Maiatzaren 29a Nafarroan

José Luis Díaz Monreal eta Patxi Erdozain Beroiz
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Bete-betean asmatu zuen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 29a pentsio publiko eta duinen aldeko borroka egun bihurtzeko ekimenarekin aurrera egitea erabaki zuenean. Pentsio lotsagarriak baitaude, zeinekin zail den hil amaierara iristea. Eta zer esan alarguntasun pentsioez edo etxekoandreak erabat baztertuta uzteaz, bizitza osoa senarra eta seme-alabak zaintzen eman eta azkenean bikotekidearen pentsioa besterik ez dutenean?

Pentsioetarako dirurik ez dagoelako aitzakiarekin, aspalditik ari dira haiek pribatizatzeko terrenoa prestatzen, denborarekin publikoak ongintza pentsio bihurtzeko. Eta hara non datorren Europako Batasuna ere, funts europar sonatuen dirua emateko baldintza jarriz, besteren artean, pentsioak erreformatzea. Ez genuen besterik behar!

Eta bete-betean asmatu dute ekimena gizarte osoaren esku utzita, ez soilik pentsiodunen esku, etorkizuna are eta beltzagoa baita hurrengo belaunaldientzako. Ekimenaren berri Estatuko gainerako pentsiodun plataformei ematean ere asmatu dute, protesta oihua bera izan dadin herri guztietan.

Gure konpromisoa da hemen, Nafarroan, eguna historikoa izatea, duela hiru urte paseko mobilizazioak historikoak izan ziren hein berean, siglez gaindiko mobilizazioekin %0,25a eraitsi genuenekoak; nazka-nazka eginda baitzegoen jendea.

Baina, gaur-gaurkoz, pentsiodunen Nafarroako elkarte gehienek ez dute babesten deialdi hori. Eta horrek batasunaren gaira garamatza, denon nahia izanik ere praktikan lortzen hain zaila dena. Eta hilarri-hizkerako esaldi hura gogora ekartzen diguna: «Kulparik ez duenak bota dezala lehen harria». Argi izan behar dugu, denok, banatuta garaitzen oso errazak garela, baina batuta, lortzen dugunean, garaiezinak izango garela. Zein gobernuk egin diezaieke entzungor milioika boto-emaile jubilaturen protestei? Bakar batek ere ez.

Baliteke erakunde batzuentzat edukia izatea biharko egunerako batasuna zailtzen duena, beste batzuentzat ez, eta harmonia onean akordio batera iritsiko ginatekeen, aurrez egin izan dugun gisan. Oinarrian ez badugu Nafarroako errealitate soziologikoa jartzen, errealitate anitza non aukera nazional eta sozial desberdinak gurutzatzen diren, zail da batasunean aurrera egiten.

Itxaropenez ikusten dugu hainbat herritan jubilatuen arazoak konpontzeko erretiratu jendea elkartzen ari dela, siglez landa. Talde hauen arteko harremanetik eta elkarlanetik sortu daiteke Nafarroan mugimendu zabal, anitz eta autonomo bat.

Orain, kontua da siglak ahaztu eta bihar, maiatzak 29, kaleak betetzea, gure erreibindikazio zuzenak entzuteko; ez soilik pentsiodunenak, herri osoarenak baizik, den-denok asko baitugu jokoan: guztioi eragingo digute gobernua hurrengo hilabeteetan hartzeko prest dagoen neurriek.

Gure ahotsek bat egin dezatela Estatuko beste herrietakoekin, soilik horrela salbatuko baitugu pentsio publiko eta duinak bermatuko dituen Pentsio Sistema Publikoa.

Elkar ikusiko dugu bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.