarrela. Are gehiago, memoria kolektibo horren ondorioz, zaila da guretzat sinestea manifestazioek gure bizitzetan aldaketak lortzeko balio dezaketela.

Hala eta guztiz ere, Martxoaren 8an ikusgai izan nahi dugu eta mugimendu feministari ekarpena egin nahi diogu: arrazakeriaren kontrako borroka txertatzea haren diskurtso eta praktiketan. Horretarako, ezinbestekoa dugu emakume arrazializatuen eta, zehazki, ijitoen errealitateak ezagutzera ematea.

Gure feminismo dialogikoak auzian jartzen du emakume subjektu unibertsalaren kategoria politikoa. Euskal Herriko Mugimendu Feministak asmo intersekzional horrekin bat egiten badu ere, praktikan emakume zurien ikuspegia gailentzen da. Hala, gure rola izan ohi da feminismo ijitoaren zertzeladaren bat ematea gure lehentasun politikoekin eta gure premiekin bat ez datozen gaiei.

Aurten, Bilbo Feminista Saretzen-ek zaintza-sistema publiko baten defentsan oinarritu du bere komunikatua. Jakina, feminista ijitook aldarri horren garrantzia ulertzen eta berresten dugu; alegia, pertsona guztiek zainduak izateko eskubidea dutela eta zaintzan diharduten langileen eskubideak bermatu behar direla (botere-harreman sexistek, klasistek eta arrazistek zeharkatzen duten sektorea dela kontuan hartuz). Halaber, ezarritako genero-rolak eta emakumeek zaintzeko duten betebehar historikoa zalantzan jartzen ditugu. Gainera, gai hau aukeratu izanak zaintzaren inguruko askotariko diskurtso feministak ezagutzeko eta Amugen eztabaidatzeko balio izan digu.

Edonola ere, komunikatuan jasotako analisi eta eskaera asko emakume ijitoen errealitatearekin bat ez datozenez, garrantzitsua iruditu zaigu kontatzea nola ulertzen eta bizi dugun guk zaintza. Gure familiak oraindik ere zabalak direnez, ez dugu ekonomia feministak aipatzen duen zaintza-krisia horrenbeste sumatzen. Gure artean antolatzen gara, norbait gaixorik dagoenean, bere familia osoa laguntzeko, zainketak itogarriak izan ez daitezen.

Gainera, adinekoekiko errespetua lehentasunezko balioetako bat da ijitoen kulturan; adinean aurrera egin ahala, gure Osaba eta Izekoen (hala izendatzen ditugu) aitorpen eta balio soziala handitu egiten da. Horregatik, harrigarria egiten zaigu ijitoak ez diren pertsona nagusi asko bakardadean edo babesgabe daudela ikustea. Gure gurasoek autonomiarik ez dutenean, ohikoena da gure etxeetakoren batera etortzea bizitzera; edo neba-arreba gaztea zein etxerik gabea beraiekin bizitzera joatea.

Horrez gain, gure familietan adinekoen zainketak sexuaren arabera banatzen ditugu: hau da, emakumeok gure amak, amamak edo izebak zaintzen ditugu, eta gizonek beren gizonezko senideak artatzen dituzte. Harrigarria irudituko zaizue, baina gure gizonak (genero-antigitanismoak patriarka matxista gisa karikaturizatzen dituenak) hazi egin dira jakinda beren familiako adinekoak zaintzea ardura eta harrotasuna dela.

Hori guztia kontuan izanik, adinekoei edo mendekotasun-egoeran daudenei arreta emateko doako eta kalitatezko baliabide publikoak eskatzen ditugu, nahiz eta ez dagoen ia ijitorik egoitzetan bizitzen. Eguneko zentroak eta etxez etxeko laguntza-zerbitzua ere gutxi erabiltzen ditugu, soilik premia bereziak dituzten senideak ditugunean (alzheimerra, dementzia, adimen-desgaitasuna) edo familiako kide guztiek etxetik kanpo lan egiten dutenean.

Adineko emakumeei dagokienez, gure aldarrikapen nagusia diskriminazio espezifiko bat amaitzea da: estatuak alarguntza-pentsioa ukatzen die, ijitoen ezkontzari balio zibilik aitortzen ez diolako. Gainera, 65 urtetik gorako ia emakume ijito guztiek kotizazio gabeko pentsioa kobratzen dute, ez dutelako lan-merkatuan sartzeko aukerarik izan; etxetik kanpo lan egin dutenek, ekonomia informalean edo norberaren kontura lan egin dute.

Izan ere, emakume migratu askorentzat (arrazakeria instituzional eta sozialaren eraginez) etxeko lana edo zaintza-lana irteera bakanetako bat den bitartean, guk barneratu dugu ezin dugula sektore horretan lan egin, inork ez lukeelako emakume ijito bat etxean sartuko. Adinekoak zaintzen lan egin duen emakume ijito bakan bat ezagutzen dugu, eta familiak ijitoa zela jakin zuen bezain laster kaleratu zuen.

Halaber, lehen haurtzaroko zainketak bizitzeko modu desberdina daukagu. Haurtzaindegien doako eskariaren aldekoak gara, baina ijito-familia gehienek ez dute horietara jotzen. Horregatik, gure aldarri nagusiak hurrengoak dira: jaiotze baimenak unibertsalak izatea (egun, kotizatzen ez duten gurasoek ez dituzte kobratzen), eta gutxienez urtebetekoak. Badakigu azken horrek eztabaida intrafeminista handia piztu duela (zainketen banaketa sexista sakonduko lukeelakoan), baina defendatzen dugu modu intentsiboan zaintzea erabakitzen duten emakumeek ere babes ekonomikoa izan behar dutela. Aldi berean, gurasoen arteko erantzunkidetasuna da gure maskulinitateen taldean parte hartzen duten gizon ijitoak lantzen ari diren gaietako bat.

Amugen defendatzen dugun feminismoak arrazakeriaren eta kapitalismoaren aurka egiten du. Zentzu horretan, zaintza sistema publiko batek kultura aniztasuna errespetatzeaz gain, Euskal Herrian bizi diren familien egoera eta beharren aniztasuna kontuan hartu behar duela azpimarratu nahi dugu. Baina, gainera, uste dugu feminismoak irudikatzen duen zaintza-sistema publikoaren ardatza ez lukeela soilik izan behar zainketa lanen kanpora ateratzea. Alegia, doako figura profesionalen aukera onartzen badugu ere, alternatiba komunitarioak sendotzearen aldekoak gara. Agian, ijito-herriaren balioetatik eta mundu-ikuskeratik zerbait ikas dezake ekofeminismoak «bizitza erdigunean» aldarria gauzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.